qrcode

Euskadiko Gizarte-Zerbitzuen Sistema hurbiltasun-eredu batean oinarritutako zaintzarekin konprometituta dagoela adierazi du Marian Olabarrietak

2023-02-28
  • “Kontua ez da soilik behar duenari arreta ematea, baizik eta, batez ere, bere ingurunean, bizi den lekuan eta bere premien eta nahien arabera arreta ematea”, zehaztu du
  • Gizarte Zerbitzuen zuzendariak Mendekotasun Legeari buruzko elkarrizketa batean parte hartu du gaur, Servimedia agentziak antolatuta
  • Mendetasun-mailaren eskaerak ebazteko batez besteko denbora lau hilabete eskasekoa da Euskadin, eta Estatu osoan batez bestekoa 342 egunekoa da, ia urtebetekoa

 

Vitoria-Gasteiz, 2023/02/28

Eusko Jaurlaritzako Gizarte zerbitzuetako zuzendari den Marian Olabarrietak gaur adierazi duenez, “Euskadi osoa zaintzarekin konprometituta dagoen herrialde bat da. Laguntza behar duten pertsonekin; eta, era berean, pertsonak zaintzen dituztenekin”. ‘Mendekotasun Legeari eta Autonomia Erkidegoetan duen aplikazioari’ buruzko elkarrizketaren esparruan egin du, Servimedia albiste-agentziak antolatuta.

“Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistemak arreta-eredu bat du, erantzun pertsonalizatua, integrala, jarraitua, hurbila eta deszentralizatua eman nahi duena”, azpimarratu du. “Kontua ez da soilik behar duenari arreta ematea, baizik eta, batez ere, bere ingurunean, bizi den lekuan eta bere premien eta nahien arabera arreta ematea”.

Olabarrieta zuzendariak azaldu duenez, Euskadik hurbiltasunaren aldeko apustua egiten du, eta gure autonomia-erkidegoan, gizarte-politiken esparruan, udalek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ondo markatuta dituzte beren eskumenak. Hala, hiru lurralde historikoek autonomia dute eskumen horien eta beren aurrekontuen araberako ekimenak eta proiektuak sustatzeko, baita mendetasunaren arloan ere. Hiru Foru Aldundiek antzeko arreta-mailak (estaldura) eskaintzen dituzte, berdin-berdinak ez badira ere eredu bera partekatzen dutenak. “Ikuspegi komunitarioa duen eredu bat, arreta hori hurbilekoa izatekoa, gai dena lehentasuna emateko pertsonak beren ohiko bizi-ingurunean mantentzeari”, adierazi du Olabarrietak.

Estatuko Gizarte Eskubideetako Ministerioaren Autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemaren estatistika-informazioaren arabera, 2023ko urtarrilaren 31n, Euskadik 336.616 pertsona ditu mendekotasuna izan dezaketen biztanle gisa, eta 108.729 ebazpen ditu mendekotasun-mailarenak; beraz, batez bestekoaren gainetik dago EAE. Gainera, hiru aldundiek ia 90.000 prestazio ematen dituzte. Bestetik, Olabarrietak azpimarratu duenez, eskaerak ebazteko batez besteko denbora-tartea ez da iristen 137 egunetara Euskadi osoan, “lau hilabete eskas”, eta Estatu osoan, berriz, batez bestekoa 342 egunekoa da, ia urtebete. “Euskadin baino zazpi hilabete inguru gehiago”.

Estatu osoaren eta beste autonomia-erkidego batzuen aldean Euskadik duen posizio hobea “euskal erakunde guztien ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza da”. Izan ere, Olabarrietak nabarmendu duenez, “Euskadin apustu garrantzitsua egin dugu mendekotasuna duten pertsonen aldeko ekintzetara bideratutako gastua ez murrizteko, baliabide propioak erabilita, estatuaren finantziazioa nabarmen murriztu zenean”.

Zaintza-premia handiagoa

Gizarte zerbitzuetako zuzendariak euskal testuinguru demografikoa ere izan du hizpide bere hitzaldian. “Gure populazioa zahartzen ari da, eta gero eta bizi-kalitate handiagoarekin eta desgaitasunik gabeko urte askorekin zahartzen ari da. Baina zaintza instituzionalaren premiak eta eskaerak gora egingo du etengabe, eta adin batetik aurrera, kronikotasun- eta mendekotasun-tasak ere igo egingo dira, intentsitate handiagoarekin 85 urtetik aurrera”.

Eustat Euskal Estatistika Erakundearen proiekzio demografikoei buruzko azterlan baten arabera, 2036an 65 urteko edo gehiagoko biztanleriak gora egitean, orduan, EAEko biztanleria osoaren ia herena izango litzateke, % 29,3. 2036ko horizonte horretan, Eustaten kalkuluen arabera, Euskadin 126.700 pertsona inguru egongo dira 85 urterekin edo gehiagorekin, hau da, biztanleria osoaren % 5,6. 2021ean zenbatutakoak baino 37.200 gehiago izango dira.

Datu horiek mahai gainean jarrita, Olabarrietak nabarmendu duenez, “justizia soziala, berdintasuna eta egungo testuinguru soziala bideratzen ari dira, eta zaintza instituzionalak indartzeko eskatzen dute, batez ere gazteenak eta zaharrenak: modu esanguratsuan eta progresiboan murriztuz familia-zaintzak erakundearekiko duen proportzioa; erantzukizun publikoko zerbitzuak eta funtzioak bultzatuz, familia eta profesional zaintzaileentzako laguntza barne; eta arreta indartuz (lehen eta bigarren mailakoa) erkidegoan”.

“Euskal erakundeen ahalegina ez da soilik gaur egungo eskaerei erantzutea, baizik eta zaintzari jatorritik heltzea” adierazi du. “Zaintza-politika integrala sortu nahi dugu, zaintza ardatz kritikoa baita herrialdearen garapen sozial eta ekonomikorako, eta gai publiko bat da”. “Aurrean dugun testuinguru sozialak eskatzen du zaintza sozialki berrantolatzea, ikusaraztea, baloratzea eta banatzea. Eta zeregin hori gizonek eta emakumeek, erakunde publikoek eta familiek edo komunitateak partekatu behar dute. Baina baita enpresek eta Hirugarren Sektore Sozialak ere”, esanez amaitu du.

Servimediako elkarrizketa

Servimedia albiste-agentziak 'Mendekotasun Legeari eta Autonomia Erkidegoetan duen aplikazioari' buruzko elkarrizketa antolatu du gaur, lurraldeen arabera erregistratzen diren zerbitzuak eta tratu-desberdintasunak aztertzeko. Marian Olabarrieta zuzendariaz gain, Juan Ignacio Vela Lares elkarteko presidenteak, Carles Campuzano Kataluniako Generalitateko Gizarte Eskubideetako kontseilariak, Carmen Navarro PPko Gizarte Politiketako idazkariorde nagusi eta Kongresuko diputatuak, eta Jesús Celada Gobernuko Desgaitasun Politiken zuzendari nagusi ohi eta Madrilgo Asanbladako PSOEko diputatuak hartu dute parte. José Manuel González Huesa Servimediako zuzendari nagusiak moderatu du elkarrizketa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak