Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Laguntzetarako eta bere kudeaketa-gastuetarako diruaren arteko ratioa hirukoizten du SPRIk

2011.eko abenduak 02

Bernabé Unda sailburuak Legebiltzarrean azaldu du nola murriztu den goi-kargudunen kopurua eta nola erabiltzen diren modu eraginkorragoan baliabide publikoak.

Industria Sailaren goi-kargudunen kopurua % 20 murriztu da legegintzaldi honetan.

Bernabé Unda sailburua gaur agertu da Eusko Legebiltzarraren kontroleko osoko bilkuran legegintzaldi honetan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean izandako goi-kargudunen eta kostuen murrizketa azaltzeko.

Undak 2009. urtean aurkitu zuen egoeraren berri eman du, eta nola berrantolatu dituen Saila eta haren mendeko sozietate publikoak "baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa egiteko".

2009. urtean, Sailak 24 goi-kargudun zituen guztira Lakuan, eta beste 22 sozietate publikoetan. "Lehenik", sailburuak adierazi duenez, "egitura horren errentagarritasuna eta egoera aztertu genituen, datu horiekin egituraren bilakaera bat diseinatzeko, betiere errentagarritasuna hobetze aldera".

Orduz geroztik, baliaturiko diru publikoaren errendimendu handiena lortzea izan da sozietate publikoen helburua, betiere sozietateari berari itzultzeko. Egitura berrantolatu egin zen, eta eraginkortasuna hobetzea izan da horren emaitza.

Sailak 24 goi-kargudun zituen lehen, eta orain, aldiz, 19, hau % 20ko murrizketa izan da. Sozietate publikoak orokorki hartuta, lehen 22 kargudun zeuden eta orain, aldiz, 5 baino ez, aste honetan argitaraturiko eta Jaurlaritzaren Kontseiluak berriki onarturiko azken murrizketaren ondoren. Horrenbestez, aurreko legegintzaldian zeuden sozietate publikoetako goi-kargudunen % 60ko murrizketa da gaur egungo egoera.

Sailean, zehazki, 3 zuzendari, sailburuorde-maila zuen aholkulari bat eta zuzendari-maila zuen beste bat murriztu dira. 24 kargudunetik 19ra izandako beherakadari esker, zehazki % 25,88 jaitsi da goi-kargudunen eta aldi baterakoen soldaten kostua eurotan.

Sozietateei dagokienez ere murrizketa izan da kostuetan:

  • 2009an SPRIren langileen kostua 5,7 milioi zen eta 2012an 5,5 milioi bildu dira aurrekontuan.
  • Sprilur sozietatean, langileen gastuak 4,47 milioira iristen ziren eta 2012rako 3,92 milioi bildu dira aurrekontuan.
  • Parke Teknologikoetan, 2009ko langileen gastuak 2,75 milioi ziren eta 2012rako 2,5 milioi bildu dira aurrekontuan.
  • EEE taldean, 2008ko langileen gastuak 5,3 milioi izan ziren, 5,9 milioira iritsi ziren 2009an eta 2012rako 5,8 milioi bildu dira aurrekontuan.
  • Basquetour agentzian, 2009ko langileen gastuak 870.000 eurora iritsi ziren eta 2012rako 820.000 euro bildu dira aurrekontuan.

Sailburuak SPRIren kasua azaldu du, besteak beste, non legegintzaldiaren hasieran goi-kargudun bakoitzeko 10 langileko ratio handia zegoen. Hau da, 196 enplegatu 19 zuzendarirentzat. Une honetan, 2 zuzendari-kargudun baino ez daude langile kopuru berdinarentzat.

Undak jakinarazi du, halaber, kargua hartu zuenean "SPRI Taldearen goi-zuzendaritzako kontratuekin loturiko txosten juridiko bat eman ziotela, ia guztiak biltzen zituena, eta banaka deklaratzen zuten ez zirela uztartzen zeuzkaten ahalmenekin. Beste hitzetan, goi-zuzendaritzako kontratu gisa landu eta sinatu zituzten, baina egiaz ez ziren halakoak txostenaren arabera, zeuzkaten ahalmenek mugatu egiten baitzituzten".

Horregatik, sailburuak azaldu du bere lehen kezka "baliabide publikoen erabilera eraginkorra egitea" izan zela. Ustiapen-kostuak % 20 murriztea eta enplegatuek kudeaturiko diru-laguntzen ratioaren errendimendua gehitzea dira helburuak.

Ildo horretan, gutxiagorekin gehiago nola egin daitekeenaren eredu izan da SPRI. 2009an SPRIk kudeaketa-gastuetarako bideratzen zuen euro bakoitzeko 3,3 bideratzen zituen laguntza eta inbertsioetarako, eta 2012rako, aldiz, barne-gastuetako euro bakoitzeko 9 euro inbertitzea dago aurreikusita. Hau da, sozietatearen eraginkortasuna hirukoiztu egin da.

Eta eraginkortasuna gehitzeaz gain, gehiago ere egin du. 2001etik 2012ra bitarte % 11 gehitu dira laguntza eta inbertsioak. Gainera, enplegatu bakoitzeko emandako diru-laguntzen zenbatekoa definitzen duen ratioa % 54 hazi da 2008tik 2010era.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 2a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)