Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Aurkeztu berri dira mendi-ibiliak eta zikloturismoa praktikatzeko Euskadin ibilbide erreferente den Plazaola Bide Berdea sustatzeko material berriak

2023-03-06
  • Bide Berdeak Euskadiko turismo-ereduaren parte dira eta eredu horrek desestazionalizazioa, hain turistikoak ez diren eremuetako fluxuen mugimendua, eskaintzaren aniztasuna eta turismo arduratsua sustatzen ditu

  • Ekitaldia Andoaingo interpretazio-zentroan egin da eta bertan aurkeztu dira Bide Berdearen gida eta ikus-entzunezko material berriak


Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Maider Lainez alkateak Plazaola Bide Berdea sustatzeko material berriak aurkeztu dituzte gaur Andoainen. Sailburuaren ustez, azpiegitura horiek eta zikloturismoaren praktika lehentasunezko ardatzak dira Euskadiko turismo-eredu jasangarrian, alderdi hauek bultzatzen dituztelako: desestazionalizazioa, hain turistikoak ez diren eremuetako fluxuen mugimendua, eskaintzaren aniztasuna eta turismo arduratsua. Bide Berdeek, gainera, gaur egun ezagutzen dugun Euskadi osatu duen gure ondare industriala ezagutarazten laguntzen dute. Izan ere, trenbideen garapena beharrezko elementua zen XIX. eta XX. mendeetako industrializazioan.

Plazaola Bide Berdea Euskadiko paraje ederrenetako batzuetatik igarotzen da, eta Topic museoa, Sagardoetxea edo Chillida-Leku museoa bezalako kultur baliabide ugari ditu bisitatzeko. Ibilbidea urteko edozein sasoitan egin daiteke, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren konpromisoa da ibilbidea sustatzen, bultzatzen eta lankidetzarako eta baterako lanerako sarea indartzen jarraitzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari, Donostialdeko eskualdeari, Tolosaldeko eskualdeari eta Andoaingo Udalari, baita Plazaolako Turismo Partzuergoari ere, bide berde hori sustatzeko elkarrekin egindako lanagatik.

Euskadiko zikloturismoko estrategian aurreikusitako jardueren artean daude, besteak beste, Bide Berdeen Jardunaldiak, errepide bidezko turismo-ibilbideen eskaintza (Euskadi cycling), baterako marketineko ekintzak eta Euskadi Bike Country kluba sortzea. Gainera, tailer profesionalak antolatzen ari dira enpresa turistikoei zikloturismoko produktua bideratzen laguntzeko. Datorren 13an eta 14an alojamendu-zerbitzuetako enpresei eta turismo-zerbitzuetako enpresei zuzendutako tailer espezifikoak emango dira. Enpresek bizikletaz bidaiatzen duten pertsonen lekuan jarri eta hainbat gai landu ahal izango dituzte: zer behar duten eta zerbitzuak nola egokitu, zikloturismoaren merkatua nola egituratzen den eta zein diren merkaturatzeko bide nagusiak.

Maider Lainezek nabarmendu duenez, “Andoaingo Udalak urteak daramatza apustu argia eta irmoa egiten Plazaolako Bide Berdearen baliabidearen alde, parte baita andoaindar guztien bizitzan, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna bultzatzen duelako, baita aisia ere, Leitzaran Haranarekin lotzen gaituen komunikazio-ardatz nagusia denez gero”.

Horregatik, “Udaletik natura-turismoa bultzatzen dihardugu, bere segmentu nagusiak ukituz ekoturismoa eta mendi-ibiliak eta Plazaolako bide berdeak adierazten duen ardatz egituratzaile honen inguruan baliabide erakargarriak sortuz. Adibide argi bat dugu eraikin hau Leitzaran Bisitarien Etxea Andoainera hurbildu eta Plazaolako bide berdeari eta Leitzaran haranari buruzko informazioa lortu edo gune horietan natura-turismo aktiboko jardueraren bat egin nahi duen edozein bisitari edo turistarentzat erreferente den hau”, jakinarazi du Lainezek.

Alkateak azpimarratu duenez, “turismo jasangarria bultzatzearekin batera, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan programa ugari egin ditugu igeltserotza, eraikuntza, baso-mantentzea edo turismo aktiboa, besteak beste, iraupen luzeko langabeei edo gazte langabeei zuzenduak”.

Azkenik, “nabarmentzekoa da Plazaolako bide berdea funtsezko elementua dela natura-turismoa tokiko ekonomia dibertsifikatzeko tresna gisa sustatzeko eta, aldi berean, garapen jasangarriarekin konprometituta dagoen Andoain herriaren irudia proiektatzeko balio duela” esanez amaitu du Lainezek.

 

 



Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)