Hegazti-gripe kasu berria detektatu da Vitoria-Gasteizen gaixorik aurkitutako antxeta mokogorri batengan
• Aurkikuntza berri hori Euskadiko administrazioaren zaintza indartzearen ondorio da. Zaintza horren xedea da birusak goiz detektatzea, gaixotasuna agertzekotan geldiarazi ahal izateko.
• Eskortako hegaztiak kalean hazteko debekua mantentzen da Arabako zazpi udalerritan, eta udalerri horietan ez dago merkataritzako basa-ustiategirik.
NEIKEReko Abereen Osasuneko Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripeko (PHHG) kasu berri bat detektatu du Vitoria-Gasteizen gaixo agertu zen antxeta mokogorri batengan. Basa-hegaztia Arabako Foru Aldundiaren Martioda basa-fauna berreskuratzeko zentroan bildu zen.
Aurretik, dagoeneko detektatu izan dira hegazti-gripeko fokuak antxetengan Bizkaian eta Gipuzkoan; hala, 2022ko maiatzaz geroztik guztira 25 foku detektatu dira Euskadiko hiru lurraldeetan. Foku horiek guztiak basa hegaztietan aurkitu dira, eta honako espeziei hauei eragin diete: zangak, putreak, zikoinak, antzarak, ubarroiak eta kaioak. Lagin berria dagoeneko bidali diote Algeteko Erreferentziazko Laborategi Nazionalera, egiaztatzeko.
Aurkikuntza horiek 2021eko urriaz geroztik gaixotasuna detektatzeko egiten ari den zaintza indartzearen ondorio dira; izan ere, garai horretan, orain arte erregistratutako hegazti-gripe epidemiarik handiena hasi zen. Zaintzaren helburua da birusa goiz detektatu ahal izatea, gaixotasuna geldiarazi ahal izateko fokuak agertzen badira.
Gainera, Eusko Jaurlaritza eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko hegazti-sektorearekin batera, beste kontrol-neurri batzuk abiarazten ari dira, eskortako hegaztiak gaixotasun horrekin kutsa ez daitezen. Gainera, susmoa dagoenean jarduteko moduari buruzko informazio-materialak eta eskuliburuak sortu dira. Material hori hegazti-ustiategiei eta hegaztiekin kontaktuan egon daitekeen pertsona orori banatu zaie. Era berean, hegazti sektorean lan egiten duten pertsona guztiei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu dira.
Bestalde, joan de abenduaren 16an, EHAAn Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak emandako Agindua argitaratu zen. Horren bidez, hegazti-gripearen aurkako prebentzio-neurriak ezartzen dira Euskadin. Neurri horiek hegazti-ustiategietako zaintza indartzera eta biosegurtasuna areagotzera bideratuta daude. Halaber, azken hilabeteetan ez da baimendu hegaztiak azoketan, merkatuetan, erakustaldietan eta abeltzaintzako lehiaketetan egotea.
Arabako Foru Aldundiak eskortako hegaztiak kalean hazteko debekua mantentzen du APA 782/2022 Aginduaren II. eranskinean identifikatutako arriskuko sei udalerrietan; hori horrela, babes-neurri bereziak ezarri dira hegazti-gripeari lotuta. Honako hauek dira udalerriok: Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Elburgo/Burgelu, Legutio, Vitoria-Gasteiz eta Zigoitia. Gainera, debeku horrek Iruña Oka udalerriari ere eragiten dio, 2022ko amaieran udalerri horretan antzarrengan deklaratutako fokuaren ondorioz. Nolanahi ere, zazpi udalerri horietako bakar batean ere ez dago hegaztien merkataritzako basa ustiategirik.
H5N1 birusak pertsonak kutsatzeko duen potentziala txikia da, eta, edonola ere, ezin zaie transmititu pertsonei hegazti-haragia, arrautzak edo hegazti horietatik eratorritako edozein elikagai kontsumituta. Hala ere, eta birusa hedatzea ekiditeko, hilda edo hilzorian dauden hegazti basatiak ez dira manipulatu behar, eta berehala jakinarazi behar zaie larrialdi-zerbitzuei 112 telefono-zenbakiaren bidez, foru-zerbitzu ofizialek jaso ditzaten.