
Victoria Landak emakumeek Ertzaintzan izan duten bilakaera azaldu du “Gipuzkoa Berdintasunean” foroan
- Aurtengo urrian lehenengo emakumeak Ertzaintzan sartu zireneko 40. urteurrena beteko da
- Eusko Jaurlaritzak emakumeak Ertzaintzan sartzea sustatzeko plan bat jarri du abian, gaur egun duten presentzia eskasa hauek kidegoan sartu aurretik zuzentzeko
Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak Diario Vasco egunkariak antolatutako “Gipuzkoa en Igualdad” foroan parte hartu du, eta emakumeak Ertzaintzan duen presentziaren bilakaera aztertu du lehenengo 94 emakumeak polizia-kidegoan sartu zirenetik 40 urte bete direnean, besteak beste.
2026rako sustapen-plana
Gaur egun Ertzaintzaren plantilllan % 83,2 inguru dira gizonak eta % 17,8 inguru emakumeak, eta, une hauetan, horietatik hiruk baino ez dute komisario kategoria, eta horietako bat intendente gisa gaituta dago, aginte-eskalako kategoria gorena izanik.
Desberdintasun-egoera horri buelta emateko, eta emakumeak Ertzaintzan sartzea sustatzeko oinarrizko helburua betetzeko, Landak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak “Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente-kategorian sartzeko I. Sustapen Plana” jarri duela abian, eta 45 ekintza zehatz, berritzaile eta ausart proposatzen dituela datozen 4 urteotan egoera pixkanaka zuzentzen joateko; hauek dira ekintza horietako batzuk:
- Hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek beteko dituzten plazen ehuneko progresiboa erreserbatzea legeak baimendutako % 40ko gehienekora iritsi arte: 2022. urtea, % 33; 2023. urtea, % 35; 2024. urtea, % 37; 2025. urtea, % 39; eta 2026. urtea, % 40.
- Proba fisikoak hurrengo deialdira atzeratu ahal izatea erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeei.
- Sarbide-probak lau urtez behin berrikustea genero-ikuspegitik, datu zientifikoetan eta neutraletan oinarrituta.
- Lanarekin lotutako ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin zerikusia duten emakumeen behar bereziak aztertzea.
- Ertzaintzako irakasleen artean emakume gehiago izatea sustatzea.
- Sexu-erasoaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezartzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.