Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

2.373 pertsona gehiago izan dira langabezian azaroan, Euskadin

2011.eko abenduak 02

 

  • Erregistratutako langabeziaren hazkundea gure inguruneko txikiena da
  • Gizarte Segurantzan 390 afiliatu gutxiago izan dira, baina Bizkaian hazi egin da afiliatuen kopurua

 

Azaroan Euskadin 2.373 pertsona gehiago izan dira langabezian; aurreko hilean baino % 1,66 gehiago eta, guztira, 144.974 ziren enplegu‑eskatzaileak. Espainia osoan, 59.536 gehiago izan dira erregistratutako langabetuak, eta 4.420.462 izatera iritsi dira. Gizarte Segurantzako afiliazioa, bestalde, murriztu egin da EAEn, 390 afiliatu gutxiagorekin (% 0,04), eta 923.224 dira egun afiliatutakoak.

Lurraldeei erreparatuz, Araban 388 langabetu gehiago izan dira (% 1,76); Gipuzkoan 788 gehiago (% 1,96) eta Bizkaian 1.197 gehiago (% 1,49).

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, datuak aztertu ondoren, azpimarratu duenez, beharrezkoa da datu horiek bi noranzkotan kokatzea. Batetik, gogora ekarri duenez, 2008. urtean krisia hasi zenean, "langabeziak 7.000 pertsona gehitu zituen hilabete horretan, eta 2011. urteko azaroan, berriz, 2.300 izan dira. Horrek esan nahi du denbora horretan hobekuntza-uneak eta berrerortzeak izan direla". Beste ikuspuntu batetik, sailburuak zehaztu zuenez, "Euskadi ez da uharte bat Europan. Euskadiko industriako sei sektorek gehiago saltzen dute kanpoko merkatuan barrukoan baino; besteak beste, aeronautikak, autogintzak eta makina-erremintak. Sektore horiek nazioarteari begira lan egiten dute, eta Europako merkatuetan zabaldutako beldurraren eragina nozitzen ari dira".

Sailburuak egoera horretatik ateratzeko lanean jarraitzeko eskatu du, eta horren ildotik berretsi du Lanbideren bulegoak arratsaldeetan irekita daudela jada, langabetuei arreta hobea emateko, bereziki orientazio pertsonalizatua emate aldera, "hori baita Lanbideren benetako bihotza".

Horrez gain, Zabaletak ekintza-plan bat iragarri du, langabezia-tasa handiena duten Euskadiko bederatzi eskualdetan aplikatzeko. Plan horren helburua zera da: hartuko dituen 1.500 langabeturi prestakuntza eskaini eta horietatik % 35i behintzat enplegua lortzea. Plana urtarrilaren 1ean hasiko da, eta horrekin beteko da Patxi López lehendakariak politika orokorreko osoko bilkuran egindako iragarpenetako bat: langabezia handiena nozitzen duten eskualdeetan erabakimenez lan egitea. "Ez dugu onartuko Enplegu Erregulazioko Espedienteengatik langabezian geratu diren langileak langabezi horretan betikotzea. Prestakuntza eskainiko diegu, beste lanpostu batzuetan lana aurkitu dezaten".

Langabezia handiagoa gizonezkoen artean

Azaroan, emakumeen artean 858 langabetu gehiago izan dira (% 1,15). Gizonen artean, berriz, igoera % 2,22koa izan da (1.515 gizonezko).

Adin-tarteen arabera, 25 urtetik beherako 383 enplegu-eskatzaile gehiago izan dira azaroan. Igoera izan da, baita ere, 45 urtetik gorakoen tartean, 643 gehiago, eta 25 urtetik 25era bitartekoetan: 1.347 gehiago.

Aurreko hilabetean 338 gehiago (% 2,57) izan dira aurreko enplegurik ez zuten langabetu gisa inskribatutakoak. Industriaren sektorea 363 gehiago izan dira (% 1,61). Zerbitzuen sektorean 1.352 gehiago (% 1,55). Aldi berean, eraikuntzan 252 pertsona gehiago izan dira langabezian (% 1,46) eta lehen sektorean 68 gehiago (% 2,97).

Euskadin erregistratutako langabeziak % 1,66ko hazkundea izan du, eta gure ingurunean izandako eboluzio onena izan du; izan ere, Nafarroan % 2,39 hazi da langabezia; Errioxan % 5,15; Kantabrian % 3,63; eta Gaztela eta Leonen % 1,82.

 Eskualdeei erreparatuz, Uribealdeak izan du eboluzio onena (26 langabetu gutxiago erregistratuta), eta Txorierrin (21 gutxiago).

Bizkaian hazi egin da Gizarte Segurantzarako afiliazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, aurtengo azaroan urrian baino 390 afiliatu gutxiago zeuden; beraz, Euskadin 923.224 afiliatu daude guztira.

Lurralde historikoei erreparatuz, Bizkaian 62 afiliatu gehiago izan dira (% 0,01), Araban 177 gutxiago (-% 0,12) eta Gipuzkoan 275 gutxiago (% 0,09).

Estatuan % 0,43 murriztu da Gizarte Segurantzako afiliazioa (111.782 afiliatu gutxiago). 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)