Arriola sailburua Espainiako Gobernuak Korridore Atlantikorako izendatu duen ordezkariaren bileran izan da
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua Gijonen izan da astelehen honetan, Espainiako Gobernuak Korridore Atlantikorako duen ordezkariaren bulegoarekin bileran.
Ekitaldian, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak tren-azpiegitura eta zerbitzuak hedatzeko egoeraren eta etorkizuneko helburuen berri eman du.
Arriola sailburuak positibotzat jo du bulegoaren lan plangintza, eta José Antonio Sebastián bertako burua Atlantikoko korridorean inplikatutako hamaika autonomia-erkidegoekin laster harremanetan jarriko dela aurrerapausotzat hartu du.
Konexio multimodal horrek bost herrialde zeharkatzen ditu – Portugal, Espainia, Frantzia, Alemania eta Irlanda – eta pertsonei eta salgaiei zerbitzuak ematen dizkie hainbat garraiobideren bidez: errepidea, trenbidea, portuak, airekoak, ibaikoak eta multimodalak.
Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak ere parte hartu du ekitaldian.