Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Javier Hurtado sailburuak industria-turismoa dinamizatzeko LJE programaren barruan egindako jarduketak bisitatu ditu Sestaon

2023-03-16
  • Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Planeko funtsen bitartez, Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) turismo-aktiboak sustatzeko eta balioesteko plana aktibatu da 7,5 milioiko inbertsioarekin

  • Sestaoko Sorospen Etxea herriko Bisitarien Arreta Bulegoa bihurtu da.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Sestaon, industria-turismoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Lehentasunez Jarduteko Eremuen programaren bidez, egin diren jarduketak bisitatu ditu gaur.  Jarduketa horien aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira Cristina Múgica Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa bultzatzeko foru-zuzendaria eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkatea.

Sailburuak erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, “gobernantza hoberako bidea baita. Alde batetik, gure sektoreari laguntzeko eta gure helmugak sustatzeko formula delako. Eta, bestetik, erakunde gisa indartzeko modua delako zerbitzurik onena eman ahal izateko, tokiko garapenean eragina izango duten proiektu bateratuak sustatzearen bidez”, esan du.

Bestalde, gogora ekarri du 2022an Iñaki Arriola sailburuarekin eta Ainhoa Basabe Sestaoko alkatearekin sinatu zuen hitzarmena Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak udalerriekin eta eskualdeekin ekintzak koordinatzeko egin duen apustuaren parte dela, helburua turismo-baliabideak indartzea eta sustatzea izanik.

“Berpiztu Planeko funtsen bitartez, Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) turismo-aktiboak sustatzeko eta balioesteko plana aktibatzen dugu. Plan horren bidez, azkena sartu den Aiarako eskualdea kontuan hartuta, jada 7,5 milioiko inbertsioa egiten ari gara udalerri eta eskualdeetan turismo-jarduketak garatzeko, eta horietatik 883.000 euro baino gehiago bideratu dira Sestaon, industria-turismoarekin lotuta, egin diren jarduketetara.

Gaur bisitatu dute industria-ondarea eta itsasadarra balioesteko trakzio-proiektuaren parte diren jarduketa horien azken emaitza. Horien artean, bisitariei harrera egiteko gune bat sortu da Sorospen Etxean, langile-etxe bat birgaitu da eta langileen ibilbidea sortu da. Ekitaldia, hain zuzen ere, herriko Bisitarien Arreta Bulegoa bihurtu den Sorospen Etxean egin da.

“Hau bezalako ekintzak industria-turismoa bultzatzeko egin dugun apustuaren parte dira, eta aparteko garrantzia dute Euskadiren irudia osatzeko bidean. Gure industria-ondareak garenari buruz, gure historiari buruz eta gaur egungo Euskadi bihurtu gaituzten faktoreei buruz hausnarketa egitea dakar, eta industria-turismoa munduari Euskadi anitz, askotariko eta berritzailearen, gure tradizioan eta memorian oinarrituta eratutako Euskadiren, irudia azaltzeko modua da”.  

Sailburuak, amaitzeko, zehaztu du “gaur amaitu dena bezalako proiektuak eta hainbat herritan gauzatzen ari diren beste asko Euskadiko industria-turismoaren estrategia sendotzen laguntzeko funtsezkoak diren industria-aktiboak dinamizatzeko beste urrats bat” direla.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)