Tabako Kerik Gabeko Euskadi
qrcode

Azpiazuk Japoniako erronda itxi du Banku eta aseguru-etxeen ordezkaritza handieneko erakundeetako batzuekin egindako lau bilerarekin, inbertitzaileak erakartzeko

2023-03-01

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak lau bilera egin ditu gaur Japonian ordezkaritza handiena duten erakundeetako batzuekin, euskal zor publikoan inbertitzaileen oinarria handitzeko. 100.000 M € inguru kudeatzen dituen Manulife Japan aseguru-etxean hasi da jardunaldia. Erakunde horrek interes berezia erakutsi du euskal zorraren egoerarekiko eta Euskadik finantzaketaren arloan Estatuarekin dituen aldebiko harremanekiko. Hala, Azpiazuk aukera aprobetxatu du Euskal Ekonomia Ituna baliarazteko, autogobernurako eta erabakitzeko ahalmen handia ematen duen tresna den heinean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako eskumenekin lotuta. Euskal finantzaketa-araubidea kaudimen ekonomikoaren bermea da, eta, aldi berean, erantzukizun handia eskatzen du kudeaketa publikoan. Japoniako erakundeko ordezkariek oso garrantzitsutzat jo dute euskal ordezkaritzak bere herrialdean bere ahalmenak posizionatzeko hartutako ekimena.

Jarraian, Azpiazu eta bere taldea Nomura erakundearekin bildu dira, inbertsioko eta finantza-zerbitzu globaletako bankuarekin. Erakunde horrek 2020an eta azken jaulkipenean Euskadi Bonu Jasangarrian parte hartu du. Egoitza nagusia Tokion du, eta azpiegoitzak ditu Hong Kongen, Londresen eta New Yorken. Mundu osoan 26.000 pertsona inguru enplegatzen ditu. Nomurako ordezkariak ESGko taldekoak dira, zehazki, finantza jasangarrietako zuzendaria eta zor-merkatuetako (bonuetako) zuzendaria, bere taldeetako hainbat lagunekin batera.

Euskadi Bonu Jasangarriaren bidez lortutako finantzaketaren norakoarekiko interesa handia izan da, eta horrek aukera eman du Eusko Jaurlaritzak garatutako Giza Garapen Jasangarriaren estrategia modu zabalean azaltzeko, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz. Gizarte-arloko gaiek, hala nola etxebizitzak, hezkuntzak, osasunak eta gizarte-politikek, galdera asko sorrarazi dituzte, eta, hain zuzen ere, ESGko inbertsio-arduradunak adierazi du Tokion jarraitu beharreko eredutzat balia ditzaketela Tokion.

Ondoren, Sompo AM gestorearekin izan da zita. Aseguru-etxe nagusietako bat da Japonian, eta 50.000 M € inguru maneiatzen ditu aktiboetan. Zehazki, Senior Inbertsioko zuzendariarekin izan da bilera, zeinak interesa erakutsi duen Euskadiko garapen ekonomikoaren indizearekiko eta haren sektore indartsuenekiko.

Jardunaldiko azken topaketa Fukoku Lifen izan da, Japoniako osasun- eta bizitza-aseguratzaile garrantzitsuenean. Bilera horretan lau lagun izan dira euskal errealitate ekonomiko eta soziala ezagutzeko, Euskadi Bonu Jasangarrian bere inbertsioak planteatu ahal izateko.

 “Bilera horien balantzea oso positiboa da, eta gaur Euskadiren ezaugarri ekonomiko, finantzario eta sozialak aurkeztu ahal izan ditugu Eusko Jaurlaritzarekin 2023an harremanak sendotu nahi dituen herrialde bateko inbertitzaile potentzialen aurrean”, adierazi du Azpiazuk.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak