Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak eta Siemens Gamesak lankidetza-akordioa sinatu dute energia berriztagarrietan prestakuntza emateko

2023-03-03
  • Akordioari esker, hazten ari den eta klima-aldaketaren aurkako borrokan funtsezkoa den sektoreak behar duen eskulan espezializatu gehiago izango du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Siemens Gamesak lankidetza-akordioa sinatu dute gaur goizean, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan energia berriztagarriei buruzko irakaskuntzari bultzada emateko. Hezkuntza Sailaren aldetik, akordioa Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak sinatu du, eta Siemens Gamesa enpresa multinazionalaren aldetik berriz, Jon Lezamiz Cortazar Erakunde arteko Harremanetarako zuzendari nagusia izan da sinatzaile. Ekitaldia Tknikan egin da, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroaren Errenteriako egoitzan.

Gaur izenpetu den akordioak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunpeko guztiak hartzen ditu, nahiz eta batez ere energia berriztagarriak, industria-mantenua (erdi-maila eta goi-maila) eta elektrizitatea (goi-maila) heziketa-zikloak eskaintzen dituztenei zuzenduta dagoen. Modu horretan, energia berriztagarrietan emango den prestakuntza hori aipatutako heziketa-ziklo horietako bat behintzat eskaintzen duten Lanbide Heziketako 40 ikastetxeetako 800 bat ikaslek jaso ahal izango dute.

Akordioaren helburuetako bat da Siemens Gamesak Lanbide Heziketatik jaso ahal izatea talentua, ikastetxe horietako ikasleak bere plantillan sartuta, jarduerak hala eskatzen duenean. Era berean, akordio honen arabera, Siemens Gamesak Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleak parke eolikoen instalazioetan eta mantenuan prestatzeko konpromisoa hartzen du, Nafarroako formakuntza-eskolako prestakuntza-katalogoaren bitartez, bai modu presentzialean bai online. Bestalde, Euskadiko Lanbide Heziketak energiarekin, oro har, eta energia eolikoarekin, bereziki, lotuta eskaintzen dituen formakuntzetan Siemens Gamesak proposatutako eduki didaktikoak sartzeko konpromisoa hartzen du bere gain. Euskadiko Lanbide Heziketak espezializazio-programa horiek diseinatzen, kudeatzen eta ematen lagunduko dio Siemens Gamesari.

Siemens Gamesak, berriz, parke eolikoekin erlazionatutako materiala eskainiko dio Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe-sareari, bai fisikoa bai birtuala, eta izan litezke errealitate birtualeko aplikazioak, aerosorgailuen osagaiak edo nacelle edo makineria-kaxak (dorrearen goiko aldean kokatzen den elementua da, eta horren gainean egiten dute bira palek. Metalezko egitura batek osatzen dituen kaxa horiek dira barruan kokatzen diren gainerako elementuentzako euskarria).

Bestalde, akordioa izenpetu ondoren, ikasle zein irakasleek parke eolikoak ikusteko bisitak antolatuko dira, eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzendutako  azalpen-saioak eskainiko dira.

Akordioari esker, beharrezkoa duen eskulan espezializatua handitu ahal izango da hazten ari den sektore horretan, zeina funtsezkoa baita klima-aldaketaren eta energia-segurtasunaren aurkako borrokarako.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-03-04

    Seguridad energética a aumento poblacional global en mundo cambiante a riesgo de desastre en puntos luego para minimizar impactos resultaría bien hacer buena política de ubicaciones para dar además mayor seguridad incluido jurídica.

  • Argazkia Xaver
    2023-03-04

    Energia-segurtasuna populazioaren hazkunde globalari dagokionez, mundu aldakorrean hondamendi-arriskura aldatzen ari da puntuetan, eta, gero, inpaktuak minimizatzeko, ondo legoke kokapen-politika ona egitea, segurtasun juridiko handiagoa emateko, gainera.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak