Eman odola!
qrcode

Arriolak uste du Europar Batasunak esku hartu behar duela eta erantzukizunak eskatu behar dituela Frantziako Gobernuak abiadura handiaren arloan egindako atzerapenen aurrean

2023-03-20

Europar Batasunak Frantziako Gobernuak Atlantikoko korridorean abiadura handia bultzatzeko egiten dituen atzerapenen aurrean “esku hartu behar du erantzukizunak eskatzeko”, Batasunaren plangintza estrategikoari eragiten baitiote. Hala adierazi du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketa batean.


Elkarrizketa horretan, sailburuak positibotzat jo du Korridore Atlantikoa garatzea nahi duten lurraldeen artean “interes-batasuna egotea, elkarrekin eta koordinatuta aurrera egin behar” delako. Arriolak adierazi duenez, aurrerapen horien helburua ez da Espainiako Gobernua konbentzitzea, dagoeneko ziur baitago horretaz. Ildo horretan, Euskadiko Garraio arduradunak nabarmendu du helburu hori dutela bai erkidegoek bai Gobernu Zentralak, eta martxoaren hasieran aurkeztu ziela arloko sailburuei korridore atlantikorako ordezkari berria.


Arriolak kezka agertu du Frantziako Gobernuaren jarreragatik; izan ere, arazoa ez da gobernu horrek ez dituela betetzen erkidegoek edo Gobernu Zentralak ezarritako aurreikuspenak, EBk ezarritakoak baizik. Izan ere, EBk trenbide-korridorea ezarri du estrategikotzat, eta data bat ezarri du horretarako: 2030. “Ez da Espainiaren eta Frantziaren arteko aldebiko arazoa, Europar Batasunaren dimentsioko gaia baizik”, azaldu du.


Trenbide- eta tranbia-azpiegiturak bultzatzea
Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten jarraitzen du Euskadin trenbide eta tranbia azpiegituretan. Ildo horretan, azaldu du Gasteizko Salburua auzorako tranbia apirilaren 11n jarriko dela martxan, hainbat proba eta martxa zuriren – bidaiaririk gabe – ostean, herritarrentzako doako jardunaldi batekin.


Abiadura handiari dagokionez, sailburuak azpimarratu du gaur egun “borondate politikoa” dagoela azpiegitura hori bultzatzeko, eta nabarmendu du lanean jarraitzen dutela 2027an obrak amaitzeko, “borondate politikoa eta inbertsio-ahalegina baldin badago”. Hori Gasteizko eta Bilboko sarbideetarako behin-behineko irtenbideekin emango litzateke, behin betiko konponbideak konplexuak baitira, eta horien tramitazioa, azpimarratu duenez, aurrera doa. Arriolak laburbildu duenez, legegintzaldi hau “emankorra” izaten ari da abiadura handiko trenari dagokionez. Gipuzkoako adarra Euskal Trenbide Sarea (ETS) ari da egiten kudeaketa-gomendio baten bidez. Azken faseetan sartzen ari da Hernani-Astigarraga tartean, eta aurrera doa Donostiako Atotxako geltokian.


Aldiriko trenak transferitzea

Sailburuak adierazi du aldiriko lineak transferitzeko negoziazioek aurrera jarraitzen dutela, baina gogorarazi du Renfek zerbitzua kudeatzen jarraituko duela 2028ra arte, indarrean dagoen kontratua dela eta. Era berean, azpimarratu du “beharrezkotzat” jotzen dituela Sailak Adifen konpromiso inbertitzaileak, zerbitzuan hobekuntzak sartzeko. “Transferentzia iristen denean ahalik eta baldintza onenetan izatea nahi dugu, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua kudeatu ahal izan dezan”, laburbildu du.

Prezioak berrikustea
Sailburuak azaldu duenez, fabrikazio-kostuak “asko garestitzen ari dira”, eta horrek “nolabaiteko ezegonkortasuna” eragiten du eraikuntza publikoan, baina adierazi du Sailaren 28 bizitegi-obretatik bederatzitan indarrean dagoen araudia erabili dela, prezioa berrikusteko aukera martxan jarriz, bost milioi euroko inbertsio gehigarriarekin. “Ez gara lizitazioetan enpresarik gabe geratzen, baina  prezioak berrikusteko lan bat egiten ari gara proiektuak lizitaziora atera aurretik, azpimarratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak