Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Bruselan da kultura-turismoaren arloko Europako agintari nagusiekin lan-bilerak egiteko

2011.eko abenduak 01

Antonio Rivera, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, eta Ana Izaguirre, Basquetourreko zuzendari nagusia, izango dira ordezkaritzaren buru

Europako Parlamentuko lehendakariorde Miguel Ángel Martínezen gonbidapena onartuz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila (Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez) kultur ibilbideekin eta kultura-turismoarekin lotutako misio bateratu batean parte hartzen ari dira.

Horrela,Euskadiren EBeko Ordezkaritza lankidetzan, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Antonio Rivera eta Basquetourreko zuzendari nagusi Ana Izaguirre buru direla, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat zenbait agintarirekin bilduko da Europako Parlamentuan.

Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak kultur ibilbideei eta kultura-turismoari buruzko azterlan bat egin dute. Azterlan horretan, besteak beste, gai honi lehentasuna ematen diezaioten eskatzen zaie Europako erakundeei, eta aurrekontu-partida garrantzitsuak gorde dira azterlan hori garatzeko. Azterlan horretan, adibidetzat jartzen da Eusko Jaurlaritzak Santiago bideari buruz egindako txostena. Antonio Rivera sailburuordeak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza Santiago bidearen iparraldeko ibilbideak nabarmentzeko egiten ari den lana aurkezpen-txartel bikaina da Bruselak martxan jarri duen "Kultura Ibilbideak" izeneko proiektuan aitzindari izan gaitezen. Iparraldeko bi Santiago bideek eta labar-pinturen ibilbideak lehen mailako kultur ibilbideetan kokatzen dute Euskadi. Batak eta besteak aukera handiak eskaintzen dituzte, bai kultura eta ondareari dagokienez, bai ekonomiari eta turismoari dagokienez ere; horrela, erakunde ekonomikoek ibilbide horiek eta beste kultur ibilbide batzuk garatzeko ezarri dituzten prozedura eta baliabideak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditugu.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza Bruselara etorri da bertatik bertara ezagutzeko lantzen ari diren edo datozen urteetan landuko diren ardatz, programak eta lan-ildoak. Horretarako, bilerak izan ditu Europako Alderdi Popularreko Carlo Fidanza eurodiputatuarekin, Europako Batzordeko Turismo Unitateko Alain Liberos eta Judith Estolekin, eta Europako Kontseiluaren Bruselako ordezkaritza-bulegoko zuzendariondoko Humbert de Biolleyrekin. Euskadiko ordezkaritzak Euskadin egiten ari diren lana azaldu du, bi erakundeen artean harreman zuzena ezartzeko asmoz, eta, horrela, etorkizunean lankidetza eta lan proiektuak ezar daitezen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)