Berriak Lehendakaritza
qrcode

RLEGek Europako erakunde pluralagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak eskatu ditu Bilbotik

2023-03-22
  • RLEG ekimena Bilbon bildu da, Europar Batasunean legegintza-eskumenak dituzten eskualdeen errekonozimendu handiagoa defendatzeko
  • Bileran Bilboko Adierazpena onartu da
  • Lehendakariak Europan maila anitzeko gobernantza-eredu baten alde egin du, eta legegintza-eskumenak dituzten eskualdeei eta konstituzio-nazionalitateei Europako gobernantzan zeregin berezia aitortzea eskatu du

RLEG ekimena, Eusko Jaurlaritza buru delarik, Bilboko Euskalduna Jauregian bildu da gaur goizean, Europar Batasunean legegintza-eskumenak dituzten eskualdeen errekonozimendu handiagoa defendatzeko. Bertan, egungo sistemari hainbat hobekuntza zehatz egin zaizkio, gaur onartutako Bilboko Adierazpenean jasotzen direnak.

RLEG ekimenaren goi-mailako ekitaldi horren esparruan, lehen aldiz formatu presentzialean, Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin die Azoreetako, Kataluniako, Korsikako, Flandesko, Aland uharteetako, Balear Uharteetako, Madeirako eta Valentziako presidenteei eta goi-ordezkari politikoei.

Bilerari hasiera emanez, Lehendakariak defendatu du “posible eta inoiz baino beharrezkoagoa dela” demokraziaren onerako izango den maila anitzeko gobernantza-eredu bat sortzea. Hala, estatu kideei ez ezik, herrialde txikiei, nazioei edo ahalmen legegilea duten eskualdeei ere ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna emango dien eredu baten alde egin du. “Guztiok osatzen dugu Europako proiektu hau. Beharrezkoak gara eta ekarpenak egin behar ditugu”, azpimarratu du.

Lehendakariaren arabera, egungo kudeaketa-eredua eraginkorragoa izango da eragile gehiago biltzen baditu; izan ere, bere ustez, aniztasunak aberastasuna ematen dio Europari, “ezin da alde batera utzi txikixeagoa dena, txikia izateagatik bakarrik”. “Europa heterogeneoa, anitza eta plurala da. Hala izan behar dute erabakitzeko organoek ere”, gaineratu du.

RLEG ekimenaren helburua da legegintza-eskumenak dituzten eskualdeak legitimoki dagokien lekuan kokatzea Europar Batasunaren erabaki-prozesuan, beren konstituzio-eskumenak erabat errespetatuz.

Lehendakariaren hitzetan, gaur onartutako Bilboko Adierazpena urrats berria da helburu komun bat lortzeko bidean: erakunde pluralagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izatea. “Europako herritarrentzat eraikitako erakundeak. Aniztasunari leku eta parte-hartze handiagoa ematen dioten erakundeak”, adierazi du. Ildo horretan, Iñigo Urkulluk legegintza-eskumenak dituzten eskualdeei eta konstituzio-nazionalitateei Europako gobernantzan zeregin berezia aitortzea eskatu du.

Lehendakariak ez ezik, Jan Jambon Flandriako presidenteak, Gilles Simeoni Korsikako presidenteak, Harry Janson Aland Uharteetako lehendakariordeak, Meritxell Serret Kataluniako Kanpo Harremanetarako eta EBrako sailburuak, eta Valentziako Erkidegoko, Balear Uharteetako, Azoreetako eta Ma-deirako idazkari nagusiek eta Kanpo Arazoetako zuzendari nagusiek ere parte hartu dute.

Halaber, bertan izan dira Europako erakundeetako eta akademiako kideak, demokrazian eta maila anitzeko gobernantzan adituak, hala nola Herman Van Rompuy, Europako Kontseiluko presidente emeritua, Alain Lamassoure, Europako Parlamentuko kide ohia, François Alfonsi eurodiputatua, edo Colin Scicluna, Europako Batzordeko lehendakariordearen Dubravka Šuicaren kabineteburua, , beste parte-hartzaile batzuen artean.

RLEG EKIMENA

RLEG ekimena botere legegileak dituzten eskualdeetako eta autonomietako 17 gobernuk osatzen dute, eta horietako askok herriak edo nazioak ordezkatzen dituzte estatu kideen barruan.

RLEG-eko kideek konpromiso handia dute EBko balio eta printzipioekin, eta Batasunean maila anitzeko gobernantza eraginkorra bermatzeko eta subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen dimentsio deszentralizatuaren aplikazioa are gehiago hobetzeko helburuarekin lan egiten dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)