
Melgosak dio bere sailak “lanean jarraituko duela egoitza-zentroen erabiltzaileei ematen zaien arretaren kalitatea sustatzeko”
- Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin duen lehen interpelazioari erantzun dio
Vitoria-Gasteiz, 2023/02/17
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa gaur agertu da lehen aldiz Eusko Legebiltzarrean. Ostiral honetako Kontroleko Osoko Bilkuran egin du, adinekoen egoitza pribatuei buruzko interpelazio bati erantzuteko. Bertan, Melgosak berriro esan du orain zuzentzen duen sailak lanean jarraituko duela “egoitzetako erabiltzaileen arretaren kalitatea bultzatzeko”.
“Lehen interpelazio honetaz baliatu nahiko nuke Eusko Legebiltzarrean nire konpromiso pertsonala azpimarratzeko, orain zuzentzen dudan sailak egiten ari zen lanarekin jarraitzeko. Adinekoentzako eta bestelako kolektiboentzako arretari dagokionez, oso lerro markatua duen departamentuarekin. Helburu argiak ditugu. Bide markatua, eta emandako pausoak", adierazi du Nerea Malgosa sailburuak.
Nerea Kortajarenak (EH BILDU) adinekoen egoitza pribatuetako klausulei buruz egindako interpelazioan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hiru ideia nabarmendu ditu: batetik, Eusko Jaurlaritzak ez duela eskumenik bi aldeen artean askatasunez eta borondatez ezartzen diren kontratu pribatuetan; bigarrenik, Foru Aldundietako ikuskaritza-zerbitzuak arduratzen direla egoitza-zerbitzuekin lotutako araudia betetzeaz; hirugarrenik, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak ez daude Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak jasotzen duen moduan.
Sailburuak nabarmendu duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren 3.4.1 fitxan hitzez hitz adierazten denez, “Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren helburua da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik kanpo, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio edo zerbitzu baten antzeko ezaugarriak dituen prestazio edo zerbitzu baterako sarbidea erraztea, baldin eta prestazio edo zerbitzu hori jasotzeko eskubidea aldi baterako bermatu ezin bada, sistema horren barruan dauden zerbitzuen esparruan, ez dagoelako, behar besteko estaldurarik”.
Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan ez dauden arren, sailburuak adierazi du bere sailak prestazio horiei buruzko “hausnarketa” egiten duela. “Hala adierazi dugu Gizarte Zerbitzuen Lehen Plan Estrategikoaren ebaluazioaren aurkezpenean, eta bukatzear gauden Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoan ere jaso dugu", azaldu du.
Era berean, Melgosak gogorarazi du Gizarte Politiken Sailburuordetza egoitzen Dekretua berrikusten ari dela. “Dokumentu horretan, pandemiak utzi dizkigun ikaskuntzak eta Agenda Nagusiko parte-hartze prozesuaren ondorioak jasoko ditugu”, esan du.