Eman odola!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Jaurlaritzak 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzat hilean 200 euroko diru laguntzak onartu ditu

2023-02-21
  • Laguntza horiek bideratzeak ekarriko duen kudeaketa-kargaz jabetuta, lantaldea handitu egin da eta 60 pertsona gehiago arituko dira eskaerei erantzuna ematen
  • Gobernu Kontseiluak Euskadiko “Suteen prebentzio eta itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Lege Proiektua” onartu du 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin batera. Erkorekak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Euskadiko “Suteen prebentzio eta itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Lege Proiektua” aurkeztu du. Arau horrek larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako oinarrizko zerbitzuetako bat arautuko du. Azaldu duenez, lehenbiziko aldiz, plantilletako emakumeen presentzia eskasa zuzentzeko neurriak, arauketa espezifikoa, jasoko du, Euskadiko Poliziaren Legean Ertzaintzarako eta Euskadiko udaltzaingoetarako ezarritakoa bezalakoa. 

Bere aldetik, Gobernuaren bozeramaileak jakitera eman du Jaurlaritzak 110 milioi euroko zuzkidura onartu duela 2023rako, 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzat, urtean 2.400 euro jaso ahal izateko seme edo alaba bakoitzeko. Gainera, laguntza horiek zerga-kenkariei eta lehendik bultzatutako beste neurri batzuei gehitu ahal izango zaizkie, hala nola Haurreskolen doakotasunari edo kontziliaziorako laguntzei. Laguntza hauen bidez, Bingen Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak hazkuntza erraztu nahi du eta baldintzak sortu nahi ditu familiek nahi duten seme-alabak izan ditzaten baldintza ekonomiko hobeagotan.

Laguntza horiek bideratzeak ekarriko duen kudeaketa-kargaz jabetuta, lantaldea handitu egin da eta 60 pertsona gehiago arituko dira eskaerei erantzuna ematen. Horrez gain, komunikazio-lineak gaitu dira, hala nola telefono propio bat (945-062 040), helbide elektroniko bat (umeak@euskadi.eus) kontsultei erantzuteko, eta atal bat dago ere euskadi.eus/hilekolaguntzak webgunean, prestazio berri hauekin lotutako galdera arruntenei erantzuteko.

Martxoak 1etik aurrera eskatu daitezken prestazio hauei esker 65.000 pertsonak baino gehiagok izango dute seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntza berriak jasotzeko eskubidea.

GAUEKO AISIALDIKO LOKALEN SEGURTASUNA

Gaueko aisialdiaren esparruan arma zurien eta objektu arriskutsuen erabilera areagotzearen testuinguruan, Segurtasun sailburuak azaldu du Saila harremanetan dagoela hiru lurraldeetako ostalaritzako ordezkariekin, azken gertakarien ondoren piztutako alarmari erantzuteko.

“Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Erabiltzearen aurkako Ekintza Plana”ren esparruan, Erkorekak adierazi du aisialdirako lokalak banan-banan aztertzea erabaki dela, kasuistika oso heterogeneoa delako eta gaueko aisialdia inolako arazo edo gorabeherarik gabe garatzen den establezimenduentzat kaltegarriak izan daitezkeen neurri orokorrak saihestu nahi direlako. “Kasuz kasu jardutea erabaki dugu. Aisialdirako lokal bakoitzaren eta bere ingurunearen segurtasuna aztertzen ari gara, leku bakoitzeko arazoaren tamainari erantzun zehatza eta mugatua eman ahal izateko”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaurko Kontseiluak kreditu bat erreserbatzea onartu du, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Bilboko Buenos Aires kaleko 10. zenbakian dagoen Telefonicaren eraikin zaharra erosteko prozesuari aurre egiteko. Bozeramaileak azaldu duenez, esmoa da eraikina Bizkaiko hiriburuko ekipamendu judizialean sartzea, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen etorkizuneko egoitza gisa, eta gune bakar batean bateratzea hainbat zerbitzu, hala nola Auzitegiko Institutu Anatomikoa, laborategiak eta Institutuaren beraren bulegoak, bai eta Balorazio Integraleko Auzitegiko Medikuntza Unitatea eta Auzitegiko Medikuntza Klinika ere. Salerosketa-eragiketa 15 milioi euro ingurukoa izango da, eta Bilboko ekipamendu judizialean 5.000 metro karratu baino gehiago sartuko dira, sotoan eta bost solairutan banatuta.

Kultura arloan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2023ko ekitaldian arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) sustatzeko prestakuntza, sustapen edo erakusketa programa eta jardueretarako deialdia. Guztira 825.000 euro banatuko dira dirulaguntza hauetan. Iazko deialdian, deialdi berdina egin zen eta 155 proiektu babestu ziren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eskutik.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @mirenepalacios
    2023-02-21

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco aprueba ayudas para familias con hijos e hijas menores de 3 años de 200 euros mensuales #Euskadi https://t.co/YLUsgovJDg

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak