Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak “Ukraina-Euskadi: urtebeteko elkartasunaren memoria” aurkeztu du, Jarraipen Mahaiaren 20. bileran

2023-02-24
  • Ukrainarekiko elkartasunak Euskadin erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza-sare ondo koordinatu gisa funtzionatu duela jasotzen du memoriak
  • Jarraitutako ibilbideak balorazio ona merezi du, eta soila izan behar du: “egin behar zena egin da, besterik gabe”
  • EAEko 1.500 familia inguruk, horietako asko ukrainar jatorrikoak, noizbait hartu dituzte Ukrainako pertsonak eta familiak beren etxean
  • 101 lagunek jaso dituzte osasun-txartelak; 1.027 adingabe matrikulatu dira ikastetxeetan; eta 532, hizkuntza-eskoletan edo HHIn
  • 633 bizikidetza-unitatek jaso dute Azken Sarea Indartzen programaren dirulaguntza. 570 lagunek jaso dute arreta psikosoziala

Gaur, otsailaren 24an, Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuenetik urtea bete denean, Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen-mahaiaren 20. bilera egin da Lehendakaritzan. Ondoren, Ukrainaren eta Euskadiren arteko elkartasuna aitortzeko ekitaldia egin da. 

Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko jarraipen-mahaia 2022ko martxoaren 10ean bildu zen lehen aldiz. Mahai horretako kide izan dira, etenik gabe, Gizarte Politiketako Sailburuordetza, Migrazio eta Asiloko Zuzendaritza, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia, Segurtasun Sailburuordetza, Hezkuntza Sailburuordetza, Etxebizitza Sailburuordetza, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Gobernuaren Ordezkaritza, CEAR, Zehar Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria, ACCEM, Caritas eta Ellacuria Fundazioa.

Bilera horren baitan, Eusko Jaurlaritzak honako dokumentua aurkeztu du: Ukraina-Euskadi: Urtebeteko elkartasunaren memoria. Hamabi hilabete hauetan, 4.180 lagunek eskatu dute aldi baterako nazioarteko babesa Euskadin. DAST edo OTI osasun-txartelak 3.101ek eskatu dituzte. Euskal ikastetxeetan matrikulatutako adingabeak 1.027 izan dira. Bestalde, Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Helduen Hezkuntzako Zentroetan (HHI) matrikulatzea eskatu dutenak 532 izan dira.

Estatuko Harrera eta Aldi Baterako Babes Sisteman (SAPIT) 1.488 errefuxiatu izan dira. Azken Sarea Indartzen programaren laguntza ekonomikoa 1.633 lagunek eta familiak jaso dute. Loturak programaren bidez, 856 lagunek edo familiak laguntza pertsonalizatua jaso dute tokiko harrera-taldeekin. Berritze programari esker, 570 lagunek jaso dute arreta psikosozial pertsonalizatua. Azkenik, Aukerak Suspertzen programari esker, 69 haurrek eta nerabek eskolaz kanpo sendotu dute hezkuntza.

Jarraipen Mahaiaren funtzionamenduari dagokionez, urtebeteko elkartasun-memoriak azpimarratzen du autokritika eta etengabeko hobekuntza izan direla bere irizpidea. Bilera bakoitzean, egituratzen ari zen erantzunaren gabeziak eta hobetu ziztezkeen alderdiak aztertu dira. “Ezin zitekeen bestela izan, gertaera ezezagun bati aurre egin behar geniolako, bai intentsitate eta dimentsio kuantitatiboari dagokionez, bai denboran zehar aurreikusi eta hedatzeari dagokionez”.

Ondorioen atalean, Memoriak adierazten du aurrez aurre izan diren zailtasun eta zalantza guztiak gorabehera, elkartasun urte honetako esperientziak balorazio positiboa merezi duela. Balioespen on horrek soila, zuhurra eta edozein hiperbole edo autokonplazentziatik salbuetsia izan behar du nahitaez: egin behar zena egin da, besterik gabe. Bestalde, ez da ahaztu behar hau erantzun bat izan dela, bizitza-prozesuak hautsi zaizkien errefuxiatuen sufrimendu bidegabeari emandako erantzuna, hain zuzen. Sufrimendu sakon horrek iraun egiten du, elkartasuna gorabehera. Edozein balorazio egiteko, egoera hori izan behar da kontuan.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @fco_granaino
    2023-02-25

    Comentario de Twitter:
    2/4
    https://t.co/j1921pQFAp

    #ActoOficialGobiernoVasco
    #Lehendakari @iurkullu
    #ConsejeríaDeJusticia… https://t.co/zdLzjYcUnh

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak