Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritza bizikletan seguru gidatzearen alde agertu da Bilbo-Bilbo martxa zikloturistaren inaugurazioan

2023-03-19
  • Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak inauguratu du martxa, eta begirunea eskatu du errepidean zaurgarriak diren kolektiboentzat
  • Jaurlaritzak, martxa zikloturistari laguntzeko, bizikletan seguru gidatzeko aholkuak biltzen dituen dekalogo bat proiektatu du eta 8.000 gerriko poltsa islatzaile banatu ditu parte-hartzaileen artean

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Bilbo-Bilbo Martxa Zikloturista inauguratu du gaur goizean Deustuko zubitik, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko beste agintari batzuekin batera.

Martxa zikloturistaren 34. edizioan 8.000 bat parte-hartzaile izan dira, eta hiru ibilbide izan dituzte aukeran, euren gaitasunen arabera: laburra (85 km-koa), klasikoa (115 km-koa) eta luzea (125 km-koa).

BIZIKLETAN SEGURU GIDATZEKO DEKALOGOA

Bilbo-Bilbo martxarekin bat etorraraziz, Eusko Jaurlaritzak bizikletan segurtasunez zirkulatzeko aholkuak biltzen dituen dekalogoa argitaratu du ikus-entzunezko formatuan, eta kalean, lasterketako parte-hartzaileen aurrean, proiektatu du.

Ekimen berri horrekin bizikletan zirkulatzen denerako arriskuak murriztu nahi dira, kolektiboaren istripuei aurrea hartzeko, oinezkoekin eta motor-gidariekin batera errepidean kolektiborik zaurgarrienetako bat baita. Alde horretatik, Sonia Díaz de Corcuerak honakoa gogoratu du: “Berebiziko garrantzia du errepidean ziklomotorrak edo txirrindulariak aurrerantzean tarteak errespetatzeak. Segurtasun osoz aurreratzeko, nahitaezkoa da aldameneko erreian erabat sartzea, norabide bakoitzean errei bat baino gehiago dagoenean. Halakorik ezean, gutxienez metro eta erdiko tartea utzi behar da. Errepide-sareko erabiltzaileen arteko elkarbizitza ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzatik lortu nahi dugun Zero Biktima helburua lortzeko”.  

Modu horretan errepidean kolektibo zaurgarriak bereziki babesteko konpromisoari erantzuten zaio. Konpromiso hori Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean eta Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoan jasota dago.

LANKIDETZA

Eusko Jaurlaritzak zinta islatzaileak dituzten 8.000 gerriko poltsa eman dizkie probaren antolatzaileei, parte-hartzaileen artean banatzeko. Bestalde, bide-segurtasunari buruzko aholkuak emateko mezuak prestatu dira posta elektroniko bidez bidaltzeko martxa zikloturistarekin erlazionatutako 37.000 bat pertsonari (bai aurtengo edizioko parte-hartzaileei bai aurreko urteetakoei). Horrela, Jaurlaritzak Euskadiko errepide-sarean mugikortasun segurua eta jasangarria lortzeko sentsibilizazio-lana sakontzen jarraitzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)