qrcode

Emakunderen ustez, udalak aldaketa eragile garrantzitsuak dira jai parekideagoak lortzeko

2023-03-15

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordearen aurrean egindako agerraldian azpimarratu duenez, garrantzitsua da jai parekideagoak lortzeko prozesuak udalerriek beraiek bultzatzea. Horretarako, azaldu duen bezala, Emakundek “markoa” jartzen du, hau da, gomendioak, gidak, jarraibideak eta aholkularitza eskaintzen ditu, eta “udalen, jai-batzordeen eta herrietako jaien antolaketarekin zerikusia duten eragile guztien eskura jartzen ditu, haien inplikazioa oso garrantzitsua baita jarraibide horiek guztiak herritarrei helarazi ahal izateko”. Udalek bultzatu behar dituzten prozesuetan, garrantzitsua da, bere ustez, herriko mugimendu feministaren, jai batzordeen eta horien antolaketarekin zerikusia duten eragile guztien parte-hartzea ere bermatzea.

Elgarrestak Emakundeko zuzendari gisa Legebiltzarrean egin duen lehen agerraldian adierazi duen bezala, erakundeak urteak daramatza lanean Berdinsarearen esparruan, Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarean, EUDELekin batera, Euskadiko udalerrietan, eta bereziki jaietan, berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko. Zehazki, nabarmendu du Berdinsarearen esparru horretan 2019an hasi zela "Jaien laborategia" izena jarri zaien zenbait saio ospatzen, jaien gaia jorratzeko. Jaien laborategi honen helburua urtero udalen artean jai parekideak lortzeko esperientziak partekatzea da.

Topaketa horietan, Emakundek egindako Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan emakumeek parte hartzeko estrategiak txostena partekatu da. Bertan, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuolako jaietan berdintasuna bermatzeko egin diren aldaketak aztertu dira. Bertan, jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak praktika diskriminatzaileei eusteko aitzakia izan behar ez duela planteatu da. Emakundeko zuzendariaren iritziz, esperientzia horiek beste herri batzuen eredu izan daitezke.

Margaret Bullen, Lidia Montesinos eta Begoña Pecharromán txostengileek dokumentazio lan sakona egin dute, eta, horrez gain, jaien antolaketan eta berdintasunaren sustapenean parte hartzen duten pertsona askoren laguntza izan dute eta aldaketa-prozesu horiek hainbat estrategia sortu dituzte.

Elgarrestak, halaber, jaietan eraso sexistak prebenitzeko Emakundek prestatutako materialen berri eman du. Hala,  “Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida” aipatu du. 2022an argitaratu zen, eta EUDELen laguntzarekin eta babesarekin banatu da EAEko udalen artean. Horrez gain, ostatu-elkarteei ere bidali zaie gida, besteak beste, eranskin bat baitu, ostalaritza-sektorearekin eta txosnekin jaietan lan egiteko gomendio espezifikoak ematen dituena.

Gogorarazi duenez, Emakundek urte asko daramatza "Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak" gida argitaratzen Beldur Barik ekimenaren esparruan. Gida horrek, batez ere, gazteei zuzendutako jarraibideak ematen ditu, erasoak prebenitzeko eta, halakorik gertatuz gero, zer egin jakiteko.

Era berean, "Eraso matxistarik gabeko gune kultural baterantz" gida ere argitaratu da, erasoak prebenitzeko, makrokontzertuak edo jende asko biltzen den aisialdiko beste gune batzuetan, eta "Zer egin emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean”, eskura dauden baliabide eta zerbitzu guztiekin, baita eraso sexisten kasuan ere. Horien artean, SATEVIren baliabidea, 900 840 11 telefonoa.

Era berean, uda guztietan, Emakundek erakundeen arteko sentsibilizazio-kanpaina bat antolatzen du jaietan jarrera eta eraso sexistak prebenitzeko, Beldur Barik ekimenaren barruan.

Elgarrestaren hitzetan, “garrantzitsuena da jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik beti gogoan izatea emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela; ez jaiak, ez alkoholak, ez dutela justifikatzen pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik; ezerk ez duela justifikatzen eraso matxista bat; eta gero eta setsibilizatuago daudela herritarrak eta emakumeen aurkako indarkeriarekiko tolerantzia gutxiago dutela”.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-03-15

    Era berean, nola edo hala gizalegezko ordenantzak betetzera behartzea, hau da, kaleetan pixa egitea eta edari alkoholdunen ontzi guztiak uztea, adibidez, gero garbitu ezin duen norbait egotea.

  • Argazkia Xaver
    2023-03-15

    También obligar de algún modo a cumplír ordenanzas civismo, eso de orinar en las calles y dejar todos los recipientes de las bebidas alcohólicas como que haya alguien que después lo limpie no tiene cabida ejemplo se da, antes También se dan casos de colillas y deposiciones de mascotas sin recoger

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak