Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Arantxa Tapia Nueva Economía Forum Tribuna Euskadin

2023-03-09
  • “Green Deal bai, baina gure industrian oinarrituta. Net Zeroren kostua ezin da izan Europaren desindustrializazioa”
  • “Erdieroaleak hornitzeko estrategiak Europaren baterako apustua izan behar du, eta Euskadik aktiboki parte hartzen du estrategia horretan”
  • “Berriztagarrien aldeko apustua ere tokiko industrian oinarrituta egin behar da. Euskadik badu horretarako gaitasuna. Tokiko teknologia eta industria, pertzepzio berriarekin: herritarrak parke eoliko eta fotovoltaikoetan inplikatuko dira, energia berdea, hurbila eta merkeagoa emango baitiete”
  • “Hondakinak izango dira etorkizuneko lehengaiak. Herri txikia gara, eremu guztietan dibertsifikatu eta lan egin behar duena. Ekonomia zirkularra bai”
  • “AHT ez da “edo” batekin egin behar, baizik eta “eta” batekin: Atlantikoko eta Kataluniako aldetik, eta batez ere mugaz gaindikoa lehenetsiz. Iparraldearekin denboran eta forman konektatuz”

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak hizlari gisa parte hartu du gaur Forum Europa: Tribuna Euskadik antolatutako solasaldian.

Besteak beste, 2035ean errekuntza-motorren balizko debekuari eta horrek automobilgintzan izan dezakeen eraginari buruzko eztabaida izan du hizpide, eta, bereziki, Euskadik testuinguru horretan duen posizioa aztertu du. Ildo horretan, Green Deal-en lanean jarraitzearen alde egin du, “baina gure industrian oinarrituta”. “Net Zeroren kostua ezin da izan Europaren desindustrializazioa”, gaineratu du.

Automobilgintzaren sektoretik aldendu gabe, Tapiak sektoreak urteak daramatzan mehatxuetako bat aipatu du, fabrikazio-prozesuetan erdieroalerik ez egotea, alegia. Hala, Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu du nola prestatzen den Euskadi erdieroalerik gabeko balizko egoera berri bati aurre egiteko. “Erdieroaleak hornitzeko estrategiak Europaren apustua izan behar du, eta Euskadik modu aktiboan parte hartzen du estrategia horretan”, nabarmendu du.

Hala ere, material falta horrek automobilari bakarrik ez diola eragin zehaztu du. “Pandemiak utzi zigun eta Ukrainaren inbasioa areagotu zuen ikasgaia tokiko ekoizpena areagotzeko beharra da”, adierazi du.

Materiarik ezaz ari garela, Arantxa Tapiak elikaduraren alorrari ere heldu dio; izan ere, lehengai faltaz gain, zenbait elikagairen prezioek energia-kostuaren eta inflazio handiaren eragina izan dute. Sailburuak egoera hori errepasatu du, eta arazoari dagokionez eman beharreko urratsak aipatu ditu. 

Halaber, solasaldian, Ingurumen sailburuak Euskadiren mendekotasun energetikoa izan du hizpide, bai eta hura murrizteko beharra ere, bai eta eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien sorkuntzaren aldeko apustua ere. Ildo horretan, energia berriztagarria sortzeko dauden aukeretako batzuk eta etorkizunerako dauden aukerak deskribatu ditu. “Berriztagarrien aldeko apustua tokiko industrian oinarrituta egin behar da. Euskadik badu horretarako gaitasuna. Tokiko teknologia eta industria, eta pertzepzio berri batekin: parke eolikoekin eta fotovoltaikoekin inplikatutako herritarrak, energia emango dietelako, berdea, hurbila eta merkeagoa”, adierazi du.

Azkenik, Tapiak hondakinen gaia eta horiek balorizatzeko azpiegituren instalazioa aipatu ditu. Sailburuak azpimarratu du hondakinak izango direla etorkizuneko lehengaiak. “Eremu guztietan dibertsifikatu eta lan egin behar duen herri txikia gara. Ekonomia zirkularra, bai”, zehaztu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak