Berriak Lehendakaritza
Eu

Lópezek eta Roussetek astelehenean jarriko dute abian Akitania-Euskadi Euroeskualdea

2011.eko abenduak 07

 Lehendakariak mugarria jarriko du, aintzatespen politikoa eta nazioartekoa lortu duen organo baten eraketa juridikoarekin

Patxi López lehendakariak eta Akitaniako lehendakari Alain Roussetek Euroeskualdearen eraketa izenpetuko dute datorren astelehenean. Euroeskualdearen batzarra, hogei kidekoa (hamar alde banatatik), egun horretan bilduko da, Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Akitania-Euskadi euroeskualdeak Hendaian izango du egoitza, eta Alain Rousset izango du buru lehenengo bi urteetan. Nortasun juridikoa izango du, eta Euskadiren eta Akitaniaren arteko lankidetza-eragile nagusia izango da, harreman, elkartruke eta proiekzio erkiderako mugaz gaindiko espazio handi bat sortzeko.

 

Datorren astelehenean, abenduak 12, Lehendakaritzan bilduko dira Akitania-Euskadi euroeskualdearen batzarreko kideak, Patxi López lehendakaria eta Akitaniako lehendakari Alain Rousset buru dituztela. Batzarra Euroeskualdearen organo gorena da, eta haren jarduteko lerro estrategikoak zehazten ditu.

Bilera horretan, Euskadiko lehendakariak eta Akitaniako lehendakariak beren izenpeak jarriko dituzte Akitania-Euskadi lurralde-lankidetzarako europar taldearen (LLET) hitzarmenean eta estatutuetan, euroeskualde hau eredu juridiko horren pean sortu baita. Bi lehendakariek hitzarmena izenpetuta, hortaz, Akitania-Euskadi euroeskualdearen abian jarriko da irmoki eta behin betiko, erakunde hori bi erkidegoen arteko lankidetza orokorreko lantresna moduan sortuko baita.

Akitania-Euskadi euroeskualdea, esan bezala, LLET moduan eratuko da, eta erkidego-zuzenbideko figura juridiko horrek baldintza zorrotzak eskatzen ditu. Elkartze horiek baimentzeko prozeduran, Europako erakundeek zein eragindako estatu kideetako gobernuek esku hartzen dute, mailarik gorenenean. Asteleheneko zeremoniaren bidez, mugaz gaindiko espazio sortu berria Europaren integrazio-prozesuko eztabaiden muinera eta erabaki-dinamikara hurbiltzen da.

Interes eta lan erkideen espazio hori formalizatzeko lehen urratsa 2009ko azaroan, Bordelen, egin zen goi-bileran egin zuten Euskadiko eta Akitaniako lehendakariek. Han, Patxi Lópezek eta Alain Roussetek Euroeskualdea abian jartzea erabaki zuten, eta, horretarako, erkidego-xedapenekin eta bi estatuetako antolamendu juridikoekin bat etorriko zen testu bat adosten hasi ziren.

Azkenik, 2011ko irailean, Espainiako Gobernuak onespena eman zion agiri horri. Gauza bera gertatu zen, aste batzuk geroago, Frantziako gobernuaren aldetik. Datorren asteleheneko sinadurak, Euskadiko eta Akitaniako lehendakarienak, Euroeskualdea abiarazteko prozesu hori burutuko du.

Euroeskualdearen misioa

Historiari, kulturari eta ekonomiari dagozkion arrazoiak daudelako eta biak Europako kide direlako lortu da Euroeskualde hau sortzea. Badira hainbat urte Bruselak horrelako proiektuen aldeko apustua egiten duela, eta, horrexetarako, hain zuzen, onartu zuen 2006. urtean erregelamendu bat, lurralde-erakundeek aukera izan dezaten nortasun juridikodun lankidetza-guneak eratzeko.

Harrezkeroztik, betiere Lurralde Lankidetzako Europako Taldeari (LLET) dagokion erkidego-zuzenbidearen formularekin, mugaz gaineko lankidetzarako hainbat elkarte eratu dira berezko nortasunarekin Europar Batasunaren barruan.

Euroeskualde berri honen gain doa Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniaren arteko harremanak antolatuko dituen tresna izatea. Hendaian izando du egoitza, eta lehendakaritza bi urtez behin aldatuko da, txandaka. Akitaniari egokitu zaio lehenbiziko bi urteetan lehendakaritza.

Hona hemen zer erakunde-egitura izango duen euroeskualde honek: biltzarra, batzorde betearazlea, eta administrazio-unitatea. Biltzarrak hogei kide izango ditu, alde bakoitzak hamar, paritatezko ordezkaritzaren arabera; batzorde betearazleak sei kide, alde bakoitzak hiru; eta administrazio-unitatea Marc Moulinek zuzenduko du, orain arte Akitaniako Lehendakariaren Kabineteko zuzendariaren ondoko izandakoak.

Akitania-Euskadi Euroeskualdearen filosofia mugaz gaineko arazoak kudeatze hutsa baino harago doa. Bi gobernuek, bien intereseko diren gaietan, elkarrekiko ikuspegia eta elkarrekiko ekintza izan ditzaten da helburua. Lan-eremu nagusiak, baina ez bakarrak, garraio- eta komunikazio-azpiegiturak eta ingurumena izango dira, hartara bidaiarien eta salgaien irisgarritasuna eta mugimendua sustatzeko, betiere ingurumena errespetatuz.

Europar Batasunaren barruan euroeskualde gisa eratuz nortasun juridiko osoa aitortzen zaiolarik, elkarrekiko esparru berri honek indar handiagoa izango du Europako Erkidegoko agintariei eta kanporako proiekzioari begira.

Proiektu-agenda

Atlantikoko korridorearen bidez, Europaz gaindiko azpiegitura eta sareen (trenak, garraioa, energia, telekomunikazioak) arteko lotura indartzeaz gain, partekatutako natura-ingurunea errespetatzearekin batera, Akitania-Euskadi euroeskualdeak nekazaritzako, kulturako eta enpresa-garapeneko lankidetza (batez ere berrikuntzaren, turismoaren, energia berriztagarrien eta aeronautikaren esparruan) ere hobetuko du.

Arlo horietako proiektu-agenda oso zabala da:

Lurraldearen garapen iraunkorra, bereziki energia berriztagarriei eta basoen balorizazioari dagokienez, bai eta nekazaritza, elikadura eta osasunaren inguruko gaien tratamendu komunaren esparruan ere, kalitatearen, jatorriaren, trazabilitatearen eta lurraldeei balioa ematen dieten nekazaritza-praktika iraunkorren inguruko ekintzak sustatuta.

Ikerketa eta berrikuntzako jardueren osagarritasuna eta balorizazioa. 

Kultura- eta arte-dinamika sendotzea eta, bereziki, euskara eta euskal kultura sustatzea, sorkuntzaren adierazpenetan integratutako mugaz gaindiko dimentsio berri baten bitartez.

Elkarren laguntzaz, turismo-baliabideak garatzea, betiere, geografia- eta kultura-identitateak errespetatuko dituen hazkunde kontrolatuaren esparruan.

 

Pisu handiagoa izango dugu Europan

Azken finean, Euroeskualdeak lagundu egingo du alde bateko eta besteko herritarrek eta eragileek mugikortasun handiagoa eta harreman estuagoa izan dezaten. Era berean, zeresan handiagoa izango dute berengan eragina duten erabakiak hartzen dituztenean.

Hori horrela da, Euroeskualdearen bitartez beste dimentsio bat hartzen delako; era horretara, Euskadiren eta Akitaniaren ahotsa ozenago entzungo da horrela Europan. Euroeskualdeak ia bost milioi eta erdi biztanle ditu, eta, kopuru hori nahikoa handia izanda, aukera izango du proposamenak aurkezteko eta eskualde berri horretan eragina izango duten erabaki eta ekintza komunitarioetan parte hartzeko.

Gaur egun politika munduan eta, zehatzago esanda, Bruselan, eskualde-erakundeen zereginak gero eta protagonismo handiagoa dauka. Europa mailan erabiltzen diren politiketan hartzaile jakin eta konkretu bat egoten da askotan: eskualdeak.

Beraz, Europan gero eta ohikoagoa da Euroeskualdeak sortzea, jende gehiagoren lana eta ahalegina batuta, erabakiak hartzen diren lekuetara errazago eta ozenago iristeko aukera handiagoa baitago. Euroeskualdeak sortuta, beraz, Akitania eta Euskadi elkarrekin aurkeztu ahal izango dira aurrerantzean Europako foroetan, alegia, berengan eragina duten politikak diseinatu eta erabakitzen diren tokietan.

Azkenik, esan behar da, Euroeskualdea eratutakoan, osaketa hori irekia izango dela, eta auzoko beste lurralde batzuk ere sartu ahal izango direla partaide.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi López, Alain Rousset