Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Kluster eta berrikuntza arloetako mundu osoko adituek Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Lehiakortasuneko Plana ezagutu dute Zeelanda Berrian

2011.eko azaroak 30

Kluster eta berrikuntza arloetako mundu osoko adituek Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Lehiakortasuneko Plana ezagutu dute Zeelanda Berrian

  • - Industria Saileko Plangintza eta Estrategia zuzendari Inmaculada Freijek hitzaldi bat eman du gaur The Competitiveness Institute (TCI) erakundearen 14. Urteko Konferentzian.

  • - Bihar Orkestrako Lurralde, Berrikuntza eta Kluster arloko James Wilson ikerlari seniorraren txanda izango da.

 

Kluster eta berrikuntza arloetako mundu osoko 3.000tik gora adituk ezagutu dituzte gaur Zeelanda Berrian Eusko Jaurlaritzaren  2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren alderdi nagusiak. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Plangintza eta Estrategia zuzendari Inmaculada Freijek aurkeztu du aipatu plana The Competitiveness Institute (TCI) erakundearen 14. Urteko Konferentzian, aste honetan kluster eta berrikuntza arloetako munduko aditu handienak biltzen dituen biltzarrean.

Freijek Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko José Luis Curbelo zuzendari nagusiarekin batera parte hartu du Harvard Business School-eko Christian Kettels irakasleak moderatutako Klusterrei eta Gobernu Politikei buruzko mahai-inguruan. Bere hitzaldian azaldu du Lehiakortasun Plana espezializazio adimentsuko estrategia bat dela eta hain zuzen Europar Batasuna kontzeptu hori sustatzen ari dela une honetan. Hitzaldi berean parte hartu duen ordezkari daniar batek Danimarkako kluster politikaz hitz egin du eta ordezkari portugaldarra berriz nazioartekotze politikez mintzatu da.

Industria Saileko zuzendariak azaldu bezala, "Lehiakortasun Planaren barruko ekimen bat da enpresen arteko lankidetza sustatzea klusterren eredua oinarritzat hartuta. Dokumentuak proposatzen duen helburu nagusia da lankidetza eraginkor hori bultzatzea euskal eragileen eta beste zonalde batzuetako elkarte eta sareen artean. Garrantzi berezia eman nahi zaie existitzen diren edo sortzen ari diren klusterrei, lehiakortasunaren ardatza direlako eta jarduera berriak sortzen dituztelako, bestalde, klusterren barneko proiektu eta ekintzak bultzatuko dira, bai eskualde mailan eta bai eskualdez gaindi ere".

Orkestrako Lurralde, Berrikuntza eta Kluster arloko James Wilson ikerlari seniorrak bihar parte hartuko du "Competitiveness interventions: What's around the corner?" saioan "Analysis of the drivers of competitiveness of regional economies" hitzaldiarekin eta Europako eskualdeen lehiakortasuna baldintzatzen duten faktoreei buruz hitz egingo du. Lan hau European Cluster Observatory II proiektu europarraren barruan dago, Orkestrak aktiboki parte hartzen baitu proiektu horretan. Azterlan honetan esaten da klusterretako dinamika dela Europako eskualdeen lehiakortasuna baldintzatzen duen faktoreetako bat.

Aste osoan zehar, Zeelanda Berrian bilduko dira kluster eta berrikuntza gaietan jarduten duten munduko aditurik handienak. TCIk urtean lau konferentzia antolatzen ditu, Europan bata eta Asian, Latinoamerikan eta Afrikan beste hirurak. Ondoren, hemen hizpide dugun konferentzia globala antolatzen du.

Sareak 100 herrialdetako 3.000 aditu elkar konektatzen ditu.  409 kide aktiboz osaturik dago, nazioko eta eskualdeko agentziak, kluster-elkarteak, erakunde akademikoak eta beste konpainia batzuk barne. Sarearen konferentziek 900 aditu bildu dituzte aurten.

Klusterren, lurralde-lehiakortasunaren eta berrikuntzari eman beharreko laguntzaren garapen-praktikan aurrerabidea sortzeko foro bihurtzea da klusterren sare garrantzitsuenak biltzen dituen munduko sare horren helburua, profesional eta ikertzaileentzat TCI komunitatean elkargune izateaz gainera. Azken ideiak aztertzeko eta klusterren eta lehiakortasunaren alorrean profesional eta analistentzako etorkizuneko erronkak eztabaidatzeko gunea izan nahi du.

Aste honetako hitzordua aukera bikaina da kluster politiken arduradunek eta akademikoek elkarrekin aurrera egin dezaten etorkizuneko erronkak ulertzeko bidean eta halaber ikuspegi praktikoak ere eztabaidatuko dituzte, esaterako, turismo iraunkorraren sektoreko lehiakortasuna, IKT, bio eta nano sektoreak, espezializazio adimentsua, kudeaketa taldeak, jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa, sormena eta lankidetza, lidergoa, ebaluazioa eta benchmarking-a, etab.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • - Industria Saileko Plangintza eta Estrategia zuzendari Inmaculada Freije