Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek ekintza plana garatuko du bederatzi zona behartsuetan, eta 1.500 langabe aktibatuko ditu

2011.eko abenduak 02

 

  • Eudel-ekin batera garatutako programa urtarrilaren 1ean hasiko da martxan eta parte-hartzaileen gutxienez % 35ek lanpostu bat lortzea izango du helburu.
  • Hona hemen jardun-eremuak: Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterria, Ibaizabal, Debabarrena, Behe Bidasoa, Oarsoaldea, Gasteiz eta Aiaraldea.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enpleguko ekintza-plan bat abiaraziko du urtarrilaren 1etik aurrera Euskadiko bederatzi zona behartsuetan. Programa hori Enpleguko Toki Planaren barruan sartuta dago eta 1.500 langabe aktibatzea izango du xede, baita horietatik % gutxienez 35ek lanpostua lortzea ere.

"Lanbideren muina langabeei orientabide pertsonalizatua ematea da, lana bilatzeko garaian; baina, horretaz gain, langabezia-tasa handienak dituzten bederatzi eskualdetan ere jardungo dugu. Programaren bitartez 1.500 langaberi laguntza eman, beste postu bat bilatu eta birkualifikatzeko asmoa dugu eta horien artetik gutxienez % 35 lanpostu berri batean txertatzea da gure helburua", esan du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak.

Txoke-programa hori Eudelekin batera garatu da eta honako eremu geografiko hauetan aplikatuko da: Bizkaian Bilbo, Ezkerraldea, Enkarterriak eta Ibaizabal; Gipuzkoan Debabarrena, Behe Bidasoa eta Oarsoaldea; eta Araban Gasteiz eta Aiaraldea. Hori horrela izanik, Bizkaian 750 langabe izango dira programaren onuradun, Gipuzkoan 450 eta Araban 300.

"Plan honen bitartez, Politika Orokorrari buruzko osoko bilkuran lehendakariak hartutako konpromisoetako bat ere beteko dugu; izan ere, langabezia-tasa handieneko eremuetan are gehiago jardun behar dela nabarmendu zuen eta, bereziki, enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean dauden tokietan, langile ugari kaleratzen baitira lan-merkatutik", azaldu du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren titular eta Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidenteak.

"Lanpostua galdu duten langile horiek langabe kroniko ez bihurtzeko gure esku dagoena egingo dugu. Prestakuntza eman behar diegu, jarduera berrietan birkualifikatu behar ditugu eta hain justu horretarako prestatu dugu ekintza-plan hau", aipatu du.

Proiektuak lau milioi euro inguruko aurrekontua izango du eta urtebete iraungo du. Proiektua garatzeko hainbat erakunde kontratatu dira eta bederatzi planetako bakoitzean gutxienez % 35eko laneratzea lortzeko konpromisoa bete beharko dute. Erakunderen batek ez badu maila hori lortzen, penalizazio ekonomikoa izango du. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan