Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

2012an Euskadin antolatuko da kluster eta berrikuntza arloetako munduko aditu handienak biltzen dituen kongresua

2011.eko abenduak 02

 

2012an Euskadin antolatuko da kluster eta berrikuntza arloetako munduko aditu handienak biltzen dituen kongresua

 

Industria Sailak eta Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Zeelanda Berrian lortu dute 2012an Euskadira ekartzea The Competitiveness Institute (TCI) erakundearen 15. Urteko Konferentzia.

 

Urriaren 16tik 19ra bostehun aditu inguru etorriko dira Euskadira eta 100 herrialdetako 3.000 aditu baino gehiago elkarrekin harremanetan jarriko dira.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Euskadira ekartzea lortu dute The Competitiveness Institute (TCI) erakundearen 15. Urteko Konferentzia, kluster eta berrikuntza arloetako mundu osoko aditu handienak elkartzen dituen biltzarra. Ekitaldi hori 2012ko urriaren 16tik 19ra izango da. Mundu osoko 300-500 ordezkari etorriko dira konferentzia horretara. Printzipioz, saioak Bilbon eta Donostian ospatuko dira.


Inmaculada Freije, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Plangintza eta Estrategia zuzendariak  eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko José Luis Curbelo zuzendari nagusiak jaso dute Zeelanda Berriaren lekukoa, Euskadiko eta Zeelanda Berriko banderak sinbolikoki trukatu dituzten ekitaldi batean.

 

 Freijek adierazi duenez, "honen bidez aitorpena egiten zaie Euskadik bereziki industriaren, klusterren eta plangintzaren alde eginiko apustu estrategikoei eta politikei". Bestalde, Curbelok esan duenez, "Orkestrarentzat erronka eta aukera handia da lehiakortasunaren arloko eragile garrantzitsuenak Euskadira ekartzea. Baliagarri izango zaigu euskal enpresen eta eragileen dinamismoa ezagutarazteko eta beste batzuen esperientzietatik eta jardunbide egokietatik ikasteko".

 

Hala,  aurten Zeelanda Berrian gertatu bezala, datorren urtean Euskadin elkartuko dira kluster eta berrikuntza arloetako munduko autoritate handienak. TCIk urtero lau konferentzia antolatzen ditu, Europan bata eta Asian, Latinoamerikan eta Afrikan beste hirurak. Ondoren, hemen hizpide dugun konferentzia globala antolatuko du Euskadin.

 

100 herrialdetako 3.000 aditu konektatzen ditu sareak.  409 kide aktibok osatzen dute, nazioko eta eskualdeko agentziak, kluster-elkarteak, erakunde akademikoak eta beste konpainia batzuk barne.  900 aditu bildu dituzte aurten sarearen konferentziek.

 

Klusterren, lurralde-lehiakortasunaren eta berrikuntzari eman beharreko laguntzaren garapen-praktikan aurrerabidea sortzeko foro bihurtzea da klusterren sare garrantzitsuenak biltzen dituen munduko sare horren helburua, profesional eta ikertzaileentzat TCI komunitatean elkargune izateaz gainera. Azken ideiak aztertzeko eta klusterren eta lehiakortasunaren alorrean profesional eta analistentzako etorkizuneko erronkak eztabaidatzeko gunea izan nahi du.

 

2012ko urriko hitzordua aukera bikaina izango da kluster politiken arduradunek eta akademikoek elkarrekin aurrera egin dezaten etorkizuneko erronkak ulertzeko bidean eta halaber ikuspegi praktikoak ere eztabaidatuko dituzte, esaterako turismo iraunkorraren sektoreko lehiakortasuna, IKT, bio eta nano sektoreak, espezializazio adimentsua, kudeaketa taldeak, jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa, sormena eta lankidetza, lidergoa, ebaluazioa eta benchmarking-a, etab.

 

Zeelanda Berriko Konferentziako ondorio eta eztabaidak

 

Bestalde, aste honetan zehar Zeelanda Berrian argi esan den bezala,  aldaketa bortitzez betetako aro honetan gizarte bakoitzak bere bidea aurkitu behar du garapena eta ongizatea hobetzeko. Eta bide horretan aurrera egiteko, herrialdeetako ekonomiek lehiakorrago izan behar dute. Hainbat faktorek erabakiko dute ekonomia baten lehiakortasuna, hala nola, bere gaitasunek eta atzerriarekiko dauzkan konexioek. Kongresuan bereziki azpimarratu da prozesu horretan lankidetzak duen garrantzia. Testuinguru honetan, Euskadik  bere esperientzia -nazioarteko ordezkariek aitortua izan dena- alderatu du nazioarteko beste esperientzia batzuekin, haiengandik ikasi eta berea aberasteko.

 

Egun bizi dugun krisialdi honetan garrantzitsua da bi mailatako ekonomi eta garapen politikak aplikatzea. Batetik, krisiaren eraginak arintzen dituztenak eta egoera honetatik ateratzen lagunduko digutenak. Bestetik, herrialde eta eskualdeek, bakoitzak bere mailan, epe ertain eta luzeko estrategiak aplikatu behar dituzte beren ekonomiak sendotzeko. Hona hemen politika horien helburuak:

 

- Gizartearen gaitasunak finkatuko dituzten jarduerak garatzea.

- Ekonomiaren eta merkatuaren ikuspegi globala izatea.

- Ezagutza erakarriko duen gune bilakatzea, bereziki jarduera hauetan.

- Gorabidean dauden herrialdeek (bereziki Indiak eta Txinak) sortzen dituzten aukerak aprobetxatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)