
Ertzaintzak Iñaki Totorika Vega, ETAk 2001ean Hernanin hil zuen ertzaina, omendu du
- Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren omenaldi-ekitaldien barruan egin da, 2022ko ekainean ezarri ondoren urtero banaka egingo ziotela aitorpen, oroimen eta omenaldi ekitaldia ETAk hildako ertzain bakoitzari
- Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute
Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, Gipuzkoako Lurralde Burutzako eta Hernaniko Ertzain-etxeko agintariekin, agenteekin eta lankideekin batera, omenaldi hunkigarria egin diote gaur, osteguna, atentatuaren egunetik 22 urte bete direnean. Iñakiren omenezko ekitaldia gaur arratsaldean egin da Hernaniko Ertzain-etxean, bere oroimenez jarritako monolitoaren eta plakaren ondoan. Bertan lore-eskaintza eta ohorezko aurreskua egin dituzte, oroimen-ekitaldia Ertzaintzarekin batera antolatu duten senitarteko eta ahaideak ere aurrean zirela.
Iñaki Totorika Vega Ertzaintzako agentea 2001eko martxoaren 9an, 25 urte zituenean, hil zuen ETAk, Euskal Poliziaren aurka eraso egiteko prestatutako tranpa batean. Terroristek lehergailuak zeramatzan auto bat gurutzatu zuten Hernaniko Zinkoenea biribilgunean, eta urrutitik leherrarazi zuten herritarren segurtasuneko agenteak hurbildu zirenean.
Konpromisoa Memoriarekin
Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura” arautzea.
ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin diren agenteei Ertzaintzak euren lanpostuetan minutu bateko isilaldia egitea proposatzen die. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.
Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.
15 agente hil zituen ETAk
Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:
- Carlos Díaz Arcocha (1985).
- Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
- Juan José Pacheco Cano (1988).
- Luis Hortelano García (1989).
- Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
- Joseba Goikoetxea Asla (1993).
- José Luis González Villanueva (1995).
- Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
- Ramón Doral Trabadelo (1996).
- José María Aguirre Larraona (1997).
- Jorge Díez Elorza (2000).
- Mikel Uribe Aurkia (2001).
- Iñaki Totorika Vega (2001).
- Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
- Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).