Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2.300.000 eurorekin lagundu du ehun eta hamar enpresen ingurumen-hobekuntza

2011.eko abenduak 02

 

Euskal Autonomia Erkidegoko 110 enpresek guztira 2.319.000,0 euro jasoko dituzte ingurumena babesteko proiektutan inbertitzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2011ko deialdian emandako diru-laguntzei esker.

 

2010ean argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak ematea arautzen duena. Dekretu horrek diru-laguntzak banatzeko bi prozedura sortu zituen: prozedura arrunta (norgehiagoka eta hainbanaketaren bidezko kuantifikazioa) eta prozedura erraztua (norgehiagokarik gabeko prozedura).

Aurtengo deialdian, 138 euskal enpresek 182 proiektu aurkeztu dituzte ingurumeneko diru-laguntzen programaren barruan. Aurkeztutako eskaerak aztertu eta balioetsi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak 110 enpresatako 137 proiektu diruz laguntzea ebatzi du.

Prozedura arruntari jarraiki, 53 enpresatako 67 proiektu diruz lagundu dira; eta horiek gauzatzeko orotara ia 17 milioi euroko inbertsioa egingo da. Diruz lagundutako enpresen % 64 enpresa txikiak edo ertainak dira. Diru-laguntza horien gaikako banaketari dagokionez, % 41 hogeita bi aire-proiektu diruz laguntzera bideratu da, % 32 hogeita lau hondakin-proiektutara, % 23 hamasei ur-proiektutara eta gainerakoa lurzorua, zarata eta beste esparruetako ingurumen-ikerketetara.

Horrez gain, prozedura erraztuan 67 euskal enpresek eta 70 proiektuk jaso dituzte diru-laguntzak. Tartean, sei proiektu moldekatu burdinurtuzko hondarren balioztapena egiteko aukera ematen duten ekipamenduak ezartzeko eta 47 proiektu ekodiseinuko, ekoetiketatzeko, karbono arrastoko eta baso-egiaztapen jasangarrirako; eta hurrengo helburuak lortzeko beste zenbait proiektu: berotegi efektuko gasen isurketa murriztea, ingurumen-ikerketak egitea, EMAS erregistroan sartzea eta Eusko Jaurlaritzako IKS eeM Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema Integralarekin jarduteko beharrezkoak diren moldaketak egitea.

Hauek dira, besteak beste, diruz lagundutako proiektuen ezarpenarekin lortzea espero diren ingurumen-onuretako batzuk:

  • Berotegi efektuko gas isurketaren murrizketan, urtean 165 tona CO2.
  • Atmosferara isurtzen diren gas kutsatzaileen isurketa murriztea: urtean 1.022 tona partikula, 52 tona KOH, 8 tona SO2 eta 8 tona NOx.
  • Urtero 390.000 m2 ur aurreztea eta, uretara isurtzen diren likido industrialetan, 46 tona solido eseki eta 120,4 tona karga organiko (OEK) ekiditea.
  • Hondakinen murrizketa. Espero da, alde batetik, sortzen diren 1.521 tona hondakin arriskutsu eta 79.843 tona hondakin industrial ez arriskutsu murriztea urtero, eta, bestetik, 3.493 tona hondakin arriskutsu, 2.715 tona hondakin ez arriskutsu eta 1.900 tona eraikuntzako eta eraisketetako hondakin (EEH) berrerabili, birziklatu eta balioztatu ahal izatea.
  • Kutsatuta egon daitezkeen 7.000 m2 lurzoru ikertzea eta berreskuratzea.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko