Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza sailak 16,4 milioi euro bideratu ditu Gipuzkoako eskola-garraioa kontratatzeko (Gobernu Bilera 2023-2-28)

2023-02-28
  • Gipuzkoan eskola-garraioko 145 ibilbide kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzuaren kontratazioa irekitzea. Zerbitzu hau bederatzi plaza baino gehiagoko edukiera duten ibilgailuekin eskainiko da –gidariarena barne dela- Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduta.

Hezkuntza Sailak 16.419.854 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoan eskola-garraioko 145 ibilbide kontratatzeko Ikasturte honetan, Gipuzkoako ikastetxe publikoetan ikasten duten 7.884 neska-mutil garraiatzen dira egunero, guztira 77 ikastetxeri zerbitzua ematen dieten 145 ibilbideetan. Orotara, Euskal Autonomia Erkidegoan 21.000 ikasle inguru garraiatzen dira egunero Hezkuntza Sailak kudeaturiko garraio zerbitzuetan.

Ibilbide horietako bakoitzak lote bat osatzen du (kontratu bat). Kontratuek 20 hilabeteko iraupena izango dute, uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe, eta luzatzeko aukera izango da.

Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute. Horrez gain, eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruz indarrean den araudiak ezartzen dituzten gutxieneko baldintzak ere bete beharko dituzte.

Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan.

Lizitatu beharreko ibilbide kopuru altua aintzat hartuta, eta enpresa txiki eta ertainei kontrataziorako sarbidea errazteko helburuz, lurralde historiko bakoitzeko kontratazio-espediente bat lizitatuko da. Araba eta Bizkaiko garraio zerbitzuen kontratazioa joan zen abenduan onartu zen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko