qrcode

Gobernu Kontseiluak Kultura 2028 Plan Estrategikoa onartu du, kultura gizartearen erdigunean kokatzea helburu duena (Gobernu Bilera 2023-3-14)

2023-03-14

Eusko Jaurlaritzak Kultura 2028 Plan Estrategikoa onartu du Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran. XII. Legealdian zehar onartzea aurreikusita dauden Gobernu mailako 16 Plan Estrategikoetako bat da Kultura 2028 Plan Estrategikoa. 

Plan honekin hurrengo sei urteetarako markoa finkatzen da Euskadiko kultura politika publikoei dagokienean. Planean ezartzen diren ekintza zehatzek edota plangintza ekonomikoak Eusko Jaurlaritza soilik konprometitzen badute ere, dokumentua HAKOBA Kulturan partekatua eta onartua izan da, 2022-2028 aldian Euskadi osoko kultura politiken bide-orri partekatua izan nahi duelako, hau da, herri erakunde guztientzako erreferentzia eta markoa. Horregatik, Kultura 2028 Plan Estrategikoaren indarraldia Foru Aldundi eta Udalen legealdi berrira, eta Eusko Jaurlaritzaren hurrengo legealdi osora luzatuko da. 

Horrez gain, Kulturaren Euskal Kontseiluan ere partekatua eta aurkeztua izan da, bertako ekarpenak jasoaz, eta kultura sektoreari entzunez haiekin Sailak duen harreman etengabean jasotakoan oinarrituz. 

Kultura 2028 Plan Estrategikoaren abiapuntuan dago kultura gizartearen eta erakundeen politika publikoen erdigunean kokatu nahia. Halaber, kultura politiken erdigunean jartzen ditu herritarrak, hauen beharrei eta gizarte osoaren ongizateari erantzunak eman nahi dizkielarik. Izan ere, Plan honek aldarrikatzen du alde batetik, Herri batek, gizarte batek, kultura behar duela bere eraketarako eta kohesiorako eta kulturak egiten gaituela gizaki, egiten gaituela Herri. Kulturak, halaber, gure komunitate kultural eta politikoaren sendotasuna eta gure hizkuntzaren bizitasuna indartzen ditu. Eta kultura, herri erronka bezala kontzebitzen du, gizarte berdinzaleago, anitzago eta kohesionatuagoa eraikitzeko tresna eta bidea delako. 

Era berean, Plan honek azpimarratzen du, baita ere, kulturaren alderdi ekonomiko garrantzitsua (16.886 enpresa 2020an EAEn Kultura eta Sormen Industrietan, eta 31.500 lanpostu), bere izaera profesionalaren aitortza eta sektore modura trataera propioa proposatzen dituelarik. 

Honela, Euskadiko kulturaren egoera orokorrari dagokionean honako alderdi garrantzitsuak identifikatzen dira Planean: 

  • Eredu misto baten orekari eustea, alor publikoa eta pribatuaren osagarritasuna mantenduz:
    • Sortzaileen eta kulturgileen talentua eta bikaintasuna.
    • Herritarren kulturarekiko atxikimendua (herritarrek 10etik 7,34 puntuko garrantzia ematen diote kultura jardueretan parte hartzeari).
    • Enpresa nahiz fundazio pribatuen konpromisoa.
    • Herri erakundeen babesa (2020an, EAE osoan 381.324.187 milioi euro bideratu ziren kulturara; horietatik %21,7 Eusko Jaurlaritzak, %20,9 Foru Aldundiek, eta %57,4 Udalek).  
  • Kultura arloko profesional eta enpresak, sektore ekonomiko propio modura indartu beharra (bereziki Covid-19an agerian geratu zen zaurgarritasuna kontutan izanik).
  • Kultura sektore ezberdinak, sareetan eta sistemetan antolatzea eta lan egitea.
  • Bertako eta kanpoko publikoentzat erakargarria den kultura eskaintza bermatzea.
  • Digitalizaziora eta kultura kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzea.
  • Zaletasunez sortzen den kultura eta kultura herrikoia sustatzen jarraitzea.
  • Kultura arloan emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egitea eta emakume sortzaileen lana eta hauen ondare historikoa ikusaraztea.
  • Kultura ondarearen zaintza, berrerabilera, bideragarritasuna eta jasangarritasuna uztartzea.
  • Kultura Euskadiren nazioartekotze tresna gisa indartzea. 

 

Abiapuntua honetatik, Kultura 2028 Plan Estrategikoak honela egituratu ditu hurrengo sei urteetako kultura politikak: 

Alde batetik, hiru ardatz finkatzen dira: 

  • Sorkuntza: sorkuntzarako aukerak handitzea eta talentu sortzailea sustatzea da lehen ardatza. Izan ere, kultura bizia izan nahi duen herriak eta bizirik iraun nahi duen herriak kultura sortzea ezinbestekoa du.
  • Eskaintza: kultura, eta bereziki euskal sortzaileen ekarpena euskal gizarteari eskuragarri jartzea, erakargarri egitea eta gozagarri gertatzea izango da bigarren ardatza, herritarren kulturarako eskubideari erantzunaz.
  • Transmisioa: Belaunaldien arteko kulturaren eta ondare kulturalaren transmisioak osatzen du hirugarren ardatza. Alegia, herri batek, bere iraganaz gorde nahi duen eta hurrengo belaunaldiei transmititu nahi dien hori babestu, zaindu eta gizarteratzea. 

Bestetik, zeharkako bi konpromiso ezartzen dira: euskararen normalizazioa eta sustapena eta emakume eta gizonen berdintasuna:

  • Euskadin kultura ezin da ulertu euskaraz sortu, euskaraz eskaini eta euskaraz gozatzen den kulturarik gabe. Halaber, euskararen biziberritzea ezin da ulertu euskarazko kultura sorkuntza eta eskaintzarik gabe.
  • Kulturan, gizartean bezala, emakumeek bazterkeria pairatu dute; egoera horrekin amaitu eta aukera berdintasunean aurrera egitea, emakume sortzaileen lana ikusaraztea eta emakumeen utzi duten kultura ondarea aitortzea izango da bigarren zeharkako konpromisoa. 

Eta azkenik, egiteko modu batean oinarritzen da Plana: auzolanean. Elkarrizketa eta elkarlana Eusko Jaurlaritzaren sail ezberdinen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta gainontzeko erakundeen artean, eta kultura sektoreko profesional, enpresa eta eragileekin.

 

Egituraketa honetan oinarrituta, Kultura 2028 Plan Estrategikoa LAU HELBURU ESTRATEGIKOTAN antolatzen da, eta hauek aldi berean, 16 JARDUN LERRO eta 74 EKINTZA zehatzetan aletzen dira. Gainera, helburu estrategiko bakoitzean, hainbat proiektu esanguratsu identifikatu dira, MUGARRIAK izendatuak:

 

HELBURU ESTRATEGIKOAK

JARDUN LERROAK

MUGARRIAK

 

 

 

1.Talentua garatzeko aukerak ugaldu

1.     Sorkuntzaren eta ekoizpenaren susperraldia ahalbidetu.

2.     Sortzaileen eta kulturgileen profesionalizazioa areagotu

3.     Kultura industrien sendotasuna ahalbidetu.

4.     Kultura eta Sormen Industriak garatu.

5.     Kulturzaletasuna areagotu, erakunde arteko lankidetzan.

6.     Euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartu, EBC-Estrategiaren baitan.

·      Trebakuntza eta erresidentzia programak indartu eta hauen nazioartekotzea areagotu

·      Sortzaileen lan-baldintzak hobetu: fiskalitatea, kontrataziorako gida eta errolda

·      Euskarazko idazleentzako beka programa

·      Ikus-entzunezkoen sistema garatu

·      Pizgarri fiskalak eta mezenasgoa sustatu

·      Kultura eta Sormen Industrien eta BDCCren garapena

·      Quebec, Flandria eta Japonia nazioarteko aldebiko programak

·      Kimuak eta Zabal nazioartekotzerako programak

 

 

 

 

2.Kultura eskaintza aberastu eta gizarteratu

 

1.     Euskal kulturaren ikusgaitasuna eta hedapena areagotu.

 

2.     Irakurzaletasuna bultzatu.

 

3.     Artearen sistema garatu eta sendotu.

 

4.     Eskaintza sendotu, euskal gizarteari eta nazioarteri begira.

·      Irakurzaletasuna sustatzeko Ekintza Plana

·      eLiburutegia hezkuntza sarearen premiei eta ahalmenei egokitzea

·      Liburutegien Aholku Batzordea bultzatzea

·      Artearen Euskal Sistema (programa partekatuak, erosketa partekatuak, jarduera partekatuak –Chillidaren eta Basterretxearen urteurrenak-, Museotik, etab.)

·      Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalpena

·      Guggenheim Urdaibai proiektuaren oinarriak finkatzea

·      Arteder proiektu berria eta Euskal Artista Emakumeen Dokumentazio Zentroa / Praktika artistikoak eta arte feministaren teoriak

·      Museoetan eta arte-zentroetan genero ikuspegiaren integrazioa (hezkuntza programetan, obren erosketan, erakusketetan, egituren osaeran, etab.)

·      Euskadiko Orkestraren nazioartekotzea indartu eta Gasteizko Principal Antzokia berritzea

 

 

 

 

 

3.Kultura ondarea eta komunitateen garapena uztartu

 

 

1.     Ondarearen babeserako legedia eguneratu eta garatu.

 

2.     Industria eta itsas ondarearen babesa eta ezagutza indarberritu.

 

3.     Ondare materiadun eta materiagabea kudeatu, babestu eta ikertu.

·      Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen Legea garatzea

·      Orkonera - Industria Ondare Higigarriaren Zentroaren garapena

·      Bizkaiko Labe Garaien ondare izendapena eta gizarteratzea

·      Ondarearen berrerabilera artisten guneak eta sorguneak bilakatuz Zallan eta Errenterian

·      Ondare arloko inbertsio bereziak: Albaola, Urduñako harresia, Ocioko gaztelua, Labrazako harresia, Artziniagako alde zaharra, Iruña-Veleia,  Añanako Gatzagak, Miramar Jauregia, eta Urdanibia Jauregia.

·      Getariako Zarautz jauregian Elkanoren memoria zentroa

·      Ondareko %1eko laguntzaren igoera

·      Klima larrialdiaren aurrean ondarea zaintzeko planak eta neurriak

·      Kultura ondarea kontserbatzen duten guneetan iraunkortasuna eta energia eraginkortasuna sustatzeko neurriak

 

4.Jauzi digitala sustatu eta ahalbidetu

1.     Kultura ondarearen hedapenerako euskal esparru digitala sustatu eta egituratu.

2.     Euskal kulturaren presentzia ingurune digitalean indartu

3.     Trebetasun digitala sendotu, kudeaketan, komunikazioan eta ekoizpenean

·      eLiburutegia erraminta hobetu eta funtzio berriak bereganatu

·      Euskarianaren kontsolidazioa eta gizarteratzea

·      Taula: arte eszenikoen ondarearen bilgune digitala

·      Museotik plataforma berria

·      Datu digitalak kudeatzeko eredua

 

Halaber, auzolanean jarduteko konpromiso eta egiteko moduaren printzipioari jarraiki, Kultura 2028 Plan Estrategikoak Gobernantza Partekatuari eskaintzen dio atal oso bat eta gobernantzari lotutako mugarriak ere identifikatzen dira: 

  • Kulturaren Euskal Kontseilua berrantolatzea eta indartzea
  • HAKOBA Kultura indartzea,
  • Kultura sektorearekin etengabeko harremanean sakontzea
  • Sektoreak sistema modura antolatu eta lan egitea
  • Kulturaren Euskal Behatokia indartzea eta beste behatoki batzuekin parekatzea
  • Kulturaren balioaren eta eraginaren neurketa sistematizatzea
  • Kulturako adierazleen neurketarako tresna informatiko bat sortzea.  

Bestalde, Planak aurreikuspen ekonomiko bat egiten du 2023-2025 aldirako (eta 2025ean berrikusi eta osatu egingo da 2026-2028 aldirako). Plangintza ekonomikoari dagokionean, 2022 eta 2023an inbertsio bereziko urteak izaten ari direla agerian geratzen da, ondarera zuzendutakoak bereziki. Horrela, guztira Kultura Sailburuordetzaren 293 milioi euro aurreikusten dira 2022-2025 aldirako.  

Eta azkenik, Kultura 2028 Plan Estrategikoak planaren jarraipen eta ebaluazio sistema bat ere finkatzen du, dagozkion adierazleen jarraipena egingo delarik. Urtez urteko ekintza plana eta ebaluazioaz gain, amaierako ebaluazio bat eta adierazleen betetze mailari buruzko azterketa bat ere aurreikusten da. 

Gobernu Kontseiluak onartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak Kultura 2028 Plana aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, bertako ebazpen proposamenak ere erantsiko zaizkiolarik dokumentuari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko