qrcode

Lehendakariak arrantza sektorea babesten eta laguntzen jarraitzeko deia egin du

2023-03-04
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkulluk, Tapia sailburuarekin batera, Ondarroako Portuko lonja berria bisitatu du

Iñigo Urkullu lehendakariak arrantza sektorea babesten eta laguntzen jarraitzeko deia egin du, gaur goizean, Ondarroako portuko lonja berrira egindako bisitan. Bertan izan da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua ere. Horrela, azpimarratu du erakundeen lana eta ardura dela sektoreari ahalik eta erraztasun gehien ematea. “Arrantza, ez da babestu beharreko lanbide klasiko bat. Gure bizimodu eta kulturaren parte bat da. Sektore estrategikoa bat, hain zuzen ere. Behar zaituztegu eta horretarako ezinbestekoa da gaur bezalako azpiegiturak eraikitzea”, adierazi du.

Lonja berria  inguratuz hasi da bisita, lonja eraiki aurreko arrantza-jarduera nolakoa zen ikusi ahal izan delarik. Ondoren, barrualdean ibilbide bat egin da instalazioetan zehar. “Gaur aurkezten dugun 19 milioi euroko inbertsio honi esker arraina deskargatzeko Euskadiko porturik garrantzitsuenak aurrerapauso erabakigarria emango du”, nabarmendu du Lehendakariak.

Lehendakariak aukera baliatu du arrantzaleen lana balioan jartzeko, baita arrantza jardueraren ondoren sortzen den kate osoan lanean dauden guztiei aitortza egiteko. Halaber, emakumeen lana nabarmendu du, saregileena, neskatilena edo paketatzaileena. “Kate honen atal bakoitzean balio erantsia dago eta azpiegitura berri honek kate osoari egingo dio mesede”, adierazi du.

Etorkizunera begira eta belaunaldi berriek itsasoaren jarduerari eusteko helburuarekin, Lehendakariak azaldu du “Antiguako Ama Arrantza Eskola” berritu dela, bertan etorkizuneko arrantza jasangarriari erantzuteko gazteak prestatuko direlarik.  

“Asko zor diogu gure lehen sektoreari eta arrantzari. Gure nortasunaren funtsezko zutabea da. Hori gogoratu eta aitortu behar dugu, gaur eta beti”, amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak