Eman odola!
qrcode

EAEko 16 urtetik gorako gazteen 74,5 euskalduna da, duela 30 urte baino 49,5 puntu gehiago

2023-03-20
  • Euskaldunen kopurua ere 12 puntu hazi da azken 30 urteetan. Hiru lurraldeetan egin du gora ezagutzak
  • 16 urtetik gorako herritarren % 67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago
  • Zupiria sailburuak adierazi duenez inkestaren datuek “berresten digute gizarteak euskararen alde egindako apustua sendoa izan dela eta sendoa izaten jarraitzen duela gaur egun ere” 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak aurkeztu ditu gaur. Donostian, Tabakaleran, egin den prentsaurrekoan Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek parte hartu dute.

2021ean egindako Inkesta Soziolinguistikoa herritarren datu aitortuetan oinarritzen da, eta lehen Inkesta Soziolinguistikoa 1991koa denez, gaurko prentsaurrekoak balio izan du azken hiru hamarkadatan euskarak EAEn izan duen ibilbidea zein den argitzeko. EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleria izaten da inkestatua. Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasotzen ditu:

  1. Herritarren hizkuntza-gaitasuna
  2. Hizkuntzaren transmisioa
  3. Euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, eremu formaletan…)
  4. Euskararen sustapenari buruzko jarrera

EAEn gaur egun duela 30 urte baino, 1991. urtean baino, 261.000 euskaldun gehiago daude, hau da euskaldunen kopuruak 12 puntuko hazkundea izan du azken 30 urte hauetan (24,1etik 36,2rakoa). Gaur egun 16 urtetik gorako biztanleen % 36,2 da euskalduna, % 18,6 euskaldun hartzailea eta % 45,3 erdalduna.

Sexuari dagokionez, emakumezkoen artean % 36,5 da euskalduna eta % 35,8 gizonezkoen artean.

VII. Inkesta soziolinguistikoak argi erakusten du euskal hiztunaren profila gaztetu egin dela azken hogeita hamar urtean. Euskaldunen ehunekorik handiena 16-24 urte bitarteko gazteen artean dago. Izan ere, 16 eta 24 urte bitartekoen %74,5 da euskalduna, 1991n, berriz, %25a zen. Zupiria sailburuak adierazi duenez “edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon litekeen daturik onena da gazte-belaunaldiak euskara ezagutzea. Hizkuntza-ordezkapena iraultzen ari denaren adierazle nagusienetakoa da”. Orain dela 30 urte adin-talderik euskaldunena zena, 65 urtetik gorakoena, gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da (% 22,1 euskaldun).

Zupiriak azaldu duenez “euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntza sistemaren bidez edota euskaltegien bidez jaso dute euskara. Eskolaren eta helduen euskalduntzearen eragina nabarmen sumatzen da datu hauetan. Gizarteak azken hiru hamarkada hauetan egin duen apustu sendo baten adierazlea ere bada hau guztia”.

Igoera orokorra

VII. Inkesta Soziolinguistikoak adierazten duenez euskaldunen igoera hiru lurraldeetan gertatu da. Gipuzkoan dago euskaldun gehien: % 51,8 (hamarkada batean, 2 puntuko igoerarekin); ondoren Bizkaia dago (% 30,6; 5 puntuko igoerarekin) eta gero Araba (% 22,4; 6 puntuko igoerarekin).

Euskaldunen taldean arreta jarrita, EAEko euskaldunen erdia baino gehiago (% 55,4) gune soziolinguistiko erdaldunean edo nahiko erdaldunean bizi da, hau da, lehenengo eta bigarren eremu soziolinguistikoetan (Sestao, Barakaldo, Irun…). Eta aldiz, gune euskaldunetan, hirugarren eta laugarren eremu soziolinguistikoetan % 44,7.

Euskararen erabilera

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen adierazten dutenez, euskararen erabilerak ere gora egin du. Biztanleen % 21,9k hitz egiten du euskaraz erdaraz beste edo gehiago. Guztira, 412.821 biztanle 2021ean eta 271.121 orain dela hogeita hamar urte (6,4 puntuko igoera azken 30 urtean). Igoera hori hiru lurraldeetan ez ezik, hiru hiriburuetan ere gertatu da.

Adin tarteari begira, ezagutza datuekin adierazi bezala, euskara erabiltzen dutenen ehunekorik handiena gazteena da (% 33,5) eta txikiena 65 urtetik gorakoena (% 16,7).

Biztanleria gehien bizi den gunetan gertatu da igoera hau (lehen, bigarren eta hirugarren gune soziolinguistikoetan: 4,4 lehenean; 6,4 bigarrenean; 7,3 hirugarrenean), eta gehienbat herri txikiz osatutako laugarrenean jaitsi da erabilera (-9,7). Aldaketa honetan eragina izan du besteak beste, lurralde barruko zein kanpoko mugikortasunak.

Hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreen artean nagusienak izan ohi dira hizkuntza erraztasuna eta harreman sarea. Baldintza horiek batzen direnean izan ohi da euskara erabiltzeko aukera gehien. Hala, erabilera esparruak ere aztertzen dira inkesta soziolinguistikoan eta ikusi da testuinguru formal zein informaletan egin dela gora.

Udal zerbitzuetan egiten da gehien euskara (% 27,4). Ondoren, lankideen artean (% 26,8); gero, osasun zerbitzuetan (% 23,1) eta lagun artean % 22,1. Datu hau ere adierazgarria da bereziki Administrazioaren aurrean euskararen alde egiten den hautua gero eta euskararen aldekoagoa dela adierazten duelako.

Euskararen transmisioa

Familia bidezko euskararen transmisioari dagokionez, gora egin du bai bikote euskaldunetan baita bikote mistoetan ere. 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren portaera nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Transmisio hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.

Guraso biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 98k euskara soilik transmititu du etxean eta % 2k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, % 84k euskara eta erdara transmititu ditu eta % 16k erdara.

Gurasoa ama ala aita izan, aldea dago sexuaren araberako transmisioan. Ama edo aita soilik euskalduna den kasuan amen % 49,9k transmititzen du euskara eta erdara eta aiten % 41,7k euskara eta erdara.

Euskararen aldekotasun handia

EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 26,3 ez alde ez aurka eta % 6,8 aurka. Horrela, euskara sustatzearen aldeko jarrerak gora egin du azken 30 urteotan. 1991ko eta 2021eko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 12 puntuko hazkundea izan du (2021ean % 67 eta 1991an % 55).

EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 74,7k uste du Administrazioan sartzeko euskara jakin beharko litzatekeela; % 89,3k haur guztiek euskara ikasi beharko luketela, eta aldiz, %49,3k irrati edo telebistek programa gehiago eman beharko lituzketela euskaraz.

Zupiria sailburuak adierazi duenez “Euskararen legeak, gizartearen aldeko adostasunak eta ibilbidean jarritako baliabide askotarikoek lagundu dute euskararen biziberritze prozesua positiboa izan dadin. Datu hauek berresten digute gizarteak euskararen alde egindako apustua sendoa izan dela eta sendoa izaten jarraitzen duela gaur egun ere”.

Inkesta soziolinguistikoa

Inkesta soziolinguistikoak Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu kontuan (2.680.000 pertsona gutxi gorabehera). Ikerketaren diseinua, laginaren prestaketa, datuen ustiaketa eta lanketa Kultura eta Hizkuntza Politika sailak egin du eta landa-lana 2021eko udazkenean egin zen.

Inkesta Soziolinguistikoa bost urterik behin egiten da, eta lehenengoa 1991n egin zen. Euskal Autonomia Erkidegoan 4.550 inkesta egin dira.

Hiruko Itunaren barnean egiten da inkesta soziolinguistikoa eta Nafarroa eta Iparraldeko datuak ere ezagutzen dira. Nafarroakoak duela aste bete ezagutu ziren eta hurrengoak Iparraldekoak izango dira.

 

3 iruzkin
  • Argazkia Roberto  De la Arada Lopez
    2023-03-20

    Buenas tardes
    La encuesta es una manipulación, y los niños españoles menores de 16 años que tienen la desgracia de venir a vivir al País Vasco acaban siendo expulsados del derecho universal de la Educación, y son discriminados tristemente.
    No hay academias de Euskera en casi ningún sitio del País Vasco, y en el Euskaltegi solo se puede estudiar si eres mayor de 16 años y aún así solo se puede si hay un grupo mínimo de alumnos.
    El apoyo que hay para el Euskera en el Instituto y la Ikastola para un menor que no ha nacido aquí es una vergüenza total porque están abocados al fracaso escolar.
    Y no es culpa del profesorado, es una cuestión de medios y presupuesto!!

  • Argazkia Roberto  De la Arada Lopez
    2023-03-21

    Ayer hice un comentario y no se ha publicado porque no gusta.
    Un saludo

  • Argazkia SN Robot
    @erikrsalazar
    2023-03-20

    Comentario de Twitter:
    @Gasteiztar1 Eskuinean PDFa duzu eskuragarri. 😘
    https://t.co/oJNu5uI3QN

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak