Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Garamendi Arartekoarekin bildu da etorkizuneko erronkak eta balizko lankidetza bide berriak identifikatzeko

2023-03-09
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Arartekoarekin partekatu du Eusko Jaurlaritzak herritarrei kanal anitzeko arreta ematearen alde egin duen apustua

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak eta Manuel Lezertua Arartekoak bilera egin dute gaur Gasteizen, interes komuneko gaiak partekatzeko eta bi erakundeen arteko lankidetza esparruak indartzeko. Garamendik zuzentzen duen sailak Arartekoarekiko harremanak bermatzeko eskumena du, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez. Idazkaritza hori bi erakundeen arteko harremanetarako eta komunikaziorako organoa da.

Bilera Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak hainbat euskal erakunderekin dituen harremanen barruan kokatzen da. Garamendirekin batera Jone Berriozabal sailburuordea eta Ugaitz Zabala Kabineteko zuzendaria izan dira.

Bi erakundeek erantzukizuna eta interesa duten hainbat gairi buruzko hausnarketak partekatzeko balio izan du bilerak, baita etorkizuneko erronkak eta balizko lankidetza bide berriak identifikatzeko ere.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak egunero euskal herritarrei ematen dien arretari buruzko hausnarketak trukatzeko aukera izan dute, eta bi erakundeek bat egin dute herritarrei kanal anitzeko arreta ematearen aldeko beharrezko apustuan, herritarrek erabaki dezaten zer bide erabili nahi duten une bakoitzean administrazio publikoekin komunikatzeko. Ildo horretan, Garamendik Arartekoarekin partekatu du herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta Saila izapidetzen ari den bitarteko elektronikoen bidez zerbitzu publikoak eskuratzeko dekretu proiektuaren helburua.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Arartekoari eta bere taldeari adierazi die herritarrei arreta ematea zerbitzuaren funtsezko zati bat dela, eta arreta presentzialak bere horretan jarraitu behar duela, euskal herritarren eskura jarritako zerbitzu digitalen katalogoa handitzen joan ala ez.

Horrela, bileran, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradunek Arartekoari eman diote Eusko Jaurlaritzak Zuzenean zerbitzuaren bidez herritarrei arreta emateko eskaintzen dituen kanalen erabiltzaileen itxaropenei eta gogobetetzeari buruzko 2022ko txostena.

Azterlanaren arabera, euskal herritarrek balorazio ona dute Eusko Jaurlaritzaren bertaratze-asistentziari buruz, iaz 8,8ko gogobetetze-maila izan baitzuten. Gainera, aurrez aurreko arreta jaso duten elkarrizketatutako hiru pertsonatik bi pozik daude bulegoetan ezarritako aurretiko hitzordua kudeatzeko sistemarekin. Sistema horrekiko batez besteko gogobetetze maila 8,7koa da, aldez aurreko hitzorduaren sistema ezarri delako, arreta pertsonalizatuagoa eta eraginkorragoa emateko eta herritarrei arreta hobea emateko. Herritarrek hobeto kudea dezakete beren denbora, aurretiazko hitzorduek eskatzaileari arreta noiz emango zaion ziurtatzen baitute.

Erakusgarri gisa, Arartekoari aurkeztu dizkiote herritarrei emandako arretari buruzko 2022ko datuak. Nabarmentzekoa da 309.017 arreta presentzial izan direla Zuzenean Zerbitzuak Euskadin dituen hiru bulegoetan (eguneko batez bestekoa 1.243 izan da) eta 277.711 arreta telefoniko (eguneko batez bestekoa 1.115 izan da). Kontsulta eta izapide gehienek etxebizitzarekin, gizarte gaiekin eta hezkuntzarekin dute zerikusia.

Aurtengo martxoko lehenengo bost lanegunetan, Zuzenean zerbitzuak nabarmen handitu du bere bulegoetan aurrez aurre jasotako kontsultak eta izapideak, batik bat Eusko Jaurlaritzaren 0 eta 3 arteko hileko 200 euroko familia laguntzekin lotuta. Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Bilboko hiru bulegoetako 8.022 arreta presentzialetatik 3.122 (%38,4) laguntza horien gainekoak izan dira. Arabako hiriburuan, ehuneko hori %48raino iritsi da.

Zuzenean zerbitzuko bulegoetatik pasa diren familientzako diru laguntzen 2.200 eskatzailek baino gehiagok gaitutako funtzionarioaren formula erabili dute. Gaitutako funtzionarioen helburua da bitarteko elektronikoak erabiltzeko interesa duten pertsonei laguntzea. Zerbitzu honen helburua da administrazioari zuzendutako dokumentazio guztia elektronikoa izan dadin bultzatzea. Modu horretara papera ezabatzen da eta aukera eskaintzen zaie trebetasun digitalik ez duten pertsonei bulegoan bertan funtzionarioen laguntza izan dezaten. Horri esker, arrakala digitalak izan dezakeen eragina arindu daiteke. Zerbitzua oraindik ezezaguna izan arren, jendeak, oro har, harrera ona egin dio bitarteko honi, eta 2022ko maiatzaz geroztik 5.000 arreta baino gehiago jaso dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)