Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak 34 milioi euro bideratuko ditu familia eta lana bateragarri egitea sustatzera (Gobernu Bilera 2023-3-7)

2023-03-07
  • 28,75 milioi euro inguru banatuko zaizkie seme-alabak zaintzeko lan-eszedentziako egoeran dauden edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileei
  • Bestalde, 4 milioi euroko dotazio bat izango da 14 urtez azpiko seme-alabak zaintzeko langileen kontratazioa suspertzeko 

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak guztira 34,35 milioi euroko gastua baimendu du familia eta lana bateragarri egiteko Sailak sustatzen dituen programei erantzuteko. 

Programa horiek seme-alabak zaintzeko lan-eszedentziako egoeran dauden edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileentzako laguntzak aurreikusten dituzte, 2019an ezkontide ez-haurdunentzako abian jarritako aitatasun/amatasun laguntzak barne direla. Programek mendekotasun-egoeran dauden edo osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzeko lan-eszedentziako egoeran edo lanaldi-murrizketa hartu duten pertsonentzako dirulaguntzak ere jasotzen ditu, bai eta seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak ere. 

Hiru urtez azpiko seme-alabak zaintzeko lan-eszedentzian dauden langileen eta 12 urtez azpiko seme-alabak zaintzeko lanaldia murriztu duten langileen beharrei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 28,75 milioi euroko hasierako kontu-saila gaitu du. 

Helburu horrekin berarekin, Sailak 1,39 milioi euro bideratuko ditu mendekotasun-egoeran edota osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo lanaldia murriztu duten langileentzat. 

Azkenik, 210.000 euroko kontu-saila gaitu da 2022ko ekitalditik egin gabe dauden ordainketa batzuei aurre egiteko, hain zuzen ere, 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrak zaintzeko langileak kontratatzeko programari dagozkionak. 

Zaintzaileak kontratatzea

Kontziliazioaren esparruan, Gobernu Kontseiluak 4 milioi euroko kontu-saila onartu du 14 urtez azpiko seme-alabak zaintzeko langileen kontratazioa sustatzeko. 

2023an laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte besteren kontura lan egiten duten langileek, langile autonomoek eta kooperatiba-sozietateetako bazkide langileek eta lan-bazkideek. 

Laguntza horien hartzaileak izan daitezke, era berean, familia-unitateko gurasoak, betiere seme edo alaba adingabea zaintzeko kontratatutako etxeko langilearen Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuan etxekoen unitatearen titular gisa azaltzen bada. 

0 urtetik 14 urtera bitarteko seme-alabak zaintzeko pertsonak kontratatzeko laguntza kontziliazio erantzunkideari laguntzeko neurri bat da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasota dagoenaren arabera.  Horien bidez lortu nahi da aurrera egitea gizonek eta emakumeek etxeko zereginen eta zainketa-lanen banaketa ekitatibo eta paritarioan, euren lanak eta karrera profesionalak garatzen jarraitu ahal izan dezaten.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko