Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Euskal Trenbide Sareak, ekuadorren dagoen Cuenca hirian tranbia eraikitzeko proiektua idatziko du

2011.eko abenduak 05

 

 

Erakunde Publikoko eta Cuencako Udaleko ordezkariek, 4 milioi dolarreko diru-sarrerak ekarriko dituen elkarlanerako hitzarmena sinatu dute duela denbora gutxi

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Elkarlanerako hitzarmena sinatu du Cuencako (Ekuador) Udalarekin, hiri horretan tranbia eraikitzeko proiektua idazteko.

Paúl Grandak, Cuencako Alkateak, eta Julián Ferrazek, ETS-ko Proiektu eta Plangintza Zuzendariak, sinaturiko akordioak 4 milioi dolarreko (2,8 milioi euroko) diru sarrerak ekarriko ditu Euskadiko erakunde publikoaren kutxara. Diru kopuru hori proiektua idazteagatik jasoko da, eta 5 hilabeteko epea egongo da lana burutzeko.

Horrela, Euskal Trenbide Sarea, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen eta ezaugarri horiek dituen nazioarteko kontratua lortu duen lehen enpresa publikoa bilakatu da. Horretarako, ETS-k baloraziorik hoberena lortu du, Frantziako, Suitzako, Mexikoko eta Portugaleko beste bost enpresa publikorekin izan duen lehian.

ETS-k lehiakide izan dituen enpresa publikoak Siteur-Poyry (Mexiko), SMTC-Coteba (Frantzia), Ferconsult S.A. (Portugal), Ineco (Espainia) eta Molinari Rail (Suitza) izan dira. ETS, trenbideko prozesu guztian, bideragarritasunaren eta alternatiben azterketatik hasi eta proiektutik eta eraikuntzatik igaroz ustiapeneraino heldu arte, erabateko ezagupena eta esperientzia eskaini dezakeen Espainiako enpresa gutxienetakoa eta Euskadiko bakarra da, linea hori trenerako, tranbiarako edo metrorako bada ere.

Paúl Grandak, Cuencako Alkateak, ETS-k dituen esperientzia eta gaitasun teknikoa azpimarratu zituen, eta baita mugikortasun sistema modernoekin erlazionatuz Euskadin burutu dituen proiektuak ere. Alkateak, "Cuencarentzat oso ondorio garrantzitsuak izango dituen proiektu" gisa kalifikatu zuen tranbia, eta, bere hitzetan, hori dela eta, oso garrantzitsua da hiritar guztiak informaturik izatea, obra burutu aurretik bete beharreko prozesuen aurrerapausoen inguruan, hori izan baitzen bere hauteskunde kanpainako aginduetako bat.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                          

Julián Ferrazi dagokionez, esan zuen "erabat bideragarria dela" hirian tranbia eraikitzea, eta, aurreikuspenen arabera, beste gauza batzuen artean, beharrezkoa izango da ingurunearen hiri-egokitzapena burutzea, hau da, zenbait aldaketa egin beharko dira tranbiaren trazatuak zeharkatuko dituen tokietan, horrela erabiltzaileak geralekuetara heltzea errazagoa izan dadin. Tranbiak beharko duen behin betiko inbertsioa azterlan horien bitartez zehaztuko da.

Cuencako proiektuari dagokionez, 12 kilometro luze izango den tranbia linearen garapena da. Inbertsio osoa 200 milioi dolar ingurukoa izango da. Cuenca, Ekuadorreko hirugarren hiria da, eta 500.000 biztanle ditu. ETS-k argi eta garbi erakutsi du bere esperientzia eta jakituria Bilboko eta Gasteizko tranbiak martxan jartzean, eta baita Bizkaiko hiriburuko metroa martxan jartzean ere. Gaur egun, beste proiektu batzuen artean, Bilboko lur azpiko trenbideko 3. linea ari da eraikitzen, Donostiako Metroa egiten ari da eta Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako adarrean ari da lanean.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                          

Dena den, esan behar da Ekuadorrekoa ez dela ETS-k atzerrian burutzen duen lehenengo jarduera. Euskadiko ingeniaritza enpresa garrantzitsuekin elkarlanean ari da Medellinen (Kolonbia), Aljerian eta Kuwaiten, besteak beste, trenbide sistemak ezartzeko azterlanak burutzen.

Nazioarteko aholkularitza kontratuetan parte hartzeari esker, ETS-k hiritarrentzat duen kostua murriztu ahal izango da, izan ere, diru sarrera gehigarriak lortzen dituen enpresa publikoa baita. Horrela, Euskal Trenbide Sareak eraikuntzaren sektorearen (ingeniaritza enpresak, eraikitzaileak eta operadoreak) esku jartzen ditu bere ezagupenak, bermea eta kaudimena, nazioartera zabaltzen laguntzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan