qrcode

Euskadik 85 milioi jaso ditu Next Generation funtsetatik turismorako eta merkataritzarako, eta 2023ko deialdiekin 100 milioiak gainditzea espero da

2023-03-17
  • “Funtsak errealitate bat dira, eta gauzatzen ari gara. Hau da, funts horiek jada lizitatu eta esleitu dira, eta lanak egiten ari diren enpresei transferitzen ari gara”.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak turismoaren eta merkataritzaren arloko Next Generation funtsen kudeaketari buruz egindako legebiltzar-galdera bati erantzun dio gaur. Sailburuak gogorarazi du Euskadik orain arte 85 milioi jaso dituela turismoaren eta merkataritzaren arloko Next Generation funtsetatik, eta horiei oraindik prozesuan dauden 2023ko deialdietakoak batuko zaizkiela eta 100 milioi euroak gaindituko direla.

Turismoaren arloan, Euskadik gutxienez 75 milioi eskuratuko ditu Turismoaren Jasangarritasuneko Planen 3 deialditan. Lehenengo biek 58 milioi ekarri dituzte, eta “jada errealitatea dira eta hasita gaude gauzatzen. Hau da, funts horiek jada lizitatu eta esleitu dira, eta lanak egiten ari diren enpresei transferitzen ari gara”, esan du

Turismoaren Jasangarritasuneko Plan horiei turismo-erabilerako ondare historikoa birgaitzeko eta mantentzeko programa batu behar zaie; Euskadiko kultura-intereseko 14 ondasunentzat 5,5 milioi izendatu dira, Xacobeo Plan Nazionalaren baitan. Eta, azkenik, turismoaren arloan, Euskadiko ostatu-establezimenduek energia-efizientziarako laguntzetan 3,9 milioi euroko laguntza jasotzeko aukera dute, eta horiek eskatzeko epea oraindik zabalik dago.

Merkataritzaren arloan hiri- eta landa-merkatu jasangarrietarako eta joan-etorri turistikoko merkataritza-guneetarako bi laguntza-programa deitu dira orain arte, eta Euskadiri 13 milioi euro eman dizkiote. Azkenik, Merkataritza modernizatzeko funts teknologikoak 4 milioi euro sartuko ditu Euskadiko merkataritzan bi deialditan.

Europako Funtsen kudeaketa gaitzesten dutenei erantzunez, sailburuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak fase guztiak lideratu dituela, eta hirugarren ordainketaren abala jasotzen lehenengoa izan dela berriz ere. “Nire Sailaren esperientzia da gobernantza eta lankidetza estuan dihardugula Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin. Gure autonomia-erkidegoa lehenengoa izan da Turismoaren Jasangarritasuneko Planeko funtsak herri, eskualde eta eragileei transferitzen, seriotasunez eta eraginkortasunez ari baikara lanean lurralde-esparru guztietan, eta, horri esker, Euskadiko turismorako eta merkataritzarako funtsak errealitatea izatea lortu dugu” esan du amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan