Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Hezkuntza
qrcode

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren aurkezpena

2023-02-23
  • Plan berriak aurrea hartu nahi die gizarte aldakor baten beharrei, ikasleen erabateko enplegagarritasun lortzea du jomugan, eta 2025/2026 ikasturtean ikasleen %100 Lanbide Heziketa Dualeko euskal ereduan trebatzea du xede, 25.000 enpresa baino gehiagoren parte-hartzearekin.
  • 2022/2023 ikasturte honetan, 46.671 ikasle ari dira Lanbide Heziketa ikasten; horietatik 11.449 eredu Dualean

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, alboan Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo zuela, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana aurkeztu du gaur goizean egindako gosari informatibo batean. Planak euskal LH eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bilakatu nahi du, pertsonen enplegagarritasunaren hobetzea sustatuz.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak iragan azaroan onartu zuen Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana. Bere helburu nagusiak honako hauek dira:     

  • Lanbide Heziketako ikasleen erabateko enplegurantz aurrera egitea.
  • Erabateko eraldaketa digitala garatzea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan.
  • Berrikuntza aplikatuaren bultzada sendotzea ETE eta MikroETEekin, bai eta ekintzailetza-kultura garatzea eta enpresen sorkuntza bultzatzea ere Lanbide Heziketako ikastetxeetan.
  • Euskal Lanbide Heziketaren nazioartekotzea bultzatzen jarraitzea, Europako Batzordearekin abian dagoen lankidetzan indartuz, Lanbide Heziketako bikaintasuneko ikastetxeen Europako sarearen buru izanaz eta lankidetza-proiektuak garatuz Europako beste 47 herrialderekin.

Ekintza horiek Lanbide Heziketaren egungo errealitatetik abiatuta garatuko dira. Errealitate hori oraindik burutzen ari den aurreko plana (LHko V. Euskal Plana) gauzatzearen emaitza da. Euskal Lanbide Heziketak ondoko datuok erakusten dizkigu egun:

  • 46.671 ikasle Lanbide Heziketan 2022/2023 ikasturtean.
  • Lanbide Heziketa DUALA: 2022/2023 ikasturte honetan, 11.449 ikasle 7.542 enpresatan (enpresa kopurua bikoiztu baino gehiago egin da iaztik: 3.155 enpresa ziren 2021/2022an). Horrek ikasleen %30 esan nahi du. Ondorioz, Europako batezbestekoaren gainetik dago Euskadi, eta hazkundea % 100dik gorakoa izan da. 2023/2024 ikasturterako ikasleen % 50 prestakuntza Dualean egotea da xedea; eta % 70, 2024/2025 ikasturterako.
  • Emakumeak Lanbide Heziketan: ikasle guztien % 35 dira; % 12 industria-sektorean; % 24 STEAM sektoretan; eta zientziaren arloan, osasun-arloan bereziki, % 77.
  • Euskara Lanbide Heziketan: 2022/2023 ikasturte honetan, ikasleen % 52k B eta D ereduetan ikasten du (% 59k sare publikoan eta % 41ek itunpekoan).
  • Enplegagarritasuna: % 85,6koa da batez beste; % 90etik gora eta % 100dik gertu dauden familia profesionalak eta heziketa-zikloak daude.

Lanbide Heziketako VI Euskal Plana

Aurkezpen ekitaldian Bildarratzek adierazi duenez, “euskal Lanbide Heziketa aurrera doa erabateko enplegagarritasunerantz eta VI. Planak horretan sakonduko du apustu irmoa eginaz pertsonen ezagueraren, sorkuntzaren eta talentuaren alde, bilatzen dugun teknologia-bilakaerarako oinarri gisa. Aurrera egitea, sistema adimendunen gizarte jasangarria bilaka gaitezen eta Lanbide Heziketari dagokionez nazioartean erreferentzia izaten jarraitzea da helburua”.

Gaur goizean aurkeztu den Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana Lanbide Heziketako euskal sistemaren hurrengo eraldatzea oinarrituko duen instrumentua da. Horri esker, handinahiago eta eraldatzaileagoa den eredu berri baterantz aurrera egingo du Euskadik. Eredu berri horrek etorkizuna izango du jomugan baina, aldi berean, aurreko Lanbide Heziketako Planen garapenari esker sistemak bereganatu dituen funtsezko osagaiak eta sendotasunak izango ditu oinarri eta sostengu.

Euskadik urte asko daramatza bere Lanbide Heziketa enpresen eta pertsonen beharretara egokitzen eta VI. Plan honek ikasleen % 100 Lanbide Heziketa Dualean izan nahi du ikasten, 2025/2026rako.

Horrez gain, egungo lanpostu askoren eraldatzeari eta sortuko diren lanpostu horiei erantzuteko gai izan nahi du Plan honek. Horrexegatik, VI. Plan honek erabateko eraldatze digitala bultzatuko du Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan: bere xedea da ikastetxe guztiak erakunde adimendun bilakatzea 2025/2026 ikasturterako. Ikaskuntza-eredu aurreratuen aplikazioaren bitartez pertsonen talentua sustatu nahi da, gai izan daitezen teknologia digital eta adimendun altuko ekoizpen-ingurune berri baten ondoriozko erronkei aurre egiteko.

Azkenik, Plan berriaren esparruan, Euskadiko Lanbide Heziketak klima-aldaketaren, berotze globalaren eta ingurumen-kutsaduraren arazoei loturiko erronkei erantzuna ematen eta lurraren eta pertsonen osasuna hobetzen eta itsasoak eta ozeanoak berroneratzen lagundu nahi du. Horretarako, Europako Itun Berdea eta 2030 Agenda izango ditu bide-orri.

VI. Planaren erronkak

Hemendik aurrera, VI. Plana arian-arian ezarriz, Hezkuntza Sailak datozen urteetarako erronka nagusiak identifikatu ditu:

  • Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle guztiek eredu Dualean ikastea 2025/2026 ikasturterako.
  • Lanbide Heziketa Duala: 25.000 enpresa lankidetzan ikasleen prestakuntzarako
  • 55.000 ikasleko kopurua gainditzea 2028/2029 ikasturterako.
  • Ekintzailetza-kultura lantzen jarraitzea 75.000 ikasle baino gehiagorekin; eta 300dik gora enpresaren sorkuntza bultzatzea.
  • 2024/2025 ikasturterako ikasleen %60k B eta D ereduetan egingo ditu ikasketak
  • Berrikuntza aplikatua: Lanbide Heziketako ikastetxeek 3.000 ETE eta mikroETE baino gehiagorekin lan egitea eta berrikuntza aplikatuko 2.000 proiektu baino gehiago garatzea, produktuetan zein produkzio-prozesuetan.
  • lankidetza sustatzea LHko ikastetxeen eta 3.000 ETE eta MikroETE baino gehiagoren artean eta produktuei eta ekoizpen-prozesuei aplikaturiko 2.000 berrikuntza-proiektutik gora garatzea.
  • Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak erakunde adimendun bilakatzea 2025/2026 ikasturterako.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak