Eusko Jaurlaritzak Kontingentzia Energetikoaren Planari jarraipena ematea erabaki du, kontsumoak Europako gomendioen gainetik murrizten jarraitze aldera
- Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen bileraren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak honakoa nabarmendu du: “Gure betebeharra da urrats bat aurrera ematea eta gure bizitzan elementu berri bat barneratzea, hots, energia-kontsumoan heztea. Kontsumitzen dugunaz jabetzea”
- Hogeita hamar bat ordezkarik aztertu dute Euskadik gas-kontsumoa % 20 murriztera eraman duen planaren emaitza, eta Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legea betetzeko prozesuan aurrera egiteko modua azaldu dute
- Sektore publikoaren 2030erako Jarduketa Energetikoaren Plana ere onartu da. Plan horrek lau ekintza-ildo nagusi izango ditu: energia-efizientzia eraikinetan eta instalazioetan; berriztagarriak ezartzea eta erregai fosilak ordeztea; mugikortasun jasangarria; eta prestakuntza
Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, buru zela egin da, gaur arratsaldean, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordearen bilera. Batzorde hori Eusko Jaurlaritzako sailen, erakunde autonomoen, erakunde eta sozietate publikoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Jasangarritasunari buruzko Legea betetzeko ardura duten fundazioen eta partzuergoen koordinazio-organoa da.
Gaur hogeita hamar bat ordezkarik aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzak abuztuan abian jarri zuen Kontingentzia Energetikoaren Planaren emaitzak. Plan horrek administrazioentzat, enpresentzat eta gizartearentzat jarritako neurriei esker energia-kontsumoak % 20 egin du behera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontingentzia Energetikoaren Plana sortu zen Europako energia-testuingurua eta horrek Euskadin duen eragina aztertzearen emaitza gisa. Planak energia-kontsumoa murrizteko laguntza-programak eta ekintza-proposamenak biltzen ditu, eta, horretarako, administrazioek, industriak eta herritarrek epe labur, ertain eta luzean egin beharreko jarduketak planteatzen ditu. Bide-orri horrekin lortutako erantzunak nabarmen hobetu ditu Europako eta Estatuko gomendioak, horiek % 15ean eta % 7an, hurrenez hurren, finkatu baitziren.
Aintzat hartu behar da, “Save gas for a safe winter” Europako ekimenaren arabera, 2022ko abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean, Euskadik 3.250 GWh (0,25 bcm) murriztu behar zituela -% 15eko agertokian, eta 1.520 GWh (0,12 bcm) murriztu behar zituela -% 7ko agertokian. Urtarrilean, dagoeneko, % 20ko murrizketa lortu da, Europako Batzordeak ezarritako kalkulu-metodologiaren arabera”.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Plan hau, 2022ko uztailetik plana egiteko hasierako lanetatik, dokumentu bizia izan dela. Batetik, inplikatutako eragile guztien proposamenekin aberasten da, eta, bestetik, jarduten duen esparruetako errealitatera
egokitzen da, baita datozen hilabeteetan gerta daitezkeen eskakizunetara ere. Orain, udaberriko eta udako inguruabarretara egokituko da.
Gaurko bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du aurrera pauso bat emateko konpromisoa, “gure bizitzan elementu berri bat barneratuz: energia-kontsumoan heztea. Kontsumitzen dugunaz jabetzea”. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jarduketa Energetikoaren Plana onartzea garrantzitsutzat jo du.
2030erako Jarduketa Energetikoaren Plana: Sektore Publikoa
Horrez gain, Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak 2030erako Jarduketa Energetikoaren Plana onartu du. Plan horretan jasotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jarduketa-energetikoko unitate guztiek 4/2019 Legean jasotako nahitaezko helburuak lortzeko jarraitu behar dituzten ildo zehatzak.
Plan horren zirriborroa Batzorde honen Lantalde Teknikoari eskatu zitzaion eta joan den urtarrilaren 30eko bileran aurkeztu zen. Ez zen haren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Ildoak eta helburuak lau multzo nagusitan banatzen dira:
1. Eraikinetako eta instalazioetako energia-efizientziaren arloko jarduketak.
2. Berriztagarriak ezartzearen eta erregai fosilak ordeztearen arloko jarduketak.
3. Mugikortasun jasangarriaren arloko jarduketak.
4. Prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak.
* Plan honen informazio zehatza duzue 1. Eranskinean.
Trantsizio energetikoa: Eusko Jaurlaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako planak eta estrategiak
· Euskadiko Energia Estrategia 2030 (3E2030)
· Hidrogenoaren Euskal estrategia
· 2021-2024 aldirako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana
· Mugikortasun Elektrikoaren Euskal Estrategia
· Kontingentzia Energetikoaren Plana
· Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Energetikoaren Jarduketa Plana
· Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala
· Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legea