
Eusko Jaurlaritzak saria jaso du joko arduratsuarekin hartutako konpromisoagatik
- Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako “Jokoa eta gazteria” eta “Emakumea eta ausazko jokoak” jardunaldiek Euskadiko joko-ohituren analisi sakona egiten laguntzen dute
- Jaurlaritzaren helburua da jokoaren eskaintza, beti, parametro sozial onargarri batzuen barruan mantentzea
Aitor Uriarte Joko eta Ikuskizunen zuzendariak jokoaren sektoreko INFOPLAY aldizkariaren saria jaso du Madrilen, Eusko Jaurlaritzaren izenean, “joko arduratsuarekin gehien konprometitutako erakundea” izateagatik”. Sariaren bidez Jaurlaritza, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren eta Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizunetako Unitatearen bitartez, Euskadin jokoaren eskaintza eta kontsumo arduratsua zaintzeko egiten ari den lana aitortu da.
Epaimahaiak positiboki baloratu ditu, beste ekintza batzuen artean, Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako “Jokoa eta gazteria” eta “Emakumea eta ausazko jokoak” jardunaldiak, bai eta Behatokiak sektorearen jardunari buruz hiru hilabetez behin argitaratuko duen aldizkari digitala sortu izana ere. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena mantentzearen garrantzia ere aitortu du. Hitzarmen horrek 2023an 100.000 euro izango ditu jokoaren arloan ikerketa-proiektuak garatzen jarraitzeko.
Eusko Jaurlaritzak Euskadin jokoaren sektorearekin hartuta duen konpromisoa era horretako ekimenak inplementatzearen bidez gauzatzen da; izan ere, horien bidez informazio zientifiko eta gardena bildu eta aztertu nahi da konponbide eraginkor, iraunkor eta jasangarriak proposatzeko, eta, modu horretan, jokoaren eskaintza parametro sozial onargarri batzuen barruan mantentzeko.