qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2023/03/03)

2023-03-03

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osakidetzan gertatzen ari den gainbeherari buruz.

Lehendakariak onartu du Osakidetzak gainditu beharreko zailtasunak dituela gaur egun, “onartzen dugu eta kezkatzen gaitu”. Besteak beste, itxaron zerrendak gutxitzen, Lehen Arreta indartzen, zerbitzuak hobetzen eta Osakidetzako langile GUZTIEN lan baldintzak artatzen jarraitu behar dela esan du. Bide horretan, azpimarratu du Osasun Sailak irtenbide adostuak bilatzeko borondatea duela. “Arlo eta maila guztietan gizartearen beharrizanak handitzen ari dira. Gutariko bakoitzaren exijentziak handitzen ari diren bezala. Eta Osakidetzak erantzuna emateko bideak irekitzen jarraitu behar du. Helburua da zuk aipatzen dituzun “irtenbide adostuak” lantzea, lortzea eta bideratzea”, adierazi du. 

Hala ere, Urkulluk nabarmendu du Osakidetza ez dagoela gainbeheran. Adibide gisa Osasun Sistema Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak 2022ko txostenean jasotako irizpide objektiboei egin die erreferentzia, bertan islatzen dena gogoraraziz “Euskadik Estatuko osasun sistema publiko hoberena du”.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, antolamenduari eta plangintzari buruzko dekretuaren inguruan.

Joan den asteartean Gobernu Kontseiluak onartu zuen unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen 2009ko Dekretuaren aldaketari erreferentzia eginez, Lehendakariak azpimarratu du aldaketa horrekin erantzun egiten zaiela hezkuntza-sistemaren plangintzan eta sarbidean egin behar diren aldaketei. Neurri nabarmenen artean, ikasle kalteberentzat plazak gordetzea aipatu du, eskola-plazak planifikatzeko orduan, edo eskola-maparen kontzeptu malguagoa, sor daitezkeen aldaketa sozio-demografikoen arabera aldatuko dena. “Hezkuntzari buruzko Lege berriaren onarpenari esker, lehen aldaketa-sorta hori sendotu eta osatu ahal izango da, eta beste dekretu batean jasoko diren neurri gehigarriak ezarri ahal izango dira”, gaineratu du.

“Bitartean, Gobernua apirilaren 7an sinatutako hezkuntza-itunean hartutako 43 konpromisoak betetzen ari da. Aldian-aldian biltzen den Jarraipen Batzordean betetzen ari garenaren berri ematen ari gara, azkena urtarril honetan, urrunago joan gabe”, adierazi du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Diputatuen Kongresuan onartu berri diren legeek Euskadin duten eraginari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du “Bai bakarrik da bai” Legea onartzea emakumeen eskubideen aldeko borrokan aurrerapauso handia dela. Hori aplikatzeak ekarri dituen ondorio kaltegarriei dagokienez, adierazi du ondorio horiek zuzendu ahal izango direla, etorkizunean, araua aldatuz, nahi ez den interpretazioa saihesten duten eta arau-hausle posibleen segurtasun juridikoa bermatzen duten doikuntzak txertatuz, baita biktimen adostasuna eta babesa funtsezkoak izaten jarraitzeko ere; eta gogorarazi du joan den azaroaren 18an adierazi zuela premiazko irtenbide bat bilatu behar zela, doktrina bateratuz edo Legea aldatuz. Lege horrek EAEn izango duen eraginari dagokionez, Urkulluk esan du Euskal Autonomia Erkidegoan "bai bakarrik da bai" legearen eragina epai judizialen ondorio dela, “Estatuan bezala”.

Trans Legeari dagokionez, Lehendakariak positibotzat jo du, eta LGTBI plus kolektiboaren eskubideak lortzeko aurrerapauso garrantzitsua izan dela adierazi du. Horrez gain, zehaztu du Euskadin euskal lege bat dagoela, 2019an partzialki aldatu zena, eta Ganbera honetan hobekuntza- eta aldaketa-prozesu berri batean dagoela: Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal gazteek ETAren terrorismoari buruz duten ezagutzaren eta kontakizunaren inguruan.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak jarraitutako politikek lagundu dutela eta laguntzen dutela ETAren terrorismoari buruzko kontakizun objektibo eta egiazkoa helarazten.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak duela hamar urte baino gehiagotik abian jarri dituen eta eragin oso positiboa izan duten eta izaten ari diren ekimenetako batzuk errepasatu ditu: Adi-Adian programa, Etikasi programa, Udaberri plana edo Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin degoen akordioa, gazteak memoria eraikitzeko eta giza eskubideak sustatzeko prozesuetan partaide eta protagonista izan daitezen. Urkulluren arabera, programa horiek guztiek helburu komun bat dute: gazteei gertatutakoa izugarri bidegabea eta alferrikakoa izan zela adieraztea. Ez zela inoiz gertatu behar esatea.

“Urteak daramatzagu iraganeko memoria kritikoaren politikak sustatzen eta bultzatzen. Belaunaldi berriekin partekatzen dugun memoria bat, edozein errepikapen saihesteko”, gaineratu du.

Iruzkin bat
  • Argazkia Miguel
    2023-03-05

    Que gobierno es este que no ha hecho mención al día de las enfermedades raras. Seguimos siendo invisibles. Deberíamos reflexionar sobre quien queremos que lleve este país, si personas o políticos.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak