
Lehendakariak “adostasunaren eta elkarrizketaren” alde egin du etorkizuneko erronkei aurre egiteko
- Iñigo Urkullu arduratu da WORKinLan Summit enpleguari buruzko nazioarteko topaketa ixteaz
- Egun hauetan bildu dira Bilbon eremu akademiko, politiko eta sozialeko 600 ordezkari inguru
Lehendakariak etorkizuneko erronkei “adostasunetik eta elkarrizketatik” aurre egitearen alde egin du, batez ere gure ongizaterako funtsezkoa den eremu batean, hots, lanean eta enpleguan. Iñigo Urkullu arduratu da WORKinLan Summit ixteaz. Enpleguari buruzko nazioarteko topaketa da, eta egun hauetan bildu dira Bilbon, eremu akademiko, politiko eta sozialeko 600 ordezkari inguru. Topaketa Lan eta Enplegu Sailak antolatu du (Idoia Mendiak zuzentzen du eta itxieran ere bertan izan da), bai eta Iseak Fundazioak ere (Euskadiko Enpleguaren Liburu Zuria egin duenak eta saioetan aurkeztu duenak).
Liburu honetan jasotzen diren gogoetei dagokienez, Lehendakariak eskertu du lan honen ausardia, etorkizunera begiratzen duelako eta etorkizunari aurrea hartzeko ahalegina delako, protagonistei beren kezkak, arazoak eta etorkizuna ikusteko moduak galdetuz.
Hiru erronka global
Lehendakariak ziurtatu duenez, interpelatzen dizkiguten hiru erronka globalak klimaren eta energiaren erronka dira; erronka digitala eta teknologikoa, erronka soziala eta demografikoa, eta hirurek zuzenean eta zeharka eragingo diote enpleguari. Horregatik, erronka horiei ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egitearen alde agertu da, gazteei eta emakumeei protagonismoa emanez.
Puntu honetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lana defendatu du, funtsezko tresna baita – esan du – kalitatezko enplegua defendatzeko, eta ziurtatu du, laguntza eta orientazio zerbitzu horri esker, urtero ehunka pertsonak lortzen dutela beren helburua, hau da, etorkizuneko itxaropenak betetzeko ahalbidetuko dien enplegua aurkitu ahal izatea.
Iñigo Urkulluk adierazi du enplegua eta susperraldi ekonomikoa direla Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburuetako bat, eta hori lortzeko abian jarritako 12 ekimenetako batzuk aipatu ditu. Iazko urtea aurreikusitakoa baino hobeto amaitu zela gogorarazi du, eta, aldi berean, helburua egungo langabezia-tasa % 8,5etik jaistea dela ziurtatu du. “Ziur nago Liburu Zuri honek lagunduko duela etorkizun hurbilean enplegu-tasa eta kalitatezko lanen tasa handiagoak izaten. Hori da denok partekatzen dugun lehentasuna”- amaitu du.