Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

2060an 100 urteraino bizi gintezke eta hori aberastasun aukera bat da Euskadirentzat

2011.eko abenduak 02

 

2060an 100 urteraino bizi gintezke eta hori aberastasun aukera bat da Euskadirentzat

 

  • 500 bat adituk parte hartu dute SPRIk antolatutako "Zahartze Aktibo eta Osasuntsurako Berrikuntza" jardunaldian, non negozio eredu berri honek dakartzan aukerak aipatu baitira.
  • Merkatu sozio-sanitarioak 3 bilioi euro mugituko ditu Europan eta 2050ean BPGaren %6 sortuko du.
  • Euskal enpresa eta administrazioek jarduera sozio-sanitarioranzko negozio ildoak zabaldu dituzte.
  • SPRIko zuzendari nagusi den Tomás Orbeak sei giltzarri eman ditu aberastasuna sortzeko aukera hau aprobetxatzeko.

 

 

Bostehun bat aditu elkartu dira biztanleriaren zahartzeak  dakartzan negozio eta aberastasun aukerei buruzko esperientzia eta iritziak partekatzeko.  Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburuorde Olga Riverak gaur Bilbon adierazi duenez, bizi-itxaropena urtebete luzatzen da bost urte bakoitzeko eta, beraz, "2060. urterako bizi-itxaropenaren pronostikoa 100 urtekoa da". Horixe adierazi du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen) bitartez eta Osasun eta Kontsumo Sailaren laguntzaz antolatutako "Zahartze Aktibo eta Osasuntsurako Berrikuntza" jardunaldiaren inaugurazioan.

 

Ekitaldi honen helburua izan da XXI. mendeko gizarte europarraren erronka garrantzitsuenetako batek, aldaketa sozio-demografikoak, berekin dakartzan negozio- eta merkatu-aukera berriak aurkeztea, eta Riverak jarduera sozio-sanitarioak izan ditzakeen negozio-ildo potentzialak erakutsi ditu datuen bidez. Besteak beste aipatu du datozen urteetan 3 bilioi euro inguru mugituko direla merkatu horretan.

Bestalde, jardunaldiaren amaiera ekitaldian,  SPRIko zuzendari nagusi den Tomás Orbeak sei giltzarri eman ditu aberastasuna sortzeko aukera hau aprobetxatzeko: "teknologia berriak sartzea gerontoteknologian, biorrobotikan eta biomedikuntzan; ikerketaren aldeko apustua egitea errehabilitazio arloko osasungintzan; gazteen belaunaldi berriei teknologia berriak erabiltzen irakastea, Japonian eta herrialde nordikoetan egiten ari diren bezala; hirugarren adinetik gertu dauden belaunaldiak proaktibo izan daitezela sustatzea zenbait esparrutan; horretarako beharrezko diren baliabide publiko ekonomiko guztiak bideratzea eta zerbitzu sozio-sanitarioen kostua murriztea, inplikatutako enpresen eta erakundeen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetuz".

Europako Legebiltzarrak eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2012. urtea "Zahartze Aktiboaren eta Belaunaldi arteko Elkartasunaren Urte Europarra" izendatu dutela aprobetxatuz, ekitaldi hau gaur goizean ospatu da Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) Bilbon duen paraninfoan (Bizkaia Aretoan).

 

Esan bezala, jardunaldian aurkeztu dira sektore berri honen erronka eta aukerak, arlo honetako politika eta laguntza-tresnen esparru orokorra eta Europako Batzordeak bultzatutako ekimenak. Hala, aditu talde batek azaldu ditu Belgikan, Holandan eta Alemanian egin diren eskualde mailako esperientziarik aurreratuenak. Hori guztia osatzeko, enpresen ikuspegia ere ezagutu dugu, sektore berri honetako produktu, zerbitzu eta negozio ereduen berrikuntzan jardunbide egokiak izan daitezkeen kasu errealen bidez.

 

Parte-hartzaileen artean aipatzekoa izan da Peter Raeymaekers, Flanders´ Care ekimenaren koordinatzailea; Flandriako Osasun Ministerioak sustatutako ekimen horren bidez berrikuntza sustatzen da sektore sozio-sanitarioan eta industria, ikerketa eta osasun zerbitzuen arloetan. Eta aipagarria izan da baita ere Winrich Breipohl, Institut Arbeit un Technik-eko Osasun arloko nazioarteko koordinatzailea. Alemaniako Unibertsitate baten menpeko erakunde horrek Europako bederatzi eskualdetako esperientziak biltzen dituen sarea bultzatzen du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Tomas Orbea