qrcode

Aintzane Ezenarro: “ Indarkeriaren eta suntsiketaren aurrean, eraikitzeko lanean tematu ziren pertsonek osatzen dute gure memoria kolektiboaren onena”

2023-03-16
  • Gogora Institutuak Radio Bilbao Cadena Ser irratiaren Bikaintasunaren saria jaso du
  • Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua saritu du kateak, Inpaktu Sozialaren kategorian, memoriaren bidez bizikidetzan egindako ekarpenagatik

Radio Bilbao Cadena Ser irratiaren Bikaintasunaren Sarien zazpigarren edizioaren gala gaur arratsaldean egin da Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Bertan, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua saritu dute, ‘Inpaktu Soziala’ kategorian, bizikidetzan egindako ekarpenagatik, erakunde-eremutik, memoriaren bidez. Epaimahaiak nabarmendu duenez, 2014an jaio zenetik, Gogora Institutua “ezinbesteko tresna bihurtu da gizartea antolatzeko eta biktimak aitortzeko eta erreparatzeko, joera ideologikoak alde batera utzita”. Halaber, Gerra Zibileko biktimen berreskurapena azpimarratu du, bai Urduñako hilerrian, bai Begoñako hilerrian, Euskadiko hobi komun handiena aurkitu ondoren.

Aintzane Ezenarro, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, sari banaketan izan da, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, Euskadiko memoria-politiken arduraduna ere badena.

Saria jasotzeko garaian, Aintzane Ezenarrok espresuki gogora ekarri ditu “herri honetan egon diren milaka bakezale ta bakegile. Egoerarik zailenetan ere bakearen alde lan egin zuten gizon-emakumeak. 80-90 hamarkadetan indarkeriari ez esateko adorea izan zutenak eta bakearen alde lan egin zutenak. Fatalismoaren aurrean elkarrekin bizitzeko aukeran indarra eta ahalegina jarri zutenak”.

Pertsona horien apustuaren memoria demokratikoa berreskuratzeko aldarria egin du Ezenarrok, “Zuek guztiok erakutsi zenioten bidea euskal gizarteari. Gure memoria demokratikoaren alderik eredugarriena zarete. Eskerrik asko, bihotzez. Bejondeizuela!”

Gogora Institutuko zuzendariak aintzatespena partekatu nahi izan du Gogora Institutuaren sorrera ahalbidetu zuten pertsonekin, “pluraltasunetik abiatuta”, lehenik Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzan gero, “bizikidetza baketsua lortzeko guztion artean eraikitako memoria beharrezkoa zela zioen adostasun bat egon zen”.

Aintzane Ezenarrok saria eskertu du egunerokoan Gogoraren lana posible egiten duten pertsona guztien izenean, “benetan pozgarria da gure lanak oihartzuna duela eta jendearengana iristen dela ikustea. Horixe da gure egiteko nagusia, erakunde eraginkorra izatea, gizartearentzat baliagarria izatea”.

Bikaintasun Sariak 2023

Radio Bilbao Cadena Ser kateak 90 urte bete ditu aurten jaio zenetik, eta, sari horien bidez, Bizkaiko pertsona ospetsuen edo erakundeen lana aintzatesten du, beren lan profesionalagatik lan ona eta bikaintasuna sustatzen baitute.

Bederatzi kategoria saritu dira. Zazpigarren edizio honetan pertsona edo erakunde hauek saritu dituzte:

-. Artea eta Kultura: Iñaki García Ergüin

-. Kirola: Ziortza Villa

-. Enpresa: Ingeteam

-. Euskara: Hitz, Hizkuntza Teknologiako Zentroa.

-. Gastronomia: Putxeren Kofradia -Olla Ferroviaria

-. Humanitateak eta Komunikazioa: Sara de la Rica.

-. Ikerketa: Azti

-. Eragin soziala: Gogora

-. Musika: Kepa Junkera

Horiei Laboral Kutxaren Audientziaren Saria gehitu behar zaie. Herri-bozketa bidez aukeratzen da eta aurten 14 lawyerrek jaso dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak