Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak 429.000 euro bideratu ditu doktoretza ondoko ikertzaileen atzerriko egonaldietarako (Gobernu Bilera 2023-2-21)

2023-02-21

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzenduriko laguntzak deitzen dituen agindu bat. Laguntza deialdi honek 429.258 euroko zenbatekoa du orotara eta ikertzaile doktore horiek atzerriko egonaldietako zentroetan dauden bitartean izan ohi dituzten ostatu eta mantenu-gastuak finantzatzea du helburu.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzak 2022-2023 ikasturterako deitua duen Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programaren onuradunek. Ezinbesteko baldintza izango da ikertzaile horiek jardunean egotea, doktoretza ondoko laguntzen lehen edo bigarren urtean. Ostatu eta mantenu-gastuetarako ematen den laguntza hau Doktoretza ondoko programako gainerako laguntzen osagarri da, eta 27,35 eurokoa izango da zenbatekoa atzerrian emandako egun bakoitzeko. Egonaldia 2023 urtean hasi beharko da.

Joan den 2022an, doktoretza ondoko programako 43 doktorek jaso zituzten atzerriko egonaldiak finantzatzeko laguntza hauek.

Doktoretza Ondoko Hobekuntza Programa

Doktoretza ondoko programaren onuradun diren ikertzaileek lan-kontratu bat sinatzen dute ikerkuntzan diharduen euskal erakunde batekin, gehienez ere lau urterako. Erakunde edo ezarpen-zentro hori unibertsitate, ikerketa-zentro edo osasun-ikerketako institutu bat izan ohi da, I+Gean gaitasuna eta jarduera egiaztatua duena eta egoitza soziala Euskadin duena.

Doktoretza ondoko hobekuntzako 48 hilabete horien barruan, gehien 24 hilabeteko iraupena izango duen lehen fasean, doktorea bere ezarpen-zentrotik atzerriko ikerketa-zentro batera joan ohi da, ikerketa-proiektu bat garatzeko. Bigarren fasean berriz, ikertzailea Euskadiko ikerketa-talde batean txertatuko da. Gaur Gobernu Kontseiluak onartutako laguntza atzerrian burutzen den lehen faseko egonaldi-gastuetarako jasoko du doktoreak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko