Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak kanpaina bat abiarazi du herritarrak osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten erregistratzera animatzeko

2023-02-27

Osasun Karpeta berriak Osakidetzarekiko harreman-hizkuntza azkar eta erraz aukeratzeko aukera ematen du

 

Osakidetzak kanpaina bat abiarazi berri du herritarrak animatzeko adieraz dezaten zein hizkuntzatan izan nahi duten harremana profesionalekin edo komunikazioak jasotzeko. Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2022-2028 III. Planean jasotako konpromisoetako bat da.

Helburu nagusietako bat da Euskadiko herritar guztiek adieraztea zein den haien lehentasunezko hizkuntza Osakidetzarekin harremanetan jartzeko. Ildo horretan, Osasun Karpeta berria da hizkuntza erregistratzeko tresnarik errazena eta azkarrena eta, beraz, Osakidetzak erabiltzaileei dei egiten die hizkuntza-erregistroa formalizatzeko erabil dezaten. Hala, Osakidetzarekin komunikatzeko lehentasunezko hizkuntza erraz eta modu seguru batean aukera daiteke aukerak/hizkuntza-aldaketa menuaren bidez. Beste aukera bat da hizkuntza osasun-zentroan bertan erregistratzea.

Une honetan, Osakidetzako erabiltzaileen % 77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun-arreta, baina Euskara Planaren helburua prozesu hori amaitzea da. Horrela, Planaren iraunaldia amaitzerakoan, erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin duten komunikazio-hizkuntzaren erregistroa egina izan dezaten saiatuko gara.

Ekimen honen bidez Osakidetzak osasun-arloko komunikazio-hizkuntzaren inguruan erabiltzaileek dituzten lehentasunak ezagutu nahi ditu. Erregistro horren helburua da, eskariaren arabera, asistentzia-maila desberdinetan behar diren osasun-zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea, dela Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan edo Osasun Mentalean.

Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten pertsonen kasuan, bai asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan, bai bestelako identifikazio-elementuetan, ikur urdina agertuko da e letrarekin, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adierazten duena.

Gaur egun, lehentasunezko hizkuntza erregistratu duten pertsona guztietatik (1.764.174) –erabiltzaileen % 77– % 19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela.

EUSKARAREN ERABILERA NORMALIZATZEKO III. PLANA

Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana iaz onartu zen, eta 2028ra arte egongo da indarrean. Planak euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzen ditu, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde guztietan aplikatu beharko dira. Planak jarraipena ematen dio 2003an Osakidetzan hasitako euskararen normalizazio-prozesuari, eta haren helburuak eta ekintzak hiru eremutan egokitzen ditu: euskararen inguruko egungo egoera eta datuak, Osakidetzako asistentzia-maila desberdinak eta planean bertan zehaztutako lehentasun-maila.

 

Informazio gehiago: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-eus/-/euskararen-erabilera/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak