Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Arabako nekazaritza sektoreak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, bere ustiapenen bizi-zikloa aztertu du

2023-03-15

• Aberek, Garlanek eta UAGAK, NEIKERren zuzendaritza teknikoaren menpe, proiektu honi helduko diote. Proiektuaren xedea da ustiapenen ingurumen-aztarna aztertzea eta ingurumena mantentzeko ekarpenak erakustea.

• SimaPro izeneko bizi-zikloa aztertzeko softwarea erabiliko da, ingurumen-adierazle ugari aztertzeko gai den potentzia handiko tresna.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako diputatu Eduardo Aguinacok gaur goizean aurkeztu dute Gen i Agro Alavés proiektua. Bi administrazioen babesa du eta NEIKER zentro teknologikoak eta UAGA, ABERE, eta GARLAN elkarte sektorialek parte hartu dute. Helburua da ustiapenen ingurumen-aztarna aztertzea eta datuen bidez ingurumena mantentzeko egindako ekarpena erakustea. SimaPro izeneko bizi-zikloa aztertzeko softwarea erabiliko da, ingurumen-adierazle ugari aztertzeko gai den potentzia handiko tresna, eta, horren bidez, ustiapenen “bizi-zikloaren” ondorioak aterako dira.

Orozek azaldu duenez, “proiektu hau proiektu pilotu bizi, ireki, eskalagarri eta lankidetzakoa da, eta aukera emango du Arabako nekazaritza sektoreko ezagutza, berrikuntza, digitalizazioa eta modernizatzea partekatzeko; horrela, Euskadin joera markatuko du, karbonoan neutroa den lurralde gisa posizionatzeko, eta Europan erreferentzia izateko. Aintzat hartu behar da lehen sektoreko jasangarritasuna lortzeko oinarria direla bizi-zikloen inbentarioetako datuen gordailua eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien produktuetarako dagokion bizi-zikloaren analisia.”

Bestalde, Aguinaco diputatuak honako hau adierazi du: “Elikagaien segurtasuna bermatu nahi da, klimaren edo biodibertsitatearen aldeko ekintza arriskuan jarri gabe. Hau da, elikadura sistemaren ingurumen eta klima aztarna murriztea Araban. Eta trantsizio global horrek nekazaritza lehiakorra eta iraunkorra bilatzen du hiru ikuspegitatik: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Beraz, gakoa da
gutxiagorekin gehiago ekoizteko gai izatea. Inpaktu gutxiagorekin eta bizi-zikloen eta zoruen baliabide eta praktika endogenoak aprobetxatuz. Aukera hau aprobetxatu behar dugu Araba abangoardia izan dadin arlo honetan, eta praktika horien ezarpena eta ezagutza lideratu ditzan”.

GEN i AGRO ALAVÉS proiektua

Proiektuaren helburua da karbonoaren balantzea aztertzea. Horretarako, honako erronka hau hartu da: Arabak urratsak ematea CO2 emisioen benetako datuak lortzeko proben banku gisa, eta xurgatzeen, harrapaketen eta biltegiratzeen datuak biltzea, lehen sektoreak gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko datu errealak eskaini ahal izateko.

Sektorearen neutraltasuna lortzeko, ezin da ahaztu ahal beste murriztu behar direla nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretatik eratorritako berotegi-efektuko gasen emisioak. Horretarako, lehenengo urratsa da CO2 (HC) emisioak kalkulatzea, eta horrek nekazaritzako kultiboei edo ustiapenari buruzko zenbait datu biltzea dakar (Bizi-zikloaren Inbentarioa –BZI–); izan ere, datu horiek dira emaitzaren kalitatea, eta, beraz, HCaren fidagarritasuna, mugatzen dituztenak.

Hortaz, Euskadiko nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen ingurumen inpaktua murrizteko beharrezkoa da inbentarioen datu-base bat eta herrialdearen bizi-zikloaren analisia izatea, Euskadiren errealitatea islatzeko. Datu-base horrek bizirik iraun behar du denboran zehar eta Euskadin egiten diren produktu nagusien eta eragin handiko laguntza-produktuen (adibidez, ongarriak) bizi-zikloaren analisirako gordailu gisa funtzionatu behar du.
Gen i Agro Alavés proiektuan Arabako kooperatiba, elkarte eta kudeaketa-zentro esanguratsuenetako teknikariei prestakuntza emango zaie, beren ustiapenen ingurumen-inpaktua kalkulatu ahal dezaten, eta, horrela, benetako datuen gordailua sortzen joateko. Gordailu horren bidez aukera izango dugu jasangarritasunean aurrera egiteko.

Bestalde, lurzoruetatik karbonoa lortzeko ahalmenaren garrantzia azpimarratu behar da. Lurzoruek lurreko karbono-erreserbarik handiena osatzen dute, eta ia hiru aldiz karbono gehiago pilatzen dute aireko biomasak baino eta bi aldiz karbono gehiago daukate atmosferan dagoena baino. Karbonoaren lorpena sustatzeko jardueretan oinarritutako nekazaritza-kudeaketak karbonoa lortzen lagundu ahal du. Izan ere, uste da nekazaritza-lurzoruetan dagoen karbono organikoaren kopuruaren igoerak botere handia izan dezakeela CO2-a lortzeko. Hain zuzen ere, Gen i Agro Alavés proiektuan lehenengo aurrerapausoak emango dira zentzu horretan. Maneiu-teknika desberdinak erabiltzen dituzten 60 ustiapenen lurzoruetako C-a neurtuko da, egungo mailak ezagutzeko eta urteetan zehar lurzoru horietan C-aren bilakaera neurtu ahal izateko, maneiu-teknika jasangarriagoek duten eragina aztertzeko xedearekin.

Proiektuan parte hartzen duten agente sektorialak

UAGA: NEIKERren eta Arabako nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen arteko hizketakidea da, ingurumen-inpaktua eta CO2-aren atxikitzearen hustubide-efektua ebaluatzeko datuak biltzeko. Proiektuari esker, trebakuntza jasoko dute ingurumen-inpaktua ebaluatzeko tresnen aplikazioan, ondoren Arabako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapenei aholkularitza eman ahal izateko. Aintzat hartu behar da UAGAko kideen artean Euskadin garrantzi handiko kultiboetan espezializatutako nekazari asko daudela, esate baterako, mahasti, zereal, erremolatxa eta patatan, eta, haien parte-hartzeari esker, proiektuaren emaitzak zenbait produkzio-sistema motatara egokitu eta beste sektoreetara zabal daitezke.

ABERE: Lurraldeko hiru sektore adierazgarrienen (esnetarako behiena, haragietarako behiena eta esnetarako ardiena) baitan dauden bederatzi ustiapenekin egiten du lan. Proiektu honen bidez lortu nahi duen helburua da gaitasun analitiko handiko eta egiztatutako tresna bat erabiltzeko trebakuntza lortzea, “nekazaritza eta abeltzaintza dagokien tokian jartzeko eta gizarteak produktuak baloratzeko, ez soilik oinarrizko eta kalitatezko jaki osasuntsu gisa, baizik eta ‘baliabidearen zaintzaile-babesle-mantentzaileen’ plusarekin, eta merkatuak hori guztia baloratzeko”.

GARLAN: Zenbait kultiboren (garia, garagarra eta mahastia) ziklo produktiboan zehar sortutako berotegi-efektuko gasen emisioak zenbatzeko beharrezko datuen tratamenduaz eta horri buruzko informazioa batzeaz arduratuko da. Horrez gain, Arabako Lurralde Historikoko eskualdeetako zenbait ustiapenetako kultiboen lurzoruetan karbono atmosferikoaren xurgapena (CO2 gisa) zehazteaz eta horren finkapena neurtzeaz arduratuko da, ustiapen bakoitzaren emisioen balantze garbia balioztatu ahal izateko. Horren guztiaren helburua da karbonoaren atxikitze handiagoa ekartzen eta emisioak murrizten laguntzen duten praktikak identifikatzea.

NEIKER: NEIKERrek proiektu honetan duen eginkizuna funtsezkoa da; izan ere, kooperatiba, elkarte eta kudeaketa-zentroetako teknikariei zenbait urtez egindako ikerketetan zehar lortutako ezagutza helaraziko die. Ezagutza hori emisioen kalkuluei, tresnen erabilerei eta berotegi-efektuko gasen emisioa ahalik eta gehien murrizten dituzten eta eskura dauden teknika hoberenen metodologiei buruzkoa da.

Simapro softwarearen inguruko trebakuntzarako ikastaroez eta esperientzia zientifiko zabalean oinarritutako konponbideen proposamenaz arduratuko da.

Era berean, langile teknikoei eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari laginak hartzen lagunduko die, Europako estandarrei jarraikiz, eta lagin horiei esker karbonoaren atxikitzearen inguruko datuak izan ahalko dira, eta ahalmen horren inguruko zenbait erabilera-praktiken eragina jakin ahalko da. Ondoren, NEIKERrek lurzoru-lagin horiek aztertuko ditu bere laborategian.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)