Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak trafikoaren arloko 2023rako ekintza-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkurari

2023-03-02
  • Berrikuntzen artean: bide-segurtasunaren aurkako delituak egin dituztelako askatasun gabetuta dauden pertsonei zuzendutako sentsibilizazio-programa
  • Horrez gainera, 2022ko istripuen balantzea eta memoria ere aurkeztu dituzte

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak 2023rako aurreikusitako ekintza-plana aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Horrez gainera, 2022an, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren baitan, gauzatutako jardueren memoria ere aurkeztu dute.

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza, trafiko-istripuen biktimen elkarteak eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.

2022ko Jarduera Memoria

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak 2022ko istripuen balantzea aurkeztu du. Mugikortasuna pandemia aurreko mailetara leheneratzeak markatu duen urtean 44 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan, 2019an (parekatzeko moduko azken urtean) baino 7 gutxiago. Egin den analisian adierazi da istripuen tasak % 13 egin duela behera, eta trafiko-istripuetan hildako pertsonen % 68 kolektibo zaurgarri batekoak zirela: 14 motozale, txirrindulari bat eta 15 oinezko. 2019arekin alderatuta, ehuneko horrek % 16 egin zuen gora eta 2021ekin alderatuta % 43. Trafiko-istripuetan hildako 25 pertsona gidariak ziren (14 motor-gidariak, bat bizikleta-gidaria eta 10 autoen edo beste ibilgailu batzuen gidariak), 4 bidaiariak eta 15 oinezkoak. Generoari dagokionez, hildakoen % 77 gizonak ziren (34) eta % 23 emakumeak (10).

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak aipatu du iaz sinatu zela Euskadin Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna. Legealdiko trakzio-proiektu honen helburua istripuen tasa jaistea da, 2050erako trafiko-istripuen ondorioz zero biktima izateko helburuarekin. Erakundeek eta gizarte-eragileek Euskadiko errepide-sarean mugikortasun seguruagoa izatearen alde hartutako konpromisoa sendotzen duen akordioa da.

2022ko Memorian jarduketa hauek ere jaso dira: batez ere ibilbide luzeko mugikortasuna berreskuratu izana; zilindrada ertaineko eta handiko motor-gidarientzako ikastaroak; Don´t be Dummy estrategia sendotu izana edo Trafikoko Jardunbide Profesionala formatu presentzialean egin izana Bilbon, Deustuko IIBZ Liburutegian.

2023ko Ekintza-plana

2023ko Ekintza-planaren berrikuntza nagusietako bat bide-segurtasunaren aurkako delituengatik askatasun gabetuta dauden pertsonei zuzenduta abian jarriko den sentsibilizazio-programa da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailarekin elkarlanean gauzatuko da. Helburua errepidean arriskuko portaerak prebenitzea da.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen bide-segurtasuna hobetzeko ekimenak gauzatzea ere baloratuko da, Diversivial. Hiri jasangarriak sortzeko bidaia azterlanaren ondorioak kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzak eskatuta UPV/EHUk egin duen azterlan hori gaur aurkeztu zaio Bide Segurtasuneko Batzordeari.

Bestalde, 65 urtetik gorakoen kolektiboan harrapatzeei aurrea hartzeko programa berri bat ere jarriko da abian, hiri barruko edo hiriarteko trafikoaren ondorio diren arrisku-egoeretan autobabesa sustatzeko.

Laneko bide-segurtasunaren esparruan, autoikaskuntzako erreminta berri bat ezarriko da; bide-segurtasunarekin konprometituta dauden euskal enpresak biltzen dituen Innovabide Sareko enpresen topaketan aurkeztuko den aplikazio bat. Topaketa datorren martxoaren 16an egingo da Euskadiko Artxibo Historikoan.

Bestalde, foru-aldundiekin datuak trukatzeko lankidetza-hitzarmenak sinatzeko lanean jarraituko da; aforadore eta OCR (matrikulak irakurtzeko) sarea berritzen amaituko da; eta tresna berri bat gaituko da garraio berezien baimenen izapideak arintzeko, foru-aldundiekin batera egingo den lanari esker.

Gainera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek istripuei aurrea hartzeko 45 zaintza- eta kontrol-kanpaina egingo dituzte, motor-gidarientzat ikastaro berriak antolatuko dira, ikastetxeentzako material didaktikoak argitaratuko dira, ikasleekin programa espezifikoen bidez lan egingo da eta mugikortasunaren eta bide segurtasunaren arloan ezagutzak trukatzeko eta hedatzeko jardunaldiak egingo dira.

2 iruzkin
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak