Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak milioi bat euroan handitu du 2022ko Udalaguntza deiladia, udal-jabetzako ikastetxeetan hobekuntzak egiteko (Gobernu Bilera 2023-2-28)

2023-02-28
  • Gaur onartutako igoerarekin, 2022ko Udalaguntza deialdiaren aurrekontua 8 milioi eurokoa da
  • Hezkuntza Sailak %60an finantzatzen ditu ikastetxe publikoak dauden udal-titulartasuneko eraikinetan udalek egiten dituzten obrak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Udalaguntza 2022 programaren aurrekontua 1.088.460,80 eurotan handitzea. Programa horren bidez, Euskadiko udalei laguntzak ematen zaizkie, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko.

Udalaguntza 2022 programaren deialdia egiten duen agindua 2022ko irailaren 27an onartu zen Gobernu Kontseiluan, 7 milioi euroko zenbatekoarekin. Horrela, gaur diru kopurua handitzea onartu ondoren, Udalaguntza 2022 deialdiaren guztizko aurrekontua 8.088.460,80 eurokoa da.

Udalek eskaerak aurkezteko epea –joan zen azaroan- amaitu ondoren, 387 eskabide jaso dira, eta horietatik 316k laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzte, eta balorazio-batzordeak onartu egin ditu. Horiei guztiei baiezko erantzuna eman ahal izateko eta dagokien dirulaguntza izan dezaten, Hezkuntza Sailak beharrezko ikusi du 2022ko deialdiaren aurrekontua handitzea.

Udalaguntza

Hezkuntza Sailaren Udalaguntza deialdiak dirulaguntzak ematen dizkie udalei, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeak dauden eraikinetan egiten dituzten obrak finantzatzeko. Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez ematen duen dirulaguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. 2022ko deialdiko laguntzen onuradun izateko, obrak 2022ko urtarrilaren 1 eta 2023ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon.

Irisgarritasuna eta eguneratze lanak

Udalaguntza deialdiaren bide finantzatzen diren obrak mota askotakoak izaten dira, hasi ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanetatik eta eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanetara arte. Eta baita honako hauek ere: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen-zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Dena den, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko