
Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak argi berdea eman dio ‘Martxoak 3 Elkartearekin’ hitzarmena egiteari
- Nerea Melgosa sailburuak lehen aldiz parte hartu du Gogora Institutuaren zuzendaritza-kontseiluaren bileran
- Datorren martxoaren 24an, Gogora Institutuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak José Humberto Fouz, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga omenduko dituzte, ekitaldi bateratu batean, ETAk desagertarazi zituela 50 urte betetzen direnean
Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluaren bilerako buru izan da, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera. Melgosa sailburuak lehenengoz parte hartu du bertan, sailaren ardura hartu zuenetik.
Bilera gaur arratsaldean egin da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan, eta, bertan, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak baimena eman du ‘Martxoak 3 Elkartearekin’ hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horrek bi erakundeen arteko lankidetza ahalbidetuko du, 1976ko martxoaren 3ko gertaerak ikertu, inbentariatu, dokumentatu eta zabaltzeko. Lan horiek guztiak beharrezkoak dira Martxoak 3-Memoriagunea etorkizuneko Memoriala sortu eta edukiz hornitzeko.
Bileran, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzek eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok aurtengo Jarduera Plana aurkeztu dute, Institutuak bultzatutako azken jardueren berri emateaz gain.
Horrela, Galdakaoko Udalarekin herrian Duintasunaren Kolunbario berri bat eraikitzeko aurreratutako kudeaketen berri zaio Kontseiluari. Elgoibarren eta Urduñan daudenak ia beteta geratuko dira 2022ko abenduan Urduñako hilerrian lurpetik atera zituzten 57 pertsonen gorpuzkiak gordetzen dituztenean.
Datozen ekitaldiak
Halaber, martxorako aurreikusitako ekitaldi publikoen berri eman da, besteak beste:
Polloeko mausoleo frankistan lurperatutako errepublikarren omenezko ekitaldia, Donostiako Udalarekin eta biktimen familiekin batera, martxoaren 12an izango da, 11: 00etan, hilerrian bertan. Errepublikar borrokalarien izenak jasoko dituen plaka bat eta Elgoibar eta Urduñako kolunbarioen buru den ‘Duintasuna’ eskulturaren tamaina txikiagoko erreplika bat jarriko dira.
Datorren martxoaren 24an, Gogora Institutuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ekitaldi bateratu batean gogoratuko eta omenduko dituzte José Humberto Fouz, Jorge Juan García Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga, ETAk desagertarazi zituela 50 urte betetzen direnean. Oroitzapen- eta omenaldi-ekitaldi hori Gasteizko Oroimenezko Zentroan bertan egingo da, 12:00etan.
Gogora Radio Bilbao Bikaintasunaren Saria
Bestalde, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua saritu du Radio Bilbao Cadena Ser irratiak 2023ko Bikaintasunaren sarietan, gizarte-inpaktuaren kategorian. Sarien epaimahaiak aintzat hartu du “erakundeen eremutik bizikidetzari egindako ekarpena, memoriaren bidez”, eta “ezinbesteko tresna” bihurtu dela “gizartea artikulatzeko eta biktimak aitortu eta erreparatzeko”. Sari banaketa martxoaren 16an izango da, 18:00etan, Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Eusko Jaurlaritzaz gain, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluan honako hauek daude ordezkatuta: Eusko Legebiltzarreko taldeak, hiru aldundiak, EUDEL eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru pertsona: Paco Etxeberria, auzitegi-medikua eta gaian aditua; María Jauregi, ETAk 2000n hildako Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alaba, eta Josu Elespe, ETAk 2001ean hildako Lasarteko PSE-EEko zinegotziaren semea.