
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak positiboki baloratzen ditu Euskadi 2030 ZTBPren aurrerapenak
- Kontseiluak Euskadi 2030 ZTBPren lehen jarraipen-txostena onartu du, Aginte Taulako adierazleen 11 hobekuntzekin
- 2021ean, nabarmentzekoa da I+Gko inbertsioen hazkundea eta horrek ezagutzaren arloko enplegu intentsiboan duen eragina
- 2022an biderkatu egin da Europaren Horizontean EAEk duen parte-hartzea: 333 proiektu berrik ekarriko dute Euskadira ia 229 milioi euro.
- Next Generation – MRR funts europarren egoera aurkezten da, non Eusko Jaurlaritzak bere eginkizun estrategikoa hobetu nahi duen
- Eusko Jaurlaritzak % 12 handitu du I+G+b bultzatzeko programen aurrekontua 2023an
Iñigo Urkullu Lehendakaria Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren buru izan da. Kontseilu hori Euskadin I+G+b babesteko politikak orientatzeko, aholkatzeko eta sustatzeko organoa da. Bileran, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP Euskadi 2030) ezartzeko garatu diren jardueren balantzea aurkeztu da.
Lehendakariak adierazi du Herri Plana dela, guztiok batzen gaituena Euskadi berrikuntzaren arloan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzeko helburu komunean.
Gaineratu duenez, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren aldeko apustua eta konpromisoa argia da, eta ziur gaude ikerketak eta berrikuntzak etorkizuneko erronka horiei aurre egiten lagunduko dutela. Gure egungo posizioa ona da. Euskadi Berrikuntza Handiko eskualdeen eta herrialdeen artean mantentzen da, eta I+Gn, enpresa-berrikuntzan eta Europako funtsen itzulketan inbertitzen duen Estatuko lehen Autonomia Erkidegoa da.
Lehendakariak, amaitzeko, berrikuntzarekiko konpromiso partekatuari eta lankidetza indartzeari dei egin du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua osatzen duten pertsona zein erakunde guztietan islatuta daudenak.
Kontseiluak Euskadi 2030 ZTBPren lehen jarraipen-txostena onartu du, Aginte Taulako adierazleen 11 hobekuntzekin
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin egindako txostenak laburbiltzen duenez, helburu operatiboen betetze-maila positiboa da 2021ean, 18 adierazleetatik, 11 hobetu dira. 6k 2023rako ezarritako helburua ere gainditu dute.
Txostenaren ondorio nagusien artean honako hauek daude:
- Policy mixak 85 laguntza-programa izan zituen, eta 394 milioi euro mobilizatu zituzten 2021ean: 119 milioi euro zientzia-bikaintasunean, 180 milioi euro industria-lidergo teknologikoan, 59 milioi euro berrikuntza irekian eta 37 milioi euro talentuan.
- RIS3 arloetako I+G inbertsioak urte horretan egindako inbertsio osoaren % 74 izan ziren 2021ean, eta % 11,1 hazi ziren 2019ko datuarekin konparatuta. Inbertsio osoaren bi heren Industria Adimendunaren, Energia Garbiagoen eta Osasun Pertsonalizatuaren lehentasun estrategikoetara bideratu ziren.
- Pilotaje taldeak berrantolatu dira, eta ekimen eta proiektu estrategikoak eta nazioarteko posizionamenduan egindako aurrerapenak nabarmendu dira. Azpimarratu behar da, halaber, Zeharkako Trakzio Ekimenak abiarazi direla Zahartze Osasuntsuaren, Mugikortasun Elektrikoaren eta Ekonomia Zirkularraren arloan.
- I+Gko inbertsioak finantzatzeko baliatutako baliabide ekonomikoak 1.647 milioi eurora iritsi dira 2021ean Euskadin, serie historikoaren maximoa, eta 2030erako ZTBPren aurreikuspenak baino ia % 10 handiagoa.
I+Gko inbertsioen hazkundea eta ezagutzako enplegu intentsiboan duten eragina nabarmentzen da 2021ean
2021eko 2030erako ZTBPren Aginte Taulako adierazleen hobekuntzan, honako aurrerapen hauek nabarmendu ziren:
- I+G+b emaitzetara bideratzean, ezagutzako enplegu intentsiboa % 20,1era arte hazi zen (5 enplegutik 1 ezagutza intentsiboan izan zen), eta argitalpen zientifiko aipatuenak % 17,94raino igo ziren.
- I+G+b-ko jardueraren sustapenean, I+G-ko inbertsioa % 10,5 hazi zen aurreko urtearen aldean, enpresen finantzaketak bultzatuta, 1.647 milioi eurora iritsi arte; aldi berean, enpresa berritzaileak % 40,48raino hazi ziren. Babes intelektualean 223 patente europar, 441 marka komertzial eta 88 diseinu komunitario eskatu ziren.
- Euskal I+G+b nazioartekotzearen sustapenean, lankidetzan egindako argitalpen zientifikoak 1.953 izan ziren. Nazioarteko finantzaketa ere 131 milioi eurora arte hazi zen, nahiz eta Horizonte 2020 esparru-programaren azken urtea izan.
- Talentu zientifiko-teknologikoaren sustapenean, % 29,68ra arte hazi ziren graduko STEM titulazioetarako sarbide berriak, eta ikertzaile doktoreen ehunekoa, berriz, % 30,55era arte igo zen. Bestalde, ikertzaileen artean emakumeen ehunekoa pixka bat jaitsi zen, % 36,25eraino.
Euskadik Horizonte Europan duen partaidetza biderkatu egin da 2022an, 333 proiektu berrik 330 milioi euro ekarriko baitituzte Euskadira
2021ean Horizonte Europa abiarazi ondoren, Europako Batzordearen ikerketa eta berrikuntzarako esparru-programa berria, 2022an hasi ziren lehen kontratuak sinatzen. Urte horretan 333 proiektu europar berri onartu ziren, euskal partaidetza izan zutenak eta Euskadirentzat ia 230 milioi euroko itzulera suposatuko dutenak. Proiektuen kopurua bider 3 hazi da, eta finantzaketa bider 4, aurreko urtearekin konparatuz.
Nabarmentzekoa da programa berrian euskal partaidetza duten proposamenen ehuneko handia, % 23,8ra iritsi baitzen, nabarmen handiagoa, Europako batez bestekoa (% 16,64) edo Estatukoa (% 19,26) izanik.
333 proiektuetan 523 euskal erakundek parte hartu zuten, gehienak ikerketa-erakundeek (% 54), gero enpresek eta irabazi asmoko bestelako erakundeek (% 29) eta goi-mailako irakaskuntzako erakundeek (% 11).
Next Generation – MRR funts europarren egoera aurkezten da, non Eusko Jaurlaritzak bere eginkizun estrategikoa hobetu nahi duen.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023. urtea funtsezkotzat jo du Eusko Jaurlaritzarentzat, baina baita EAEko enpresa-, zientzia-, teknologia- eta gizarte-erakunde eta -eragileentzat ere.
Orain arte, Next Generation – MRR – funtsen zati txiki bat baino ez da banatu; beraz, 2023. urtea urte estrategikoa da ekoizpen-sarean hedatzeko. Euskadik 1.568 milioi euro eskuratu ditu, hau da, banatutako funts guztien % 5,2.
Funts horietatik 309 milioi I+G+b sustatzeko dira. Eusko Jaurlaritzak horietatik ia 36 milioi kudeatzen ditu, ikertzaileak txertatzeko programa bati eta Zientzia eta Teknologiako 5 Plan Osagarriri esleituta, energiari eta hidrogeno berdeari, osasunari aplikatutako bioteknologiari, materialei, biodibertsitateari eta komunikazio kuantikoari dagokienez. Gainerakoa, 274 milioi euro inguru, enpresa eta eragile zientifiko eta teknologiko publiko eta pribatuek hartu dute, hau da, Estatu osoan I+G+b arloari esleitutako MRR funts guztien % 8,2.
Eusko Jaurlaritzak % 12 handitu du I+G+b bultzatzeko programen aurrekontua 2023an.
Eusko Jaurlaritzaren funts publikoek trakzio-izaera dute, eta inbertsio pribatuaren palanka izan nahi dute, I+Gko inbertsioen arloan Europako mailetara iristeko. Printzipio horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren I+G+b laguntzeko aurrekontuak % 10 baino gehiago hazi dira 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan, 2030eko ZTBPn hitzartutako % 6tik gora
Eusko Jaurlaritza inbertsio-ahalegin horri jarraipena emateko lanean ari da, Euskadirentzat etorkizuneko apustu estrategikoa dela uste baitu. Ildo horretan, 2023an % 12 handitu ditu I+G+b sustatzeko partidak.