Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

Javier Hurtado sailburuak eskatu du etxebizitza turistikoak merkaturatzeko plataformetarako kontrol- eta gardentasun mekanismoak biltzen dituen Europako araudi bat

2023-02-17

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Kontroleko Osoko Bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilera turistikoko etxebizitzei eta logelei buruzko Dekretua betetzea bermatuko duten neurriei buruzkoa, EH Bilduk egindako interpelazio parlamentarioari erantzuteko. Sailburuak berretsi du beharrezkoa dela Europako araudia arautzea, merkaturatze-plataformekiko kontrol- eta gardentasun-mekanismoak bilduko dituena; izan ere, iraupen laburreko ostatuen alokairu-zerbitzuei buruzko datuak biltzeari eta trukatzeari buruzko Erregelamendua lantzen ari da Europar Batasuna. Turismo Sailak Eskualdeetako Komitearen bitartez laguntzen du, martxoaren 15ean eta 16an Bruselan eztabaidatuko den Irizpenari zuzenketak eginez.

Sailburuak azaldu duenez, erabilera turistikorako etxebizitzen eta logelen hazkundeak egonkortzeko joera du, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan izena ematen hasi zirenetik 6 urte igaro ondoren (2016an Turismoaren Legea onartu ondoren). Gainera, adierazi du etxebizitza guztiak kontuan hartuta haien ehunekoa oso txikia dela. “EINen azterketaren arabera, ehuneko hori Estatuko % 1,13ko batez bestekoaren oso azpitik dago; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan % 0,39 da, autonomia-erkidego guztietako ehunekorik txikienetakoa”.

Era berean, sailburuak azpimarratu du fenomeno globala dela, eta milaka herrialde, eskualde eta hiriri eragiten diela. “Eta bertan administrazio asko nahastuta gaude, bakoitza bere eskumen arautzaile eta zehatzaileekin. Europar Batasuna, gobernu nazionalak, gobernu autonomikoak, aldundiak —bereziki Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan—, eta udal guztiak”.

Zentzu horretan, sailburuak interpelazioari erantzun dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ekintzak aztertuz —gainerako administrazioekin lankidetzan—, baita etorkizuneko proiektuak aztertuz ere. “Udalekin lankidetza-protokolo bat adostu dugu eta Foru Aldundietara informazioa igortzen dugu. Turismo-erabilerarako etxebizitzak eta logelak arautzeko Dekretua egin dugu; ikuskatzaile-taldean 10 pertsona gehiago jarri ditugu lanean; salaketa-postontzi bat jarri dugu, informazio- eta ikuskapen-kanpainak egin ditugu, eta 2023rako berariazko beste neurri batzuk prestatzen ari gara. Emaitzak hauek dira: 800 egiaztapen-espediente baino gehiago, 90 zehapen-prozedura 2022an eta beste 109 proposamen izapidetzen. Eta Europan hainbat ekimenekin eta merkaturatze-plataformekin elkarlanean ari gara, ez baitiogu lan egiteari eta aurrera egiteari utziko”.

Etorkizuneko ekintzei dagokienez, sailburuak iragarri du ikuskapena areagotu egingo dela, 2023rako erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak ikuskatzeko plan espezifiko baten bidez.

Era berean, erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen jabe guztientzat informazio-kanpaina bat jarri da abian, beren etxebizitzen alokairua bizitegi-alokairu bihurtzeko aukerari eta tresnei buruz azalpenak emateko eta sentsibilizatzeko. “Informazio hori Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin elkarlanean prestatu dugu, eta bertan laburbiltzen dira etxebizitza alokairu publikoan jarri nahi duen edozein jabek dituen aukerak”.

Hirugarrenik, “gure lan-ildoak erabilera turistikorako etxebizitza horiek merkaturatzeko eta sustatzeko plataformetara ere bideratzen dira. Plataformekin lanean ari gara eta hainbat bilera egin ditugu akordio espezifikoak lortu ahal izateko. Eta negoziatzen jarraituko dugu, nahiz eta jakin ez dugula haiek zehatzeko eskumenik erregistro zenbakia sartzea bezalako baldintzak betetzen ez diren kasuetan".

Ildo horretan, sailburuak plataforma horiek kontrolatu eta arautuko dituen Europako araudi bat eskatu du, eta gogorarazi du Europar Batasuna lanean ari dela iraupen laburreko bizitokien alokairu-zerbitzuei buruzko datuak biltzeari eta trukatzeari buruzko erregelamendu batean. Turismo Sailetik, Kanpo Harremanekin koordinatuta, elkarlanean ari gara Eskualdeetako Komitearen Irizpenari zuzenketak jartzen. Irizpen hori martxoaren 15ean eta 16an eztabaidatuko da, Bruselan.

Sailburuak EH Bilduri eskatu dio ildo horretan ere lan egin dezala, “gure lanari zuen kezka gehitu nahi diogulako. Horregatik, proposatzen dizuet, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Merkataritza, Turismo eta Kontsumo Batzorde honek koordinatuta, ordezkaritza bat antola dezagula Europako Batzordera joateko eta eurodiputatuei gure ikuspegia planteatu ahal izateko erabilera turistikoko etxebizitzen Europako erregulazioaren inguruan”.

Era berean, sailburuak berretsi du beste erakunde eta eragile batzuek ere parte hartu behar dutela, hala nola EUDELek, “udal txikienei lanean aritzeko gida bat izaten lagunduko dieten protokoloak egiteko”, edo Foru Aldundiek, informazioa “alde bakarretik” bakarrik ez partekatzeko eta horrela beste kontrol-tresna bat izaten lagun dezan. Horrez gain, Parlamentuko Batzordearen parte hartzea ere eskatu du “Europako araudia egiten laguntzeko; izan ere, udalerrien toki-eremuez gain, Europako eremuan jokatzen dugu gehien eta eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu”.

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-02-18

    Baliteke legez kanpoko alokairuen kopuru espekulatibo bat egotea, baita gelaka ere, prezioa eta kanpoko eskaria artifizialki igotzen dute.

  • Argazkia Xaver
    2023-02-18

    Puede que haya un número especulativo de alquileres ilegales incluso por habitaciones incrementan artificialmente el precio junto además, demanda del exterior

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak