Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak Zaramaga elizan, Martxoaren 3ko Oroimen-espaziorako Fundazioan parte hartzea erabaki du

2023-02-28
  • Hezkuntza Sailak milioi bat euroan handitu du 2022ko Udalaguntza deiladia, udal-jabetzako ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria Gobernuaren bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Fundación Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo fundazioaren eraketan parte hartzea erabaki duela gaurko bileran eta etorkizuneko fundazioaren estatutuak ere onartu  ditu. Prozesuaren hasieratik aurreikusi bezala, erakunde hau fundazio publikoa izango da, hiru euskal erakunde publikok — Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak— eta Gasteizko Elizbarrutiak osatua. Eta ekimen sozialak, hau da, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek, Fundazioaren Patronatuan parte hartuko du lau ordezkarirekin. Bozeramaileak nabarmendu duenez, Fundazioaren eta haren Estatutuen eraketa urrats erabakigarria da, gasteiztar guztien asmo nahia betetzen du eta 1976an izan ziren gertakari tamalgarriei eta injustuei aitortza egiten die. Fundazioa eratzen denetik, Patronatuak zuzenduko du memoriala sortzeko prozesua.

HEZKUNTZA

Bere aldetik, Hezkuntza sailburuak gaur goizean Hezkuntza Sailari lotuta Gobernu Kontseiluaren bileran onartu diren gai garrantzitsu batzuen berri eman du.  

Hasteko, Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen Dekretuan egin diren aldaketak aipatu ditu. Aldaketa esanguratsuenen artean, sailburuak azpimarratu du Dekretuaren erredakzio berriak eskola-maparen kontzeptu malguagoa sartzen duela, “eskola-mapa moldagarriago bat, sor daitezkeen aldaketa sozio-demografikoen arabera aldatuko dena”. Eskola-mapa plangintzarako tresna bat da, euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren eskaintza, barnean hartzen dituen irakaskuntzak eta horiek ematen dituzten ikastetxeak jasotzen dituen antolamendu eta plangintza-tresna.

Era berean, eta joan den azaroan Gobernu Kontseiluak onartutako Onarpen Dekretu berriarekin bat etorriz, erredakzio berriak ikasle zaurgarrientzat plazen erreserba kontuan hartu beharra jasotzen duela gogorarazi du, eskola-plazak planifikatzeko orduan; eta baita hezkuntza-sisteman sartzen diren ikasleen eskolatze orekatuan funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztiek duten erantzunkidetasuna ere, izan ohiko onarpen-prozesuan zehar zein hartatik kanpo. Gainera, aldaketa nabarmenetakoen artean gela bakoitzeko ikasleen gehieneko eta gutxieneko ratioak ezartzen dira. 

Gaur goizean onartutako beste gai garrantzitsu bat, Hezkuntza Sailaren menpeko Gipuzkoako ikastetxe publikoetarako eskola-zerbitzua kontratatzea izan da. Eskola-garraioko zerbitzu hori Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzat izango da eta 16,4 milioi euro bideratuko dira horretarako. “Eskola-garraioa zerbitzu osagarri bat da, baina garrantzi handia ematen diogu, hezkuntzarako sarbidean unibertsaltasuna bermatzen baitu. Etxetik ikastetxera gutxieneko distantzia-baldintza betetzen duten ikastetxe publikoetako ikasle guztiek erabili ahal izango dute zerbitzua”, azpimarratu du Bildarratz sailburuak. 

Lizitatu beharreko ibilbide kopuru handia dela eta, eta enpresa txiki eta ertainei kontrataziorako sarbidea errazteko helburuarekin, Hezkuntza sailburuak azaldu du kontratazio-espedienteak lurraldeka lizitatzen direla. Gogoratu behar da Arabako eta Bizkaiko lizitazioak joan den abenduan onartu zirela.

Hezkuntza sailburuak, halaber, zuzentzen duen sailak udalekin duen koordizazioan oinarritutako erabaki baten berri eman du. Hain zuzen ere, Udalaguntza deialdiaren baitan, Hezkuntza Sailetik bideratzen den aurrekontua milioi bat euro baino gehiago gehitzea onartu baita. Udalaguntza deialdiaren bidez, udal-titulartasuna duten eta hezkuntza publikora bideratzen diren eraikinetako obren kostuaren %60 ordaintzen du Hezkuntza Sailak. “Milioi bat euroko gehikuntza horrekin, deialdiaren aurrekontu osoa 8 milioi eurokoa da. Guztira 316 eskaera onartu dira, jarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren. Gehinenez 360.000 euro jasoko du eskaera bakoitzak”, adierazi du. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Kulturarekin lotuta, alde batetik, Gobernuak 200.000 euro bideratuko ditu 2023. urtean kulturako publikoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko. Sailburuak azaldu duenez, proiektu hauek jarduera bereziak eta espezifikoak izan beharko dira  eta kulturarako sarbidea galarazten edo mugatzen duten oztopoak gainditzeko, publikoekiko harreman-eredu berriak eratzeko, sorkuntza eta kultura-publikoen arteko elkarrekintzaren garrantzia nabarmentzeko edota kultura-publikoek egiten duten praktika aktiboaren garrantzia nabarmentzeko helburua dutenak.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du urtero egiten den Euskadi Literatura sarien deialdia. Guztira zazpi modalitatetan banatzen dira sariak eta aurreko urtean argitaratutako literatura lanen kalitatea saritzea dute helburu, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Modalitate bakoitzak bost kidek osotutako epaimahai bat izango du. Saridunen zerrenda udazkenean ematen da jakitera eta orduan egiten da sariak banatzeko ekitaldia ere. Saridun bakoitzak 18.000 euro eta Jose Ibarrola Bellidok egindako eskultura jasotzen du.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, gainera, kirol federazioen 2023ko kirol-programak finantzatzeko 2.200.000 euroko dirulaguntza deialdia bideratzea onartu da garko bileran. Eskatzaileek kirol-proiektuen azalpen memoria bat aurkeztu beharko dute eta kalifikazio batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu eskabide guztiak. Balorazioa egiterakoan kontutan hartuko dira besteak beste, kirol proiektua, egitura kualifikatua, emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko ekimenak eta euskeraren erabilpena.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)