Berriak Lehendakaritza

Errioxako osasun-gatazkan berehala esku hartzeko eskatu dio lehendakariak Rajoyri

2011.eko abenduak 02

Lehendakariak «toki-kazikeak» amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidente izango denari

Arabako Errioxako pazienteak Gasteizko osasun-zentroetara eramateko doako garraio-sistema eskaintzeko baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiari. Era berean, Lurraldearteko Osasun Batzordeari premiazko bilera eskatuko dio, auzi honen inguruan erantzun dezan; horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoarekin muga egiten duten autonomia-erkidego guztietako osasun-sailburuekin konferentzia bat antolatuko du (Errioxarekin barne), bakoitzaren pazienteekin zer arazo dauden aztertzeko.

Lehendakariak esan du onartezina dela Errioxako presidentearen jarrera, Arabako Errioxako pazienteei uko eginda herritarren eskubide unibertsalak urratzen dituelako, edonongoak direla ere.

Lehendakariaren hitzetan, ezin da akordiorik lortu «aldeetako batek elkartasun-kontzepzioa hausten duenean eta elkar ulertzeko aukera guztiak zapuztu nahi dituenean».

Lópezek esan duenez, Errioxako presidenteak euskal kutsuko ororen kontrako gerra hauteskunde-oinari bilakatu du, eta ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela onartuko tankera horretako jarrerarik; «Izan ere, ezin dugu onartu bere ibilbide politikoa indartzeko gure herriko herritarren osasuna kinka larrian jartzerik».

Lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritzak ez duela alboko autonomia-erkidegoen kontrako borrokarik abiaraziko, eta ez dituela EAEko pazienteak edota beste autonomia-erkidego batzuetakoak enfrentamendu demagogikoen munizio gisa baliatuko.

Lópezek adierazi duenez, Errioxako presidenteak arrazoi ezkutuak eduki bide ditu gerra arduragabe honen atzean: «Antza denez, ez zaio gustatzen Errioxako emakumeek Legeak jasota bezala abortatu ahal izatea. Eta, legez galarazterik ez daukanez, Errioxatik kanpo bidali nahi ditu halakoak egitera. Izan ere, urtean Errioxako 500 haurdunaldi EAEko ospitaleetan eteteko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari», jakinarazi du Lópezek.

Lehendakariaren esanetan, Alderdi Popularrak aukera polita dauka zer Espainia eredu nahi duen argi uzteko: «Autonomia-erkidegoetako gobernuek kudeatutako eredua, solidarioa eta kohesionatua, edota toki-kazikeek zatitutako herrialdea». Halaber, Mariano Rajoyren isiltasun ikaragarria ere salatu du, eta polemika hau amaitzeko neurriak «berehala» hartu beharko lituzkeela iritzi dio.

Lópezek argitu du Osakidetzak osasun-asistentzia emango diela Arabako Errioxako herritar guztiei, eta, horrez gain, ez diela halakorik ukatuko Kantabriako, Errioxako, Nafarroako edota Gaztela eta Leongo herritarrei ere. Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza ez da «elkartasunik gabeko ohiturak hartzen hasiko».

 

 

 

 

2 iruzkin
  • @leirediezpas
    2011.eko abenduak 03

    Comentario de Twitter:
    Éstos del PP, definitivamente, son poco listos. Si el mezquino de La Rioja se niega a atender a los vascos,... http://t.co/XBowIX9Z

  • @vali_vali_
    2011.eko abenduak 02

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari denuncia el "silencio clamoroso" de Rajoy ante la "guerra a lo vasco" del Presidente de La Rioja @Irekia http://t.co/ccS7wQ51

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)